Eurasia kontinentearen punta batetik bestera nekazal egutegiaren hasiera markatzen duten jaiak tartekatzen dira urteko lehenengo hilabeteetan barrena. Inork ezin uka hotza eta naturaren krudelkeria atzean uztea, eguzki izpi laketgarrien iritsiera eta zuhaitz-landareen loratze aroa laudatzekoak direla. Argiaren eta Iluntasunaren arteko borroka latz horretan urteroko guduak gure aldeko garaipena du fruitua, zorionez!
Euskal Herrian aitzindariak dira Zubieta eta Ituren, dakigunez, urtarril amaieran antolatzen dutelako euren herri inauteria, non joaldunek neguko izpiritu txarrak uxatzeko asmoa duten. Bide batez, pertsonaia horien zanpantzar deitura okerra Biarnoko inauterietako Saint Pansard (Sent Pançard “Done Sabelandi” gaskoieraz) izenaren euskarazko egokitzapena da. Eta Biarno ondoan, Zuberoako Maskaradek bi indarren arteko liskarra antzezten dute urtarrilean hasita (aurtengo azkena apirilaren 22an izango da Maulen).
Baina badira penintsulako ipar-mendebaldean antzeko tradizioak. Galizia, Asturias eta Leonen entroido, antroxu edo antruexu izenpean negu amaierako jai koloretsu eta zaratatsuak ezkutatzen dira. Gurean bezala, animalien azalak jantzita, arropa zuriz eta loreez apainduta irteten dira kaleetara udaberriaren helduera eta urritasunaren akabua ospatzera. Izen horiek guztiak latinaren introitus “sarrera” hitzetik datoz, urtaro berriaren atarian egiten baitira. Halaber, Kantabriako Vijanera festari antzinako jatorri pagano bat egotzi zaio, eta euskal erritoekin zerikusi handia dauka, joareak bizkarrean daramatzaten zamarrakoak plazaratuta bi bandoren arteko gatazka irudikatzen delako.
Penintsulatik kanpo, oso aipagarriak dira Sardiniako inauteriak. Hango herriska desberdinetan ospakizun desberdinak dauden arren, ardiazalezko eta larruzko janzkerak, animalien maskarak (adar luzeko ahuntzen gisakoak) eta arranak horietako batzuetan topatzen dira. Danza dei mamuthones esaten zaio urtarrileko festa sardiniar ezagunenetariko bati. Balkanetako penintsulan, baina kasu honetan Alpeetatik oso gertu, Esloveniako Kurentovanje eta Škoromatija inauteriak otsail amaieran antzezten dira mozorro “basati” ia-ia berdinak erabiliz, eta maskarada zuberotarren antzeko istorio bat dute atzean. Herrialde Baltikoetan ere neguaren porrota goraipatzen dute data berberetan (Lituaniako Užgavėnės izeneko jaian) maskara beldurgarriak ipinita pertsonaia bat su handi batean erre eta biribilean dantza eginez. Ekialdeko mundu eslaviarrean panpin bat jartzen dute sutan Maslenitsa inauterian, baina musika, dantza, herri jantziak eta janaria daude festaren erdigunean, batez ere bliny deitutako crêpeak eta gurina. Gogoan izan herrialde sobietar ostekoetan udaberria ofizialki martxoaren batean hasten dela.
Ikusi dugun bezala, Europa osoa batzen dute mozorroen ospakizun horiek, seguruenez historiaurreko kulturek (ehiztari-biltzaileek eta nekazariek) abian jarri zutelako eta belaunaldiz belaunaldi igaro dira guganaino.
Asian, ordea, bestelako festak dituzte gertaera berberaren kariaz. Jatorri persiarra duen Nowruz (etimologikoki “egun berria”) jaialdia martxoan ospatzen da udaberriari ongietorria emateko. Zentzu batean irandarren urteberria da, eta guk abenduan egiten dugun hori da egun horien muina: erosketak, familiarekin egonaldiak, otordu bereziak, opariak… Iranen ez ezik, kurduek ere Newroz dute, uzbekoek Navruz eta kazakharrek Nauryz, besteak beste.
Ekialdeko Asian urtarril amaieran edo otsail hasieran “urteberri txinatarra” dugu, Txinan Chūnjié “Udaberri Jaia” deritzona. Eskualdeko hainbat herrialdetan ilargi egutegiak markatzen du aro berri baten hasiera data horietan: Vietnamen Tết egunak landatze sasoia abiarazten du. Jai-egun horietan ere gure Eguberrietan bezalako ekintzak egiten dira: desfile zalapartatsuek bereganatzen dituzte kaleak, jaki bereziak konpartitzen dira eta opariak elkar-trukatzen dituzte. Tibeten ere Losar festa dute otsail-martxoan, baina esangura erlijiosokoa izan ohi da, gaur txinatarren menpeko herrialdean tradizio hau askoz apalagoa bada ere.
Japonian, urte berri asiarraren zantzuak egonda ere (urtarril erdiko Koshôgatsu “urteberritxoa”), garrantzi handiagokoa da VIII. mendean hasi ei zen Hanami “loreari begira” jaialdia. Martxotik aurrera jende gazteak loratutako gereziondoen azpian jan eta edaten dute, aire librean eguraldi hobea gozatzeko asmoz, etortzeko dauden egun beroagoen esperoan.
Gurean azken asteetako ekaitzaldi artikoek izoztuta gauzkaten arren, gogoratu udaberriak irabaziko duela azkenean. Bitartean, garai ilunotan gizakiok elkarren berotasuna eta horrelako festak behar ditugu eguzkiaren inguruko beste buelta honetan. Ospatu dezagun udaberri naroa izateko!