Iragan hilabetean Armenia izan dugu hizpide gure albistegietan, eta gutako askok, aitortu dezagun, oraintsu arte gutxi jakin dugu herrialde horri buruz. Zoritxarrez, gatazka armatu baten inguruan jaso dugu armeniarren berri, eta dagoeneko nazio horren historiaren beste kapitulu bat idatzi egin da.
Batzuentzat iberiar penintsula Kaukasoaren ispilua izan da, Europaren bi muturretan kokatuta, mendilerro luze batek mugatuta, alboetatik bi itsasok inguratuta, eta aspalditik mundu kristau eta musulmanen artean. Kaukasoko mendietatik hegoaldera “Transkaukasia” deitu zitzaion eskualdea dago, gaurko Georgia, Armenia eta Azerbaijan. Izan ere, antzinaroan “Iberia” izeneko erresuma bat egon zen egungo Georgian (eta “Albania” bat Azerbaijanen).
Kura eta Araxes ibaien ibarretan historiaurreko kultura arkeologiko bat osatu zen k.a. 4000 urtean, eta munduan lehenetarikoak izan ziren ardogintzan Kaukaso hegoaldeko aldats horietan (armenieraz “orth” deritzo mahastiari, eta bere ahaidea izan litekeen “hardhi” albanieraz). Horien oinordeak hurritarrak eta urartuarrak izan ei ziren, hizkuntz familia isolatu batekoak eta orain dela bi mila urte baino lehenago desagertuak.
Van lakua (egun Turkian) zuten erdigune Urartu erresumakoek Burdin Aroan. Armeniar goi-lautadetan kokatu zen nazio horren izena Ararat zen hebreeraz, han bertan dagoen 5000 metro baino gehiagoko mendiaren izen berbera. Arame edo Aramu izan zen urartuarren lehenengo erregea, eta Artsashkun hirian ezarri zuen bere gortea.
Araraten gerizpean loratu zen zibilizazio horren hizkuntza gurearen antzekoa zen: urartuera hizkuntza eranskaria edo aglutinatzailea zen, zeinetan atzizki gramatikalak bata bestearen atzetik metatzen ziren (euskaran bezala), eta ergatibo marka ere (“NORK” kasua, gure -k, euren atzizkia -sh bazen ere) bazeukan. Aditzari esaldiaren amaieran zegokion urartueraz, eta pertsona markak aditz-erroaren ostean agertu behar ziren, adibidez, nun-a-di (ni) “etorri nintzen”, ar-u-mi (niri) “eman zidan”. Postposizioak (edini “alde, -rentzat”, pei “azpi, -pe”) erabiltzen zituzten, nahiz eta preposizio bat ere eduki (pari “aurre, -ra(ntz)”). Fonetikan azpimarratu ahal da kontsonante herskarietan hiru sail zituela: ahostunak (b, d, g), ahoskabeak (p, t, k) eta “indartuak” (p’, t’, k’); dirudienez, ahoskabeak hasperendun ahoskatuko ziren (ph, th, kh), eta “indartuak” ahoskabe soilak bide ziren (p, t, k), horrela islatu baitziren armenierak jarauntsi dituen hitz urartuarretan.
Kristo aurreko erresuma horretan aipagarria da, ziurtasun handiz, populazioaren barruan elebitasuna zegoela: elite urartuarrak egon arren, seguruenez herri xehearen parte handi bat indoeuroparra izango zen. Urartuko estatuaren historian zehar (k.a. 860-590) hizkuntza idatzia urartuera izan zen, baina pertsona eta leku izen askok proto-armeniarrak dirudite (horien artean Arame, Argishti eta Artsashkun). Elebitasun desorekatu honen zantzuak urartuerak erakusten zituen hitz indoeuroparretan ikus daitezke, hala nola, eue ‘eta’ (armenieraz eu), baina bereziki armenierak dauzkan mailegu urartuarretan: tsov ‘itsaso’ (urartueraz tsue), tsarr ‘zuhaitz’ (urartueraz tsari "baratze’, hurrieraz tsarme ‘zur’), san ‘katilu’ (urartueraz shani). Beharbada, jasan zuten egoera antzinaroko Euskal Herrian gertatu zenaren kontrakoa izan zen: herri xehea ez indoeuroparra (baskoiera-akitanieraduna) eta elite indoeuroparrak (zeltak lehenago, eta latindarrak geroago).
Dena dela, Mediar Inperio persiarrak Urartu suntsitu zuen eta 20 urte beranduago armeniarrak azaleratu ziren probintzia gisa: Armeniako Satrapia (k.a. 570). Beraz, Urartuk okupatzen zuen lurralde berberean Armenia agertu zen hura desagertu eta berehala. Horrez gain, “Armenia” izen bera baliteke Arame/Aramu lehen errege urartuar horretatik eratorri izana.
Ez dakigu zehazki herri armeniarra nondik etorri zen, ezta Urartu/Armeniara noiz iritsi zen ere, baina hizkuntza sakon aztertuz badakigu indoeuroparrak direla, eta greziarren eta indo iraniarren arteko adar zahar bat, euren kokapen geografikoak ere iradokitzen duenez. Armeniera nahasketa interesgarri bat da “satem” hizkuntzen (ekialdeko indoeuroparrak: baltikoak, eslaviarrak, iraniarrak, indo-ariarrak) eta “kentum” hizkuntzen (mendebaldeko indoeuroparrak: zeltak, latindarrak, germaniarrak, greziarrak) artekoa. Zenbaiten esanetan, armeniarrak Balkanetatik abiatu ziren ekialderantz, eta hortaz frigiarren ahaide zuzenak izango ziren (mendebaldeko Anatolian bizi ohi ziren eta).
Armenieraren fonetikari begira, urartuerak bezala hiru sail dauzka kontsonante herskarietan: ahostunak (b, d, g), ahoskabeak (p, t, k) eta hasperendunak (ph, th, kh). Bitxikeria gisa, esan dezadan armenierak hitz hasierako p- indoeuroparra h- bihurtu zuela, edo erabat desagerrarazi, Europaren beste muturrean hizkuntza zeltetan gertatu zen bezala: *pater (aita) > arm. hayr, irlandera zaharrean athir, manx hizkuntzan ayr; *póntoh- (bide, ibi, zubi) > arm. hun (ibi), irl. zah. áitt (leku); *plhteno- > arm. layn (zabal), ir. zah. lethan (zabal); *plhno- > arm. lnum (bete), ir. zah. lán (bete); *prh- > arm. arr (aurre, -ra(ntz)), ir. zah. ar (aurrean, -rentzat, -agatik).
Armenieraren kontsonante txistukariak euskarak dauzkan ts, tsh (tx), s eta sh (x) dira (eta horien ahostunak dz, dzh, z eta zh), eta bi erre mota ere badauzka: r leuna eta r gogorra (rr). Garai batean r- hotsa ez bide zen ohikoa hitz hasieran, eta, euskaraz gertatzen den antzera, hitz mailegatuetan bokal protetiko bat ezartzen zitzaien aurretik, eskuarki e- + r- leuna (erang ‘kolore’) eta a- + rr- gogorra (arrat ‘eskuzabal’). Beste kontsonante batzuen artean, gaztelaniazko “jota” zein ingelesezko “hatxe” hots biak dauzka armenierak.
Ezaugarri morfologikoen artean nabarmentzekoa da armeniera zaharrak deklinabide indoeuropar arrunt bat zeukala, nominatibo, datibo (-i atzizkia), ablatibo (-tsh atzizkia), instrumental (-ov atzizkia) eta lokatibo (-um atzizkia) kasuekin, eta egungo armenierak ere horietako batzuk gorde ditu, sistema nolabait sinplifikatu den arren. Hala ere, generorik gabeko hizkuntza da armeniera, beste hizkuntza indoeuroparrak ez bezala (ingelesak genero bereizketa galdu zuen). Bestalde, aipatzekoa da armeniera zaharrean -kh atzizkia zen nominatibo pluraleko marka, adibidez, arzh > arzhkh ‘hartzak’ edo gari > garikh ‘garagarrak’ (bide batez, garagardo “garezhur” esaten da armenieraz, hau da, “garagar ura”). Ia mila urte beranduago, Kristo ondoko IV. mende hasieran, Armenia izan zen lehenengo estatu kristaua (Erroma baino lehenago). Elizari esker, 405. urtean jakituria handiko Mesrop Mashtots monje armeniarrak idazkera propio bat asmatu zuen testu sakratuak armenierara itzultzeko, eta beraz, hizkuntza idatzia V. mendetik aurrera lekukotzen dugu.
Armeniarrek historia ikaragarri gorabeheratsua izan dute, bi kontinente eta mundu ikuskeraren arteko mugan aurkitzen direlako, eta tarteka euren ekialdeko auzoak izan diren persiarren menpe egon dira: hasteko, mediarrak (k.a. 590-550) eta akemenestarrak (k.a. 550-330), jarraian Alexandro Handiaren inperioaren parte izateko (k.a. 330-323). Azken horren oinordea izan zen Seleukotar Inperioaren kontra borrokatu eta irabazi ostean, Armeniako Erresuma independentea sortu zen lehenengoz (k.a. 321). Orduan goieneko aldia izan zuen eta Kaukasotik haratago hedatu zen, hegoalderagoko eta mendebalderagoko lurrak bereganatu baitzituen: Siria, Zilizia, Kapadozia, Pontos…
Armenia Handiak ia hiru mende (k.a. 66. urtera arte) iraun zuen; hortik aurrera erromatarren eragin-eremuan jarraitu zuen erresumak, ofizialki independentea, nahiz eta garaiko Armeniako erregeak jatorriz partiar persiarrak izan. Kristo ondoko IV. mendearen amaieratik bi zatitan bananduta egon zen luzaroan: Armenia bizantziar bat eta Armenia persiar bat. Sasandar Inperio persiarraren barruan bizi izan ziren armeniar gehienak, baina autonomia maila handiarekin, bertako gobernadore baten agindupean. VII. mendean (iberiar penintsulan baino hamarkada batzuk lehenago), aldiz, arabiar musulmanek inbaditu zuten hegoaldeko Kaukasoa eta Kalifatoaren parte izan zen bi mendez.
IX. mendean (885. urtean), berriz, Armenia errautsetatik altxatu zen Bizantziar Inperioaren musulmanen kontrako erasoei esker. Konkista osteko erresuma independente honek 1045. urtera arte iraun zuen (orduan bizantziarrek bereganatuta), baina eskualde menditsuetako erreinu armeniar txikiago batzuek (Syunik, Armeniaren hegoaldean, eta Artsakh, gaurko Nagorno- Karabakhen) XII. mendera arte gorde zuten euren burujabetza. Gainera, jatorrizko Armenia seljuktar turkiarren eskuetan jausi ondoren, Mediterraneo alboan dagoen Zilizia eskualdera (gaur Turkia eta Siria artean) ihes egin zuten armeniar askok, horien artean Ruben zeritzon printze bat, zeinek 1080. urtean Ziliziako Armenia sortu zuen, aberritik milaka kilometrora. Azken erresuma honen 1375. urteko desagerpenarekin batera armeniarrek independentzia galdu zuten bost mende baino gehiagorako.
Mende horietan zehar armeniarrak otomandar turkiarren eta safavid persiarren artean egon ziren, Ekialde Ertaineko gerra hotz baten erdian, baina potentzia bien arteko “berdinketa” Errusiar Inperioak apurtu zuen, XIX. mende hasieran Transkaukasia osoa menderatu zuenean. Harrezkero, inperio barruko armeniarrek kultura europarra jaso zuten Errusiaren bidez, asko eta asko Turkian eta Persian gelditu baziren ere. Azkenean, Lehen Mundu Gerra gertatzen ari zen bitartean, 1918. urtean Armeniako Errepublika aldarrikatu zen, Armeniako Erresuma desagertu ostean eta 873 urte, edo 543 urte Ziliziako Armeniar Erresumaren Egiptoko mamelukoen inbasiotik (azken erresuma independentea). Aldi berean, Otomandar Inperioa deseginda, turkiar nazionalismoak populazio armeniarraren aurkako genozidio sistematiko bat burutu zuen: hil ez zituztenek herrialdetik ihes egin zuten betiko. Armeniako Errepublika 29 hilabete beranduago itzali zen, 1920ko abenduan Sobietar Batasuneko tropek hartu zutenean. Georgia eta Azerbaijanekin batera sobietar errepublika bat osatu zuten 1936 arte, eta orduan hiru herrien lurraldeen banaketa gauzatu zen era desegoki batean.
1991. urtetik Armenia errepublika independentea izan da, ordutik hona Azerbaijanekin etengabeko gatazka armatu batean aritu badira ere. Araraten lautadaren inguruan bizi ohi dira armeniarrak, eta hor jarraitzen dute gaur ere, eremu askoz txikiagoa batean; izan ere, Ararat mendia Armeniatik kanpo gelditu zen Sobietar Batasunaren eta Turkiaren akordio batengatik. Van lakua ere aspalditik otomandarren eta turkiarren eremuan egon da, eta egungo Armenian Sevan lakua da ur-masa nagusia. Van eta Ararat galduta ere, “Urartu” izenetik zetorren Ayrarat eskualdea erdialdeko eremua izan da Armenia historikoan, eta Yerevan hiriburua ere hor bertan dago.
Nik ez dut gaurko Armenia bisitatu, alegia, mende honetan armeniarrek duten herrialde independente bakarra, errusiar Transkaukasiatik banandu zen 30.000 kilometro karratuko lurraldea (Belgika bezalatsukoa eta Euskal Herri osoa baino 9.000 kilometro karratu gehiagokoa), soilik 3 milioi biztanlekoa. Egon naiz, ordea, Armenia historikoa izan ziren Ani eta Kars hirietan, Turkiako ekialdean: Anin erresuma baten hiriburua izan zenaren hondakinak baino ez daude, leku zirraragarri batean kokatuta; Kars hiri zeharo turkiarra da egunotan, behinola izan zuen nahasketa etnikoren aztarnarik gabekoa (Kar eleberrian Orhan Pamuk idazle turkiarrak kontatzen zuenez). Ararat mendi mitikoa ere ikusia naiz beste aldetik, Kurdistango Dogubayazit hiritik.
Harrigarria bada ere, badira Ararat eta Aralar izenak lotuta daudela idatzi dutenak, baina esango dizuet hori ez dela batere egiantzekoa. Hala ere, badago Araxes izeneko ibai bat Nafarroa eta Gipuzkoa artean, seguruenez Kaukasoko Araxes ibaiaren omenez inoiz berrizendatuta.
Horiek horrela, euskal herriaren eta herri armeniarraren arteko paralelotasun batzuk topatzen ditugu, biak mendilerro handi baten magaletan eta goi-lautadetan bizi izan direlako, kokagune estrategiko batean inperio erraldoien artean. Baskoiek bezala, juxtu erromatar garaiaren aurretik izan zuten hedadurarik zabalena armeniarrek, eta hainbat mende geroago, Nafarroako erresuman bezala, lurraldeak berreskuratu zituzten inbasio musulmanen ostean, azkenean, Erdi Aroa amaitzean, auzokoen menpe desagertzeko XX. mendera arte.
Orainaldira itzuliz, Nagorno-Karabakh eskualde azeriarrean 90ko hamarkadan bortxaz eta armaz ezarri zuten “Artsakh Errepublika” desegin da, eta 120.000 bizilagun armeniarrek ihes egin dute, exodo masibo batean eta betiko, historian zehar hainbestetan egin behar izan duten bezala. Errusiarrek egindako lurraldeen banaketa bidegabekoa dugu errudun, han bizi zen gehiengo osoa armeniarra izanda, Azerbaijani eman zioten eta. Orain nazioarteko iturri batzuek diotenez, Azerbaijanek Armenia bera inbaditu lezake datozen asteetan Zangezur (Syunik) hegoaldeko eremu armeniarrean Nakhitxevanerako korridore bat lortze aldera. Errusiak bazter batean abandonatu ostean, Armeniak lagun gutxi dauzka.
Araraten altzoan nazio kontzientzia gorde izan dute armeniarrek, 800 urte beranduago euren estatu propioa berriro lortu arte. Ironikoki, Ararat gaur egun Armeniatik kanpo dago, nahiz eta Erevan hiriburutik urrunean ikusten den. Mesopotamiako ibarretan bizi zirenentzat Ararat mendiak (eta hein batean Kaukasoko mendilerro osoak) gailur iritsezin bat iruditzen zuen, euren iruditerian katastrofeen aurrean babesleku segurua. Herri hebrearraren kondairetan, mundu osoaren triskantzaren ostean tontor horretatik Ekialde Hurbileko solo emankorretara berriro jaitsiko zen gizadia.
Azken glaziazioan Pirinioak populazio europarrarentzat aterpe izan ziren, baina gaur egun ez du ematen horrela izan daitekeenik. Hortaz, sutan (gerra nonahi) dagoen mundu honetan “uholde unibertsal” baten (klima aldaketaren) arriskupean bizi garenok non topatuko ote dugu beste Ararat bat, abiapuntu berri bat?