Inguratzen gaituzten elebakar batzuei iruditzen zaie euskara hizkuntza “mugatua” dela, edozein ideia adierazteko modu eraginkorra ez dela. Eta horren aurrean behin eta berriro errealitatea inposatzen da, frogatuz euskarak beste hizkuntzen ahalmena daukala, eta are gehiago.
Umetatik zezeldu egiten dugu, hizkuntzaz jabetzeko prozesuan pauso goiztiarretako bat delako, eta horrela aritzen gara hilabeteetan zehar: ba-ba-ba-ba, da-da-da, na-na-na, le-le-le-le… Silaben erreduplikazioa da hori, zentzurik gabekoa, esanahirik gabekoa horietako konbinazio batzuek balio semantikoa badutela umea ohartzen den arte!
Gizaki guztion haurtzaroan gauzatzen denez, beharbada horregatik hotsen errepikapena dugu baliabide linguistiko ohikoen eta zaharren artean, eta ia-ia unibertsala. Gehienok badakigu erreduplikazioa euskaraz bereziki arrunta dela eta mota askotakoa, batzuetan hizkuntzaren ikur gisa ere aurkezteraino.
Gaur egungo euskaran adjektiboen errepikapena da sarrienik erabiltzen duguna (gorri-gorri, goxo-goxo, zuzen-zuzen…), eta bertako gaztelaniara ere iragazi da gure ordezkari ospetsuenen ahotan. Hitz horiek birritan ahoskatzen ditugunean intentsitatea edo indarra eman nahi diegu (“oso” adberbioaren baliokide), eta guretzat normala izanda ere, hizkuntza guztietan estrategia hori ez da zilegia. Forma adberbialekin ere gauza bera egiteko joera dugu, atzizkiak eta guzti: poliki-poliki, apurka-apurka…
Zentzu berean, zenbait esapide fonosinboliko (onomatopeiak eta enparauak) are adierazkorrago bihurtzen ditugu erreduplikazioaren bidez: blai-blai, bor-bor, pil-pil… batzuk bi silabakoak: bolo-bolo, firi-firi…
Adizlagunen paperean ere zehatz-mehatz eta tarteka-marteka bezalako forma indartuak topatzen ditugu, baina horietan erreduplikazio partziala dugu hasierako m- hotsa gehituta. Horri “oihartzun erreduplikazioa” deitu zaio, eta euskara barruan dagoeneko emankorra ez den arren, historikoki (eta duela gutxi arte) lexiko berria sortzeko baliatu dugu. Bi hitz desberdinen elkarketa izango balira bezala, guganaino heldu dira gertakari horren emaitza ugariak: duda-muda, esa-mesa, ika-mika, hasi-masi, nahas-mahas, xirimiri (ziri-miri zaharra), tximista (zist-mist zaharra), zurru-murru… gehienak oso lexikalizatuak, eta hortaz apenas sumatzen dugu euren jatorrizko forma. Beste batzuk askoz gardenagoak dira, eta seguruenez haurren hizkeran sortu ziren, hala nola, ikusi-makusi eta zaldiko-maldiko.
Harrigarriro, turkieraz ere erreduplikazio mota bi horiek agertzen dira; bata, indartzailea, adjektiboetan: mavi ‘urdin’ > masmavi urdin-urdin, yesil ‘berde’ > yemyesil ‘berde-berde’; eta bestea, pluralgilea, izenetan: kitap-mitap ‘liburuak-eta’, tabak-mabak ‘platerak-eta’. Hizkuntz familia turkiko osoan zehar hedatzen da azken baliabide hau, eta Erdialdeko Asian ez ezik, Kaukasoan eta Balkanetan ere lekukotzen da, eta Mongoliaraino iristen da. Errusieran eta bulgarieran hizkuntza turkikoen eraginez sartu da, non logika-mogika ‘sasi-logika’ edo shushu-mushu ‘zurrumurru’ bezalako adibideak jaso ahal ditugun. Eurasiatik urrun, hizkuntza eslaviar horietan igarri dezakegun kutsu iraingarri edo sarkastikoa duen “oihartzun erreduplikazioa” Ameriketako ingelesak ere juduen yiddish hizkuntzari hartu dio (shm- hotsa hasieran erantsita), eta erabat emankorra Estatu Batuetan: fancy-shmancy, rain-shmain…
Ez dakigu m-dun euskal erreduplikazioa bertan sortu zen ala arabieraren bitartez kutsatu zitzaiola euskarari, hemendik kanpo turkieraren inguruko herri eta hizkuntzetan baino ez delako agertzen, eta kasualitate handia izango litzateke Euskal Herrian fenomeno berbera garatu izana.
Edonola ere, erreduplikazioa euskararen hezur-muinean dago eta milaka urtez iraun du gure hizkuntzan. Historiaurreko aitzin-euskaran asmatu ei ziren oraindik ere esaten ditugun gogor edo zezen moduko erreduplikazioak. Euskal erro monosilabiko zaharren bikoizketa honek hitz eratorpena ahalbidetu zuen, jatorrizko erroa sinplifikatuz aurrizki itxurako elementuak sortu baitzituen: GOR (gorri, gordin, entzungor) > go-, ZEN (zekor, zegi, zeden, zeken, zerri?) > ze-. Gainera, kontsonante horzkariak desagertu bide ziren hitz hasieran: DOL-DOL > *dodol > odol, DER-DER > *deder > eder, NOL-NOL > *nonol > ohol. Gertakaria indarrean mantendu zen denborak aurrera egin ahala, modernoagoak izan litezkeelako BER-BER (berdin, berri, bertze, bertsu, berezi) > berbera, BIL-BIL (bildu, ibili, bilbe) > biribil, eta urte hasieran aipatu nuen HAS-HAS (hats, kirats, atseden) > arnas.
Antzeko gertakariak dokumentatu dira Antzinateko Mesopotamian idazten lehenengoa izan zen hizkuntza sumertarrean. Hor kolore hitzak errepikapenen bidez sortu ziren (babbar ‘zuri’, kukku ‘beltz’), izen bikoiztuak zeuden plurala adierazteko eta aditz erroak ere errepikatu zitezkeen ekintza plurala edo errepikakorra esan ahal izateko. Aditu batzuek proposatu dute izen erreduplikatuak sumerieraren substratuan zeudela, Innana, Zababa, Humbaba, Bunene edo Pazuzu bezalakoak.
Era berean, Asiako hizkuntzetan nonahikoa da erreduplikazioa. Txineraz adibide ezagun dugu xiè-xie ‘eskerrik asko’ esateko formula, baina horretaz gain, izenak (rén ‘pertsona’ > rén-rén ‘jende guztia’), adjektiboak (hóng-hóng ‘gorri-gorri’) eta, are, aditzak ere (kàn ‘begiratu’ > kàn-kan ‘begiratua eman’) errepikatu daitezke mandarinez. Gaurko japonieraz, ostera, erreduplikazioa ez da emankorra, baina izen gutxi batzuen plurala egin dezake oraindik, esaterako, yama-yama ‘mendiak’ edo hito-bito ‘pertsonak’, adberbio gutxi batzuk sortu ditzake, adibidez, toki ‘denbora, aldi’ > toki-doki ‘aldiz-aldiz, batzuetan’, eta zenbait adjektibo indartu ditzake, kasurako, atsu-atsu ‘bero-bero’ edo hiro-biro ‘zabal-zabal’. Japoniatik hegoalderago, eta Ozeano Barean punta batetik bestera sakabanatuta, hizkuntza austronesiarren gramatikan barru-barruraino dago sartuta fenomeno hau. Izan ere, adar malayo-polinesiarrean erreduplikazio osoa da izen pluralak egiteko baliabide nagusia: rumah-rumah ‘etxeak’, orang-orang ‘pertsonak’. Familia berbereko beste batzuetan, aldiz, erreduplikazio partziala erabiltzen dute, adibidez samoeraz tamaloa ‘gizona’ > tamaloloa ‘gizonak’. Izenetan ez ezik, erreduplikazio mota desberdinak lekukotzen dira hizkuntza hauen aditzetan, adjektiboetan, adberbioetan, eta abarretan, askotariko balio gramatikalekin (indartzailea, geroaldia, iteratiboa, komunztadura plurala…).
Eta Ozeano Baretik Atlantikora itzulita, urtaro berrian zirimiri eta tximisten artean sartu bagara ere, ohartarazi digute Kantauri itsasoko urak bero-bero daudela. Beraz, murgildu gaitezen udan, eta zapla-zapla busti gaitezen!