Betidanik izan dut jakinmina hitz horren inguruan, nire izena bera baita. Noski, hasi aditzaren errotik eratortzen da, baina askotan galdetu didate ea zergatik ez den hatxez idazten. Pertsona izen honen jatorrira joz gero, XIX. mendeko “Amaya” eleberrian topatuko dugu bere lehendabiziko agerpena. Frantzisko Navarro Villoslada idazle karlista nafarrak Asier izena asmatu zuen hiru arrazoitan oinarrituz: Amaia protagonista eponimoaren kontrapuntua, Xahoren Aitor pertsonaiaren oinordea, eta Bibliako Asher izenarekiko antzekotasuna.
Amaya jatorriz Burgoseko toponimo kantabriar bat da (Antzinatekoa), baina Navarro Villosladak euskararen amaitu aditzari lotu zion, “amaiera” esanahia emanez; horren kontrakoa Asier gizonezkoa izan beharko litzateke, Euskal Herriaren alfa eta omega. Asier izena sortzean Aitor eredu izan zuen (aitoren seme “noble”, literalki “aita onen seme”), biak a- batekin hasi eta -r batekin amaitzen direlako, baina batez ere Jakob israeldarren patriarkaren semea zen Asher baliatu zuen, izen judua delako. Gaztelaniazko Biblian Aser du izena Jakoben semeak, x (sh) hotsa ezin baita erdal grafian islatu. Kontua da Navarro Villosladaren liburuan Aser izeneko judu bat Euskal Herrian agertzen dela, eta euskaldunek, bere izena gaizki adituta, promestutako Asier (Baskoniako erregea izatekoa) dela uste dute; nahasketa hori buruan zuela asmatu zuen Asier izena. Izan ere, izen juduagatik izan ez balitz, Asier-ek ez zuen itxura hori edukiko, hasierako hasperenik gabe (garai hartan Hego Euskal Herriko euskaran hatxerik gabe idazten bazen ere) eta -era euskal atzizkia desitxuratuta, Aser-en amaiera kontsonantikoarekin bat etortzeko.
Horiek horrela, hasi aditzaren erroa *has dugu, hitz eratorrietan ikusten den bezala: haste (hasten, hasteko, hastera… beharbada aste-ren jatorria, hasperenik gabekoa izanda ere), hastapen, hasberri… hasi-ren -i amaiera euskararen partizipio marka zaharra da eta. Partizipio horren gainean ere forma atzizkidun batzuk sortu dira, adibidez, hasiera “hasteko era” (hasikera mendebaldeko aldaera dialektalak -kera atzizkiaren forma berria dauka, eta hasera gipuzkoarra erroaren gainean eratu da) eta hasikin, -ki(n) “zati, puska” atzizkiarekin. Interesgarriagoa da errotik zuzenean osatu zen hatse “hasiera” Ipar Euskal Herrikoa, eta hortik irten diren hatsarre eta hatsapen bezalakoak, horietan euskal fonetika zaharraren gertakari bat lekukotzen baitugu: hitz amaieran txistukariak (s, z) afrikari bihurtu zirela (*has- > *hats; *gaz- > gatz), bokal artean gorde diren arren (*has- + -i > hasi; *gaz- + -i > gazi). Eta zergatik hatse eta ez hats? Ba seguruenez hats “arnasa” izena badugulako, eta baliteke biak erro berberekoak izatea; Lakarra eta Manterolaren hiztegi etimologikoaren arabera “hats eman” semantikatik sortu zitekeen “hasi” esanahia. Lotura etimologiko-semantiko hau egiazkoa izatekotan, hasmenta “hasiera” hitzak txiste barregarria izango luke “menta” eta “hats” osagaiekin.
Edozelan ere, euskara batuan hatsarre erabiltzen dugu zentzu jakin batean (arau edo lege baten “printzipio” edo “oinarri”), noizbait erabaki baitzen adiera teknikoetan ekialdeko sinonimoak baliatzea, eta gaurko euskaran kultismoen papera betetzen dute (latinismoek bezala gaztelaniaz), ez eguneroko adigaiak izendatzeko, nahiz eta Ipar Euskal Herriko hizkera askotan horrexetarako erabili (hatsarre “hasiera” baino ez da).
Bitxikeria gisa, Japonian nengoela ikasi nuen Hajime pertsona izena existitzen zela, “hasiera” esanahiarekin. Are gehiago, haji- erroa duten bi aditz daude japonieraz: hajimaru iragangaitza (euskaraz IZAN laguntzailea hartuko lukeen aditza, “hasten da” modukoa) eta hajimeru iragankorra (euskaraz *EDUN laguntzailea hartuko lukeen aditza, “hasten du” modukoa). Benetan euskararen formetatik zein hurbila den ondo irudikatzeko, esan dezadan gaur egun haji- ahoskatzen bada ere azken silabak palatalizazioa jasan duela, eta garai batean *hazi- zela. Hobeto azaldu nezake: japoniera silabetan idazten da (kontsonantea + bokala: Ca, Ce, Ci, Co, Cu), eta txistukarien saileko silaba i-dunek beti-beti txistukari sabaikaria (edo palatala) dute, hau da, <si> idazten da, baina shi (xi) ahoskatu, eta <zi> idazten da, ji (j ingelesarekin) ahoskatu arren. Gainera, si eta zi silaben arteko aldea kontsonante ahoskabea (s) edo ahostuna (z) izatea da; bi kontsonante motak bereizteko tileta batez baino ez da markatzen (hiragana izeneko zeinutegi japoniarrean し si eta じ zi). Adituek diotenez, aitzin-japonieraz *pansi- izan zen erroa, eta hortik *panzi- > *pãzi- > *hazi- garatu ziren (hitz hasierako p- hotsa hasperendu baitzen japonieraz). Izen arrunta den hajimari “hasiera, “sorrera”, “jatorria” aditz-izenetik eratorri da japonieraz (euskaraz hasi + -te > haste edo hasi + -tze > hatse bezala), eta owari “amaiera” izenaren paraleloa da.
Hala ere, japonierak oso idazkera konplexua baitauka, haji- erroa idaztean aukera batzuk daude Txinatik mailegatutako kanji karaktere ideografikoak baliatuz: aditzak eta horietatik ateratako izen arruntak idazteko 始 eta初karaktereak daude, baina gizonezko pertsona izena ezin da 始 karaktereakin idatzi, barruan 女 “emakume” dauka eta (hala ohartarazi zidaten Tokyon); hauek erabiltzen dira, ordea: 一 “bat”, 元 “jatorri”, 初 “lehen”, 甫 “lehen aldiz” eta 肇 “hasiarazi”. Japonian sarritan entzuten diren esapide batzuek ere erro berbera partekatzen dute, hala nola, hajimete “lehenengoz” eta hajimemashite “urte askotarako” (pertsona bat ezagutzean).
Euskara eta japonieraren arteko kasualitatezko bat-etortze polit horrek Nafarroa, Portugal eta Japonia lotzen dituen pertsonaz hitz egitera narama. Frantzisko Jatsu Azpilikueta Xabierko gazteluan jaio zen 1506. urtean, orduko Nafarroako Erresuma independentean. Laster nafar erreinua gazteldarren eskuetan jausi zenez, Frantziskoren anaiak hilda suertatu ziren geroagoko guduetan. Bere familiak Biarnora erbesteratu behar izan zuen, eta bizitza osorako Frantziskok ezinikusia izan zuen Gaztelarekiko. Hori dela eta, Portugaleko erregearentzat izan zen misiolaria Asian (gogoratu aurreko artikuluetan Portugal eta Gaztelaren arteko harremanaz idatzi nuela), eta haren izenean Japoniara heldu ziren lehenengo europarren artean egon zen. Aise ikasi ei zuen japonieraz hitz egiten, euskara ama hizkuntza baitzuen, eta gramatika aldetik antzekotasun handiak daude. Hain zuzen ere, abenduaren 3an (urtea amaitzera doanean) Euskararen Eguna ospatzen dugu Frantzisko Xabierkoaren heriotza datagatik.