Ez da sekretua bidaiatzea gustatzen zaidala. Azken urteetan ezin izan dut egin nahi nukeen bezain sarritan, zeregin akademikoak direla eta, baina bide berriak deskubritzeko grina ez zait iraungi. Azpimarra ipiniko nuke bide hitzean: gehienetan leku batera iristeko medioa gozagarriagoa izan da azkeneko helmuga baino. Beti ibiltzen naiz hausnarrean zer bide eta zer garraio baliatuz nondik nora heldu nintekeen, neureak diren zeharkaldi berriak asmatu nahian.
Horixe nire obsesio partikularra denez, asko fijatzen naiz garraiobideetan eta azpiegituretan herrialdeetan zehar. Orain dela hilabete gutxi batzuk egunkarietan ikerketa baten emaitzak atera ziren, esanez bizkaitarrok Kantabria eta Burgos aldera ihes egiteko joera daukagula. Euskal Herriko beste biztanle batzuek, ordea, kontrako norabideetara joateko ohitura dute. Seguruenez, behaketa horiek ez dira ausazkoak izan.
Bilbo hiriaren abiapuntutik nahiko mugatuta topatzen ditugu gure irteerak: autobideak hartuz gero, Arabara zein Gipuzkoara joatekotan bidesari garestiak ditugu gure aurrean. Hortaz, Euskadiko lurraldeak bisitatu nahi baditugu, “larrutik ordaindu” behar dugu eta ulertzekoa da aukerarik erakargarriena ez izatea. Kantabriara bidea, aldiz, doakoa da.
Bide sareak eta orografiak giza antolamendua baldintzatu dute historiaurretik gaurdaino, eta, dakigunez, gure herrialde menditsu honetan eskualdeen arteko komunikazioa zailtxua izan da zenbaitetan. Gizataldeen harremanak hiribildu bakoitzaren “irtenbide naturalen” inguruan eratu dira, eta borondate politikorik gabe ez dira erraz aldatzen.
Bizkaia historikoki Ibaizabal eta Nerbioi ibaien ertzetan hazi bazen ere, gaur egun banaketa zehatza dago Bilboaldearen eta gainontzeko Bizkaiaren artean. Ez nuke esango arrakala gaindiezina denik, tartean Txorierri eta Mungialdea bezalako eskualdeak daude eta, baina bi mundu desberdinen erakusgarri dira. Euskal lurraldeak mendietatik itsasora doazen bideak ardatz hartuta sortu ziren: Arabako Lautadatik Busturialdera, Deba ibarrera eta Goierrira, Tolosaldetik Donostiara, Iruñetik Baionara… eta Bilboren kasuan, Gaztelatik zetorren merkataritzak markatu zuen hasieratik.
Badirudi Bilbo oraindik mendebaldera eta hego-mendebaldera begira dagoela, eta ez ekialdera edo hego‐ekialdera, Euskal Herrira. Horrek bere isla du garraiobideetan: Bermeo‐Gernikara ailegatzeko Durangaldetik edo Mungialdetik egin behar dugu, mendate malkartsuak gaindituz; Orozkoraino ez dago autobide irteerarik, Arabako Aiaraldetik pasatu behar baita; eta zer esanik ez Lea‐Artibai ikusteko asmoa bageneuka.
Are larriagoa dugu trenbidearen egoera. Egia da Euskotrenek zerbitzua ematen duela Ibaizabalen ibilguaren parean (eta Donostiara heltzen da, bi ordu eta berrogei minutuko bidaia batean), eta Bermeoko lineak ondotxo funtzionatzen duela (ordubete eta laurden Zazpi Kaleetatik), baina ez zaitezte saiatu Karrantzara joaten FEVEa erabiliz, egunean bi baino ez daudelako (ordubete eta laurden irauten du bidaiak). Gainera, autonomia erkidegoaren barruko aukerak murritzak dira: Bilbotik Gasteiza errepidetik baino ezin da bidaiatu, nahiz eta Bilbotik abiatzen den RENFEa Gasteiztik ateratzen den trenbidetik 8 kilometrora egon Langraiz Oka udalerri arabarrean. Ez da lotura hori egin nahi izan, abiadura handiko tren famatuaren esperoan, gutxi batzuen poltsikoen mesederako, antza.
Bilborekin izan ezik, Gasteiz ondo konektatuta dago Gipuzkoa gehienarekin eta Nafarroarekin, Añanako kuadrillako eta Lautadako zenbait herri ere lotzen dituen trenbide baten bidez. Garai batean are lotuago zegoen Bergaratik Lizarrara zihoan vasco‐navarro trenari esker (1967. urtera arte). Antzera, Bizkaian Arratiako tranbia 1964. urtean eten zenetik ez da Lemoa, Artea, Igorre, Areatza eta Zeanuri lotzen dituen holakorik egon, eta ziurtasunez ez da etorkizunean egongo. Kotxearen ikaragarrizko hedapenak gainbehera eragin zion ordura arteko garraiobide arrunt horri.
Zehaztu dezadan hemen ez dudala uste autobusek eginkizun berbera betetzen dutenik: tramankulu erraldoiak dira, zaratatsuak, kutsagarriak, errepideetan oztopo dira, trafikoaren gorabeheren menpe egonda, eta erraz aurreikusi ezin diren ordutegiak eta maiztasunak dauzkate. Maiztasun handiz herrialde osoa lotzen duten, erregai fosilak kontsumitzen ez dituzten garraiobide eraginkor eta fidagarrien beharrean gaude, eta herria eta hiria kontrajartzen ez dituzten mugitzeko bideen premia dugu.
Azken hogei urteotan eraikitzen ari diren hirien arteko trenbideak, ostera, Madrilekiko morrontza (hegoaldera begira) sendotzea ekarriko digu, eta barne‐kohesio gutxiago, Bilbo, Gasteiz eta Donostian populazio metaketa bultzatuko baitu, aldameneko herrietara joateko aukerak ugaltzen ez badira. AHTaren porrota begibistakoa dugu amaitu aurretik, atzerapen itzelengatik ez ezik, behin‐behineko geraleku “iraunkorrak” ezarriko dituztelako erdiguneetatik urrun, eta bidaien iraupen luzeak ez ditu mereziko inbertitutako dirutza eta baliabideak, inguruneari eragindako kaltea ez aipatzearren (eta ikusteko dago zenbat balioko duen bidaia bakoitzak).
Hori guztia gutxi balitz bezala, Frantziar Estaturekiko loura ez dago ziurtatuta, edo hamarkada askoren ostean burutuko da. Zertarako balioko digu AHT batek Europara hurbiltzeko, penintsulatik ihesiz, ez bada? Orain lehendakariak presioa egin nahi izan du, Atlantikoko lobbya sortuz (mendebaldera begira), eta Frantziari erregutan joan zaio azkenaldion (eta bera entzungor). Ados nago Ipar Euskal Herriko konexioa ezinbestekoa dela mugaren alde bietako euskaldunontzat, baina proiektua gaur dagoen moduan onura gutxi eta arrisku ugari ekartzen dizkigu.
Beraz, erronka ederra dugu datozen urteetan gure herriaren demografia eta antolamenduaren inguruan, larrialdi klimatikoari aurre egin nahi badiogu, eta euskal herritarron bizi kalitatea bermatu nahi badugu. Eta zer uste dute bertako politikariek? Egunotan hauteskundeen atarian gaudela, ahoa betetzen zaie horrelako promesez, baina porlanezko azpiegiturei begiratzen diete altxor bat aurkitu duen batek bezala, ala populazioaren beharrak asetzea dute gogoan? Hirigintza eta naziogintza elkarren kontra jaurtiko dituzte ala elkarren elikagai izan daitezke? “Euskal Hiria” eraiki nahi dute ala herritar guztiontzako bizileku duin bat? Nora goaz? Edo hobeto esanda, nora uzten digute joaten?