Ahaidetzea

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gabikagojeazkoa 2023ko mai. 23a, 13:01

Euskaldunok munduan bakartzat hartzen dugu geure burua. Gurea hizkuntza isolatua da, ahaiderik gabekoa, eta behin baino gehiagotan beste inon parerik ez duten zenbait tradizioz harro azaltzen gara, gure berezko ahotsa entzunaraztea merezi duela aldarrikatu nahian. Baina ez gara munduan bakarrik egon, eta, hainbatetan adituek esan duten bezala, auzokoei zor dizkiegu gurean topatzen diren adierazpen ugari.

Badakigu burugogorrak eta egoskorrak garela, uzkurrak aldaketarako pausoak ematerakoan, eta hala eta guztiz ere, ezin zaio munduari bakar‐bakarrik aurre egin. Inoiz onartuko ahal dugu. Gugandik hurbilenak diren nazioekin harremanak sortu eta sendotu beharko genituzke, Atlantikoko kostaldearen inguruko herriak, eta Pirinioen alde bietakoekin. Hemengo artikulu batzuetan idatzi nuenez, Bilboko euskara zaharrean ekialdeko (gaskoia) zein mendebaldeko (asturiar kantabriar) eraginak agerian zeuden, mendeetan zehar hartu‐eman horiek arruntak izan zirelako.

Hile honetan astebete eman dut Finlandian. Bai, Europaren beste puntura joan naiz, hego‐ mendebaldetik ipar‐ekialdera. Han IFUSCO izeneko nazio fino‐ugrikoen biltzar batean hartu dut parte. Zergatik? Bada, suomiera (edo finlandiera) ikasi nuelako, duela urte batzuk Helsinkin bertan, eta betidanik erakarri nauelako hizkuntza eta kultura horrek. Gainera, nire doktorego tesiaren barruan ikerketatxo bat egin dut suomieraren eta euskararen partitiboak konparatuz, eta, Euskal Herrian egin ondoren, bestelako publiko baten aurrean emaitzak aurkezteko prest nengoen.

Herri eta nazio fino‐ugrikoen sorrera Ural mendietan kokatu ohi da, horregatik herri uralikoak ere esaten zaie. Gaur egun, Europa eta Asia artean bizi diren arren, gehienak Errusian aurkitu daitezke, batez ere Volga ibaiaren inguruko errepubliketan: Mari, Udmurt, Mordvin eta Perm. Europar Batasunaren barruan finlandiarrek ez ezik, estoniarrek eta hungariarrek ere estatu propioa daukate, eta Letoniaren iparraldeko kostaldean oraindik ei dirau herri livoniarrak.

Hortaz, gu bezala, hizkuntzaz eta kulturaz ez indoeuroparrak dira, Europan egonda ere. Eta hizkuntza horietako gehienek euskararen antz linguistiko handia dute: morfologia eranskaria edo aglutinatzailea dute, hau da, atzizkiak hitzen amaieran metatzen direla (bata bestearen atzetik) forma oso luzeak eta esanguratsuak osatzeraino, kasuak adierazi ahal izateko (non, nora, nondik, zertaz, norekin...), eta baita hitz berriak sortzeko ere. Fonetikan antzekotasunak egon badaude: euskaraz ahoskatzen dugun “s”‐a finlandiarrek ere era berberean esaten dute, ez dauka txistukari ahostunik (Europa osoan hain ohikoak diren z edo j hotsak), eta silaba egitura murriztailea ere bai: sk, st, sp eta horrelakorik ezin dira hitz hasieran egon, eta tr, pr, br eta holakorik ez dira existitzen. Kontuan izanda ü bokala hizkuntza uraliko gehienetan dagoela (suomieraz <y> idazten da), eta halaber h hasperena, Zuberoako euskalkiak edukiko luke antzik handiena horiekin.

IFUSCO biltzarrean topatu ahal izan ditudan nazioen artean batzuk oso herri gutxituak dira, hala nola, Komi (Errusia iparraldean), Sami (edo laponiarrak, gutxiengoa Finlandian, Norvegian, Suedian eta Errusian), Udmurt (Errusia erdian), eta Norvegiako finlandiarrak (Kven deritzenak) edo Serbiako hungariarrak (Vojvodina eskualdean). Oro har, herri gutxituen esperientziak bizi izan dituzte, kolonizazio‐asimilazio eta askatze fase desberdinetan, eta hizkeren biziberritze prozesuaren ahaleginetan daude leku askotan. Hor ere gure ekarpena zinez baliagarria izan daiteke, eta haiengandik ikasi dezakeguna ere bai.

Finlandiako Turku unibertsitatean abegi beroa jaso nuen eta atseginez hartu zituzten euskararen inguruan nik eskaini nizkien azalpenak eta oharrak. Aurkezpena arrakastatsua suertatu zen eta hainbatek eskertu zidaten biltzarrean bertaratu izana, horrek euren komunitatea aberastu eta handitzen duelako. Hitzaldiez gain, ekitaldi sozial asko ere egon ziren, eta asteazken gaueko saioan etxean bezala sentitu nintzen, orduan herri kantak abestu eta akordeoi‐bibolinaren soinuan polkak eta “biribilketak” dantzatu baitzituzten.

Uralikoek familia handia dute, dozenaka hizkuntza eta hainbeste nazio hamaika herrialdetan zehar, gu Pirinioen eta Atlantikoaren arteko bazter batean isolatuta bide gauden bitartean. Hala ere, Finlandian euren elkartasuna eta hurbiltasuna ukitu ahal izan nituen, eta ziur nago herri uralikoak eta euskaldunok elkarren lagungarri izan gaitezkeela. Orain apurtxu bat hobeto ezagutzen gaituzte Uralistikan aritzen direnek, eta etorkizunera begira komeni zaigu zubiak eraikitzea, munduan hain bakarrik ez gaude eta!