Iazko azaroan, gutxien espero genuenean, Irulegiko Eskuaren aurkezpen publikoa egin zuten Nafarroan. Artefaktua bera 2021ean azaleratu zen arren, zeinu grabatuez osatutako testuak adituen azterketa lasaia jasan behar izan zuen guztion begien aurrean ipini aurretik. Urtebete iragan da, eta oraindik ezer gutxi gehiago dakigu testuaren edukiari buruz, baina bere garrantzian berriro ere azpimarra jarri nahi nuke.
Eskua jendarteratuta, euskalariek nabarmendu zuten lehenengo ondorioa baskoiek idazten zekitela izan zen. Ordura arte benetako zalantza zegoen, nahiz eta han eta hemen zantzu batzuk egon. Noski, baskoien lurraldeetan Erromatar Garaiko harrizko idazkunak topatu ditugu, baina horiek guztiak latinez idatzita zeuden. Dena dela, Eskuak erakusten digu Erroma aurreko baskoiek iberiarren eta zelten artean garatu zutela euren nortasuna. Auzoko kultura bietatik elikatu ziren, Irulegin idazteko teknika biak (puntuen eta marren bidez) erabili baitzituzten, brontzezko xafla oinarri gisa baliatu izanak zelten eragina salatzen baitu (eta eskuaren formak, aldiz, iberiarren usadioa), eta Eskuko zeinutegi egokitua sistema iberiarraren antzekoa izanda zeltiberiarraren joera batzuen kutsadura bide baitago.
Testuari berari begira, zeinu batzuen irakurketa zehatzaren inguruan eztabaida piztu bazen ere, oraingoz transkripzio ofizialak bere horretan dirau. Irulegiko Eskuan <T> tankerako zeinuaren agerpena erabateko froga dugu esateko baskoien hizkuntza dela, haien eremuan baino ez baitzen lekukotu (zehazkiago, bi txanpon motatan). Halaber, testuko hizkuntza ez da iberiera, antzeko zeinu segidarik ez baitago penintsularen ekialdean ugari deskubritu diren idazkun iberiarretan.
Eskuan idatzita dugun zeinutegi paleohispanikoak bere mugak dauzka, eta horiek nahiko ezagunak dira epigrafisten artean. Hasteko, idazkeraren izaera silabikoak ez digu interpretazioa errazten, kontsonante guztiak halabeharrez bokal batekin idatzi behar baitira, salbuespen gutxi batzuekin: n, r1, r2, l eta m kontsonante “ozenak” eta s1, s2 (eta <T>?) txistukariak. Bestalde, idazkerak eta garaiko benetako fonetikak ez dute zertan bat etorri, eta hori aitzin-euskararako berreraiki diren zenbait alderditan nabaritzen da. Adibidez, kontsonante herskarietan (p/b, t/d, k/g) ipar ekialdeko zeinutegi iberiarrak (Eskuan dagoena horren egokitzapen bat da) ez du ahoskabe/ahostun bereizketa adierazten; zeinu bakar batekin (𐌇) /te/ silaba zein /de/ silaba irudikatzen dira, eta beste batekin (𐰬) /ku/ zein /gu/, esaterako. Aitzin-euskararako berreraiki den sistema fonetikoaren arabera kontsonante “fortisak” (gogorrak) eta “lenisak” (leunak) egon ziren, baina bi sail horien arteko aldea ez bide zen ahoskabe/ahostun parametroa (hasperena, geminazioa, etab.). Badirudi fortis/lenis gauzatze hori hotsaren kokapenak baldintzatzen zuela, alegia, silaba hasieran eta amaieran fortisak izan ohi ziren, baina bokal artean lenisak (jatorrizko sisteman behintzat). Edozelan ere, idazkeran ezin dugu aldizkatze hori sumatu, zeinutegia asmatu zuen hizkuntza iberiarrak ez baitzuen.
Halere, silaba herskaridunak idazteko modu bakar bat egonda ere, bi zeinu bikote daude kontsonante dardakari (r1 𐰶 eta r2 𐌒) eta txistukarietan (s1 𐠟 eta s2 ᛖ). Dardarkarietan bata -r- leuna eta bestea -rr- gogorra zela luzaroan uste izan den arren, orain adostasuna dago r1 (edo r) eta r2 (edo R) zeinuek soilik iberieraz ordezkatzen zituztela hots edo ahoskera desberdinak. Ikusi dugunez, iberierak ez zeukan fortis/lenis banaketa hori, eta bi zeinu dardarkari horien banaketa testu iberiarretan ez dator bat euskarak edo aitzin-euskarak zeukanarekin (beti gogorra silaba amaieran). Zeinutegia baliatu zuen gure inguruko beste hizkuntza batek, zeltiberierak, r2 (𐌒) baino ez zuen erabili, eta seguruenez horrek zerikusia du r2 zeinuaren agerpen-maiztasunarekin baskoiei egotzi zaizkien testuetan. Irulegiko Eskuan behin baino ez dago r1 (𐰶) idazkun osoan, eta ez da bestelako lekukotasunetan ageri. Esango nuke r1 eta r2 banaketa librean topatuko ditugula baskoierazko idazkietan, r2-ren aldeko joera batekin (eragin zeltiberiarrarengatik). Gainera, gehitu behar da garai hartako euskaran -r- leuna eta -rr- gogorra beharbada ez zirela oraindik bereizten, eta fonema bakar baten alofonak zirela.
Antzera, zeinutegi paleohispanikoak ez du aukerarik txistukarietan fortis/lenis bereizketa ikustarazteko, eta esan izan da s1 eta s2 ahoskatzeko gune desberdineko hotsak direla. Berriro ere, ez dakigu zehazki zertan bereiziko ziren, ezta gaur egungo euskararen z eta s hotsen baliokideak izango ziren ere. Idazkun iberiarrei helduz gero, badirudi haien s1 (𐠟) latinaren <s>-aren antzekoa zela (us1eker1te > lat. Osicerda), baina usadio zeltiberiarrean s2 (ᛖ) da nagusi: s2ekotias1 (gaurko Sigüenza), s2ekobirikes1 (gaurko Segóbriga), s2ekeis1a (lat. Segeda), s2ekis2amos2 (lat. Segisama). Zeltiberierak bazeukan s1 <z>, baina ez zen euskararen zetaren hotsa, inondik inora ere. Izan ere, s2 (ᛖ) zeltiberiarra s1 (𐠟) zeinuarekin ordezkatu zen baskoien hizkuntzan, hala nola, s1ekia (lat. Segia, hiri baskoia), eta egungo Zegama (*segama zeltatik). Orain arte topatu diren idazki baskoietan s2 (ᛖ) <bars2kunes> inskripzioa zeukan txanpon mota famatu horretan baino ez da jaso, eta zantzu guztien arabera baskoiei zeltek emandako exonimo bat da (*bharskun- > lat. vascon-), eta ez aitzin-euskaran sortutako izen bat.
Soilik Baskonia inguruko idazkunetan ageri den <T> zeinuaren gainean oraindik zalantza asko daude, nahiz eta baskoieraren salataria izan. Zeinutegiak kontsonante “gogorrak” idazteko mekanismo berezirik ez izanda, aitzin-euskararen hots afrikatuak (ts, tz) sailkapen horretan jausiko ziren, txistukarien (s, z) alofono “fortisak” ziren eta. Antza denez, ts eta tz irudikatzeko premia sentitu eta <T> tankerako zeinu bat baliatu zuten bi txanpon motatan (<uTanbaate> “Utzama ate” eta <oTtikes1> “Otstikz” = “Ostitz”) ikusten den legez (Eduardo Orduña Aznar ikertzailearen ustez).
Hori guztia ez ezik, hasperena edo /h/ ere ezin da islatu zeinutegi paleohispanikoan, eta hots hori euskara osokoa izan da garai historikoetan. Latinez izkiriaturiko izen akitaniar-baskoien bereizgarria da Antzinateko idazkunetan: Nafarroako Ummesahar, Larrahe, Arabako Helasse, Ipar Euskal Herriko Herauscorrisehe… Irulegiko Eskuko testuan hasperenaren irakurketa berrezarri behar dugu, garai hartako fonetikan frogatuta baitago.
Idazkeraren murriztapenak kontuan izanda, gogoan izan behar da idazkera hau ez zela asmatu baskoiera idatziz irudikatzeko. Horrez gain, hausnartzekoa da Eskuaren garaiko euskaran dagoeneko zenbait bilakaera fonetiko historiko abian zeudenentz, kasurako, bokal arteko herskari “lenis”-en edota silaba amaierako dardarkariaren galera, besteak beste. Betiere testuaren interpretazio zuzena jomugan egonda, honaino aipatutako alderdi guztiak ekuazioaren parte dira.
Ibon Sarasola filologoak bere 2016ko liburuan (“Bitakora kaiera”, 64. orrialdean) zioen bezala: “latinaren eraginak erabat desitxuratu zuen euskara, halako neurrian non erromatartze horren ondoren egiten zen euskarak – hots, gureganaino heldu denak – ez bide zuen antz handirik erromatarrak heldu aurreko euskararekin”, eta Erromako aurreko “euskara” horri buruz jarraitzen zuen: “[g]arai hartako testu bat agertuko balitz, orain etsita nago ez genukeela ezertxo ere ulertuko”. Nork esango zion 2022an baskoieraz idatzitako testu bat agertuko zela! Esan genezake Sarasolaren sasi-profezia bete egin dela? Edo behintzat erdizka, ezta?
Orain dela 1000 urte (Irulegiko Eskua idatzi eta 1000 urte beranduago), euskaraz daukagun lehenengo testu fidagarria, “Donemiliagako Glosak”, aldiz, ulertu uste dugu. Bi esalditxo dira (“guek aiutu eztugu” eta “izioki dugu”), eta hala ere euskararen “gramatika” modernoaren lekuko dira: bietan dugu adizki jokatua agertzen zaigu (esaldiaren amaieran), gu izenordainaren eta ez adberbioaren lehen agerpenak ditugu, -(e)k ergatibo marka, -tu zein -ki eratorpen atzizkiak eta latindar mailegu bat (aiutu < lat. adiūtum “laguntza”). Gainera, euskal fonetika berria idatziz islatzen dute: kontsonante ahostun eta ahoskabeen banaketa egun daukagun berbera da, bokal arteko -t- eta -k- ahoskabeak, txistukariaren osteko -zd- > -zt- ahoskabetzea, eta ematen du bokal arteko -d- kontsonantea galdu dela (geroagoko bizkaieran adiutu osoa daukagulako).
Glosak Eskuko baskoieraren eta gure euskararen arteko erdibidean kokatzen dira, eta abiapuntu interesgarria izan liteke, baina ezagun dugun euskaratik askoz hurbilago daude, erakutsi bezala (Sarasolak iradokitakoaren arabera, latinaren eraginagatik). Irulegin aurkitutako testua ez genuke gaurko euskararekin edota euskalkiekin erkatu beharko, lekukotasun gutxi gorabehera garaikideak urriak izan arren. Erroma aurrekoak dira zeinutegi paleohispanikoan grabatutako txanponak (euren jatorria zehaztea batzuetan zaila bada ere) eta Ascoliko Brontzean latinez zerrendatutako pertsona izenak (k.a. 90). Erromatar garaikoak (k.o. I-III. mendeak) dira Akitaniako idazkunak (latinez), eta orobat Nafarroan, Gipuzkoan, Araban eta Sorian aldare eta hilarrietan topatu diren antroponimo eta teonimoak. Lekukotasun guzti-guztiak izen bereziak baino ez dira (pertsonak, jainkoak, lekuak), gramatika agerikorik gabe (seguruenez eratorpen atzizkiak bai), baina Nafarroako Andelos hiri erromatarreko mosaikoa dugu salbuespena, ondo interpretatu ez den arren (gutxi arte iberieratzat hartu da, alde nabarmenak egonda ere): <likine abulor2aune ekien bilbiliar2s1>. Zeinutegi paleohispanikoan egindako idazkun horretan ikusgai dauden Likine (pertsona), Abulo (pertsona) eta Bilbili (lekua) izen bereziak dira.
Hizkuntzalaritza historikoaren eskutik aitzin-euskararen berreraiketa datorkigu, eta arlo horretan azpimarratu behar dut Joseba Lakarraren CVC erro teoria. Proposamen horren arabera, aitzin-euskara zaharraren morfema guztiak (lexikoak zein gramatikalak), hau da, hitz guztietan topatzen diren oinarrizko osagaiak, kontsonante-bokal-kontsonante (CVC) hotsen segida izango lirateke, eta hori inon baino hobeto euskal ondareko aditz-erroetan ikusten da: i-KUS-i, e-TORR-i, i-BIL-i, HAR-tu, SAR-tu, LOR-tu… Jatorrizko egoera baten ondoren, non hitz guztiak CVC tankerakoak izango ziren, hitz elkartuak hasiko ziren osatzen: CVC-CVC hasierakoak (gordin, berdin, beldur, sarkor), baina gero CV-CVC (sakon, sabel, samur), eta azkenean CVC-CV > CVCV (*senbe > seme, hezle; zale, jole). Euskal hitz zaharren silaba egitura hau funtsezko tresna da ezagutzen ez ditugun osagaiak identifikatu ahal izateko.
Ildo horretatik, nire doktorego tesiaren helburua euskararen izen morfologia historikoa berreraikitzea da, eta horretarako izenen inguruko morfema gramatikalen bilakabide osoa aztertu beharrean nago. Morfema gramatikal horiek nagusiki adposizioak dira (-ri, -n, -tik, -ra, -ekin… atzizkiak), baina zaku berean sartzen dira flexioa, eratorpena eta determinatzaileak. Aitzin-euskararen jatorrizko morfemen egitura CVC izan bazen ere, gramatizalizazioa deritzon prozesu baten bidez morfema gramatikal gehienak CV formakoak dira (eta zaharrenak eta erabilienak, C edo V soila), erabileraren poderioz (testu labur batean ere dozenaka aldiz agertzen direlako) hizkuntzaren beste elementuak baino azkarrago higatzen direlako fonetikoki. Beraz, esan genezake euskal ondareko aditz eta izenen erroak edo oinarriak CVC modukoak direla, baina morfema gramatikalak beti izaten direla laburragoak. Hatsarre hauek puntu bateraino aplikagarriak izan litezke Irulegiko Eskuko testuaren interpretazioan.
Inskripzioaren analisian sartu aurretik, balizko beste iturri bat erantsi nahi nuke: Pirinioetako toponimia. Euskal Herritik ekialderagoko lurraldeetan (Gaskonia, Aragoi, Katalunia eta Andorra) euskal jatorriko eta euskal itxurako leku izenak ugari dira, eta ikerlan askotan aztertu diren arren, CVC erro teoriaren ikuspegitik ez dira oraindik behar bezala arakatu. Historiari begira, toponimo horiek k.o. I mendetik X. mendera arteko denbora-tartean sortu bide ziren, eta hortaz, nonbait, Irulegiko Eskuaren garaitik Donemiliagako Glosak idatzi arteko hutsune dokumentala bete lezakete. Askotariko eratorpen morfologia erakusten dute, eta erro (CVC) zein atzizki (CV) gutxi batzuk behin eta berriro errepikatzen dira; horrek egiantzekotasuna eta fidagarritasuna ematen dizkie. Pirinioetako atzizki emankorrenen artean -i (Gerri, Larri, Surri, -barri, -berri, -carri, -gorri, -sarri, -tarri, -terri; adjektibo eta izengilea?), -(h)e (Benavarre, Escalarre, Isavarre, Larrés, Sorre; izengilea?), -de (Erts, Llert, Llorts, Sort, Suert; pluraltasuna?), -da (Erta, Lorda, Surta; egonlekua?) eta -be (Asasp, Aspe, Ayerbe, Erp, Gerbe, Gerb, Gurp, Lerp, Lierp, Lorbés, Lorp, Lurbe, Llesp, Sarp, Sorpe, Surp; “azpian”) aipatuko ditut, eta maiz lekukotzen ditugun erroak HER (Erta, Erts, Erp, Esterri, Gerri, Ger, Gerb, Gerbe), GOR/GUR (Bisagorri, Gurp, Gurs, Lasquarri, Lescurry), LAR (Belarra, Escalarre, Lardiés, Larra, Larrés, Larri, Larrué), LOR/LUR (Lorda, Lorbés, Lorp, Lurbe, Lhurs, Llorts), LAS (Lascun, Lasquarri, Lassur, Lescuns, Lescurry, Llastarri, Llesp), SAR (Bixessarri, Sarp, Sarsa) eta SOR/SUR (Sorre, Sorpe, Sort, Suert, Surp, Surri, Surta) dira.
Ikus dezagun, beraz, zer nolako transkripzioa dugun Irulegiko Eskuko testurako (lau lerrotan):
s1-o-r1-i-o-n-e-ku:
te-n-e-ke-be-e-ki-r2-a-te-r2-e-[n]
o-T-i-r2-ta-n:e-s1-e-a-ka-r2-i
e-r2-a-u-ko-n:
Gogoraraziko dizuet hitzen arteko hutsunerik gabe idatzi zela, baina bi puntu <:> gisako puntuazio ikurra lehen eta azken lerroen amaieran eta hirugarren lerroaren erdian ezarri zela.
Aitzin-euskararen CVC erroaren eta silaba egituraren ereduei jarraituz ahaleginduko naiz Irulegiko Eskuko zeinu segiden zentzuzko zatiketa bat aurkezten, eta hemen deskribatuko ditut testuaren interpretazioranzko nire proposamen “informatuak” (erro lexikoak letra larritan):
1. lerroa: ZOR1-i-HON-he GU(r)
Ezaguna denez, lehenengo hitza zori(h)on elkartua da. <SORI> osagaia Akitaniako lekukotasunetan ageri zaigu, eta seguruenez gaurko zori-rekin identifikatu dezakegu. Bigarren osagaia <bon> (CISSONBON) zein <hon> (HONTHARR) formetan jaso dugu Akitanian, eta gure (h)on adjektiboa izango litzateke. Lehenengo lerro honetan esango nuke Zori(h)on izen berezia dela, hau da, Fortuna jainkosaren izena, eta horri atxikia -he atzizki benefaktiboa (NORENTZAT, NORI eskainia) dator, gure NOREN genitiboaren marka berbera, baina antzina zeukan beste erabilera horrekin. Egitura paraleloa ikusten dugu Akitania eta Baskonia inguruan aurkitutako aldare batzuetan, non lehenengo edo azken hitza –(h)e amaieradun jainko baten izena den: ArtaHE, (*helas-he >) HelassE, HerauscorriseHE, (*itsacurrin-he >) ItsacurrinnE, LarraHE, (*selas-he >) SelatsE…
Jarraian gu izenordaina edukiko genuke, alegia, nor ari den eskaintza egiten (subjektua), mende batzuk geroago topatzen ditugun eskaintza horien antzera, nahiz eta kasu horietan subjektua pertsona izena izan. Zergatik gu? Bada, Donemiliagako Glosetan dagoeneko agertu zitzaigulako, eta beharbada Eskuaren garaikidea den Ascoliko Brontzeko <GURTARNO> izenean dagoen GUR erroa izenordainarena delako. Izen berezi horretan daukaguna baliteke jatorrizko CVC erro lexikoa izatea, eta gu izenordaina forma gramatikalizatua izatea (CVC > CV), ez bada *gur hori toponimian (Gurp, Gurs) lekukotzen dugun elementua dela. Edozelan ere, Eneko izenaren jatorria “niretxoa” izatekotan, <GURTARNO> “gutakoa” izan liteke.
2. lerroa: TEN-he-ge BE(n)-he g-IR2A-de-r2e[n]
Zalantzarik gabe, lerro hau dugu zatikatzen zailena. Hasierako hitza ezin dut identifikatu, baina proposatuko nuke TEN-he izen arrunta dela, toponimian ikusi dugun -he eratorpen atzizkiarekin (*LAR-he > larre), eta -ge mota bateko edo besteko adposizio bat. Lehenengo zeinuari dagokionez, Aranzadi Elkarteak egindako azken aurkezpenetan ikusi dut orain <te>-ren ordez <ku> irakur daitekeela (lerro berberean dagoen bigarren <te> zeinua desberdin idazten baita); kasu horretan KUN-he > gune izen arrunta izan liteke, eta -kun osagaia Pirinioetako toponimian badugu (Arizkun, Lascun, Orcun).
Jarraian behe izen arrunta etorriko litzateke, adposizio askeetatik gertu dagoen kokapen-izena (azpi edo gain bezalakoa), sailkapen sintaktiko batzuetan Ardatz Zatia (Axial Part ingelesez) ere deitua. BEN erro lexiko bat proposatzen badugu, -be adposizioa edo eratorpen atzizkia bere gramatikalizazioa izango litzateke, eta horixe da Pirinio guztietan zeharkako toponimian atzizki ohikoenetako bat. Erro lexikotik zuzenean eratorri zitekeen leku izen batzuetan jasotzen dugun osagaia, hala nola, Benasque edo Isabena, baina gramatikalizazioak zaharra dirudi, eta beharbada *be osagaitik ateratako behe izena edukiko genuke Aragoiko Belarra (<*behe-larra), Benavarri (<*behe-nabar) edo Alt Urgelleko Benavarre (<*behe-nabar) toponimo elkartuetan. Proposatuko nuke behe *be osagaiaren + -he eratorpen atzizkiaren elkarketa dela, bestelako aukerek emaitza oso desberdinak emango lituzketelako gaurko euskaran, esaterako, BEN-he > *benne > **bene/**mene edo BEN-e > *bene > **mehe (*bini > mihi, min- bezala). Atzizki berbera (-he > -(r)e), antza denez, errekurtsiboki erantsi zaio behe-ri behere izena eta adjektiboa sortzeko, “Nafarroa Beherea”-n bezala.
Azken zatian <girade> adizki jokatua irakurtzen dut (eta ondo identifikatu gabeko -re(n) atzizki bat). IZAN aditzeko forma hori lehenengo lerroan iradoki den subjektuarekin bat etorriko litzateke. Zailxea da frogatzea egun soilik Euskal Herriko ekialdean erabiltzen diren gira edo girade adizkiak gara baino zaharragoak direla, baina argudio batzuk egon badaude:
- IZAN aditzak beste aditz batzuek bezala jokatuko balu, orainaldiko forma jokatuak *n-iza,* h-iza, *d-iza, *g-iza-de, *z-iza-de, *d-iza-de izan beharko lirateke. 1. eta 2. pertsona singularretan niz eta hiz badaude ekialdeko hizkeretan, eta euskara batuan 3. pertsona singularreko adizki hipotetikoa balitz (<*ba-l-iza) dugu.
- Jakina denez, *DAR (“jarri”) aditz-erroaren suplezioa (ordezkapena) dago IZAN-en orainaldiko paradigman. 3. pertsona singularreko forma izan ei zen suplezioa jasan zuen lehena: *diz(a) -> *dar(a) > da.
- -de atzizki pluralgilea ezaguna dugu beste aditz batzuetan (gaude < *ga-go-de, adibidez), eta bere zahartasuna Pirinioetako toponimiak erakusten digu (izen eratorpenean izanda ere). Beraz, *gizade, *zizade eta *dizade bezalako formak berreraiki daitezke.
- Lakarrak proposatu du *dizade > dirade moduko errotazismoa 3. pertsona pluraleko irregulartasuna azaltzeko (DAR erroarekiko nahasketak ere lagunduko zuen). Beraz, girade jatorrizko formatik urrats batera baino ez dago.
- *Da(r)(a) forma supletiboaren eraginez sortuko lirateke na-iz, ha-iz singularreko formak, eta garade, *zarade gisakoak pluralean. XIV. mendeko Iruñeko “Pater Noster Txikia” izeneko agirian garade adizkia jaso dugu.
- Euskaraz argitaratu zen lehendabiziko liburuan (Etxepare, 1545) girade lekukotzen dugu.
- Une batetik aurrera singularreko eta pluraleko formak bereizteko -de pluralgilea erredundantetzat joko zen, singularra eta plurala erroan (-z- VS -r-) desberdintzen zirelako orduan: niz/hiz VS gira/zira/dira
- Era jokatuan gutxitan baliatzen dugun beste aditz batean ere (ETZAN) erro supletiboen arteko nahasketa gertatu zen. Singularrean daTZA VS pluralean dauTZA (daude/dagoz/dauz formen kutsaduragatik).
Horrenbestez, “behean/azpian gaude” edo irakurri beharko litzateke bigarren lerroan.
Bestelako proposamen bat eskaintzearren, iberisten artean lerro honetan dagoen <ekir2a> zeinu segidan Andeloseko mosaikoan <ekien> edota Caminrealgo iberierazko <ekiar> irakurri nahi izan da, hau da, egin aditzaren (lehenaldiko) forma jokatu bat, baina azaltzeke geratuko litzateke beste guztia.
3. lerroa: HOZ-HIR2-da-n HE(r)-ze HA(r)-ga-ri
Lehenengo hitza oTirtan (edo Otzirtan, <T>=tz onartzekotan) irakurtzen da, eta hemen hitz elkartutzat eman dudan arren, leku izen bat dela susmatzen dut (Joakin Gorrotxategik ere bai). <T> tankerako zeinua orain arte leku izenetan agertu zaigu (uTanba = Utzama, eta oTtikez = Ostitz?), eta ez nuke ziurtasunez jakingo toponimoaren lehenengo osagaia zein den, baina Nafarroa Behereko “Oztibarre”-n eta ibar horretako “Hozta” herriaren izenean dagoen elementu berbera izan liteke (HOZ), eta <oTtikez> txanpon baskoietakoan. Elkartuaren bigarren zatia <Iltir2ta>-n (Lleidaren izen zaharrean) geneukan berbera da. Erromatarrentzat “Ilerda” izan zen hiriaren izena, baina esan izan da iberieraz <iltir2> hitzak berez “hiria” esan nahi zuela. Halere, ez dakigu euskararen hiri hitzarekin zer harreman daukan, eta hortaz HIR2 erroa hiri-rena izan liteke ala ez. Azken osagaia (-dan) bitan banandu daiteke: -da/ta toponimoaren parte (Hozta, Gaskoniako Lorda > fr. Lourdes eta Lourde, Aragoiko Erta, Surta) edo lokatibo zahar baten atzizkia, eta -n inesiboko atzizkia. Bestela aztertuta, -tan iberiar penintsulako hainbat gentiliziotan agertzen den atzizkia izan liteke (iacetani, cerretani, ausetani, laietani…).
Lerro honetako bigarren partea askoz zailagoa da. Puntuazio ikurraren ostean <eze> ezeztapen adberbioaren forma zaharra ikusi nahi izan da, horixe delako aspaldi berreraiki zen forma. Kontua da euskara zaharrean aginterazko esaldietan ze forma berezia erabiltzen zela, eta ez eta ze batzeko *eze forma proposatu zela. Halere, ezeztapena izateko adizkitik eta esaldi amaieratik oso urrun aurkitzen da, eta euskararen ez adberbioak sintaktikoki kasik aurrizki moduan jokatzen du, hemen topatzen ez dugun kasuistika bat. Formagatik <eze>-k izen arrunt moderno baten itxura dauka (ale, ate, aza, ele, eme, era, eri, ihi, ogi, olo…), baina bere oinarria asmatzea ez da erraza: akaso HER erroaren eratorri bat, gaurko etxe bezalakoa.
Azken lau zeinuen inguruan ez daukat batere argi, baina baliteke ha(r) erakuslea izatea, eta horri jarraituz ga morfema gramatikala (lokatiboa? pluralgilea?), baina -r2i ez nintzateke ausartuko parekatzen gaur darabilgun ezeingo atzizkirekin. Irakurri dudanez, iberierazko testu batzuetan ere <akar1i> zeinu segida behin baino gehiagotan jaso da.
4. lerroa: e-r2a-(d)U(n)-go-n
Azken lerro honetan hitz bakarra daukagu, eta askori bururatu zaien bezala, seguruenez esaldi amaierako adizki jokatua da. Aditza izatekotan, *eradun-en forma bat izango litzateke, *edun aditzaren forma ditrantsitibo bat, edo zehar osagarri bat onartzen duen adizki bat (NOR-NORI-NORK). Aditzak euskara modernoaren -ra- kausatiboa izango luke barruan (arazotsua da hau), eta beraz esanahiaren aldetik “edukitzera behartu” (= “eman”) edo izan liteke. Fonetikoki eztabaidagarria izan daiteke bokal arteko -d-ren eza (*eDUn-en erroan dagoena), baina egongune horretan kontsonante “lenisak” aise galdu zitezkeen (1000 urte beranduagoko “aiutu” horretan ikusi bezala), gorago adierazitakoaren arabera elementu gramatikalak (kasu honetan adizki bat) azkarrago higatzen direlako.
Aditz ditrantsitiboa (NOR-NORI-NORK) denez, datiboa (NORI) eskatzen du, nahiz eta garaiko hizkuntzan ziurtasunez hautazkoa izan. Paper hori beteko luke -go- markak (3. pertsonakoa: hari/haiei; -gu [guri] idazteko beste forma bat ez bada!), nire ustez -ga- morfema gramatikalaren aplikatibo bat. Euskara historikoan lekukotuta dago -go bera (jago, diago, digo…), eta baita -ko bere aldaera (jako, derauko). Denboraldiari dagokionez, iaz uste izan nuen lehenaldikoa izan zitekeela, e- bokalaz hasi eta -n kontsonanteaz amaitzen delako, Andeloseko <ekien> (=“egin zuen”?) bezala. Orain gehituko dut aginterazkoa ere izan litekeela, horiek ere e- batez has daitezkeelako (egin! egizu! erostazu!) eta -n-z amaitu (goazen!). Beste aukera bat: azken -n-ak nokako NORK subjektua marka lezake (emaiozu -> emaion [hik]).
Analisia itxi baino lehenago dardarkarien gaineko hipotesi bat plazaratu nahi dut. Orain dela 2000 urteko euskararen ahaidea izan zitekeen baskoierak bokal arteko -l- lenisa gordeko zuen, -VlV- > -VrV- aldaketa fonetikoa beranduago gauzatu zelako (Erroma osteko euskaran, hainbat mailegu latindar eta toponimo lekuko). Testuari begira, hasierako <zori>-n dugu r1 zeinu bakarra, eta aldi berean, garai hartan dagoeneko -r- leuna (edo sinplea) izango zen hots bakarra, akitanierazko <SORI>-k erakusten digun legez. Testuko beste dardarkari guztiak r2 zeinuak adierazten ditu, baina zeinutegiak ezin zuen lenis/fortis bereizketa markatu. R2 zeinuarekin idatzitako osagaiek jatorriz beste hots batzuk izango zituzten dardarkariaren ordez, dela -z-, dela -l- (*ili? *lon > -ra-?), dela bestelako bat (-re[n], -ri? epentesirik?). Ezin dut zehaztu euren ahoskeran zertan desberdinduko ziren, eta halere, r1 zeinuak aitzin-euskararen /r/ fonema adierazi lezake, eta r2-k, ordea, hurbil zegoen bestelako bat.
Antzinaroan idazketa herri xehearen egunerokotasunetik urrun zegoen prozesu oso “formulaikoa” izan ohi zen, eta helburu zehatz batzuen arabera egiten zen, patroi jakin batzuei zurrun jarraituz. Irulegiko Eskuan proposatu dudan helburuaren egiturari eta ereduei jarraitzen die testuak, objektuaren izaeragatik beragatik eta identifikatu ahal izan diren osagaiengatik eskaintza/eskaria formularen aurrean egongo ginatekeelako: NORI + NOR(k) + ZER. “Fortuna” (zori(h)on) jainkosari eskaintzen diogu objektua, eta trukean (nonbaiten) zerbait ematea eskatzen zaio.
Irulegiko Eskuko testigantzak eta antzekoek aurrera eramaten dute euskararen historiaren ezagutza, momentuz irudi iluna eta lausoa bada ere. Hizkuntzalariok ezinbesteko ditugu idatzizko lekukotasun zaharrak, eta elkarri elikatzen diogu, gurpil zoro batean bezala: gure aitzin-hizkuntzek hipotesiak proposatzen dituzte, antzinako testuak ulertzen eta interpretatzen laguntzen dutenak, eta, halaber, testuek hizkuntzaren berreraiketarako gakoak ematen dizkigute. Ezaguna da hizkuntz familia indoeuroparraren berreraiketan inoiz inon ez jasotako kontsonante glotalak proposatu zirela, eta urte batzuen buruan, hititeraren aurkikuntzaren eskutik, Anatoliako testuetan idatzitako hasperen hotsek frogatu zuten zuzenak izan zirela.
Euskalaritzaren munduan izugarri baliotsua dugu Irulegikoa, baina garai bertsuko testu gehiagorekin erkatzeko berebiziko beharra daukagu, ea zeinu segidak (erroak eta morfemak) errepikatzen diren, eta hortik tiraka osagai eta hitz berriak atera ahal ditugun. Etorkizunean horrelakoak agertuko badira, jakinminean nago hemen aurkeztu dudan irakurketa berretsi ala erabat deuseztatuko duten.