Kolaborazioa

Sartalderantz

Erabiltzailearen aurpegia Asier Gabikagojeazkoa 2024ko urt. 29a, 10:10

Amaya haitza, Burgosko probintzian

Lehengo egunean Bilbon Santanderreko batekin berbetan nengoen, eta esan zidan bere abizena euskalduna zela (Arraiza), baina ez zekiela nondik zetorren, ezta bere esanahia ere. Entzunda zeukan Arraiza izeneko herri bat dagoela Nafarroan. Nik erantzun nion deitura horren osagaiak euskal leku izenetan topatu daitezkeen ohikoenen artean daudela: har(ri) eta haitz(a) (“(H)arkaitz” izenean dauden berberak). Izan ere, Bilbon bertan toponimo berbera daukagula nabarmendu nuen: Arraitz mendia. Are gehiago, beharbada K.a. I. mendeko Ascoliko Brontzean idatzitako “Arranes Arbiscar” baskoiaren izenean ere lekukotzen bide ditugu. Edozelan ere, Euskal Herriko (eta haratagoko) edozein tokitakoa izan liteke abizena.

Iazko “Norabideak” artikuluan aipatu nuen Bizkaiko sartaldetik Kantabriara eta Burgosera joateko erraztasuna daukagula, erakunde publikoek bultzatuta zalantzarik gabe, eta, gainera, Bilboaldeko populazioaren zati handi batek eskualde horiekiko harreman pertsonala dauka. Zintzoa izanik, badaude historikoki lotzen gaituzten kontu batzuk. Oraingo honetan Kantabria ekialdean eta Burgos iparraldean aurkitu daitekeen euskal toponimiaz arduratuko naiz.

Egia da Bilbotik mendebaldera euskararen presentzia gutxiagotuz doala, eta hizkuntzaren beraren aztarnek ez dirudite oso zaharrak direnik, eta hala ere, badira euskaraz gardenak diren leku izen gutxi batzuk. Zehaztu dezadan Euskal Herritik ekialderagoko toponimoak askoz zaharragoak direla, eta hortaz esanguratsuagoak euskararen historiaren ezagutzarako, eta sartalderanzko hauek, ordea, Erdi Aroan sortutakoak ei dira.

Kantabriari dagokionez, marra garbi bat dago Asón ibaiaren arroaren inguruan; hortik sartaldera bat ere ez da topatzen. Ematen du gehienak lur garaietako egonleku bakanak eta isolatuak izan zirela, normalean kostaldetik ez gertu (Asón-Agüera eskualdean). Hariztiz eta artadiz betetako mendialdeko eremu honetan ikusten ditugu Ogarrio, Udalla, Ojebar, Aja eta Gibaja. Salbuespena dugu Berria (azentua lehenengo silaban) Santoñako hondartzaren izena (Trasmiera eskualdean), ez bada euskal adjektiboa ez den beste azalpen bat daukalako.

Ohar batzuk gehituko ditut:

Euskararen fonetika zaharraren salatari da “Udalla” toponimoa. Etimologikoki seguruenez “uda” eta “alha” (larre, zelai) osagaiak dauzka, Euskal Herriko beste leku batzuetan jaso ditugun bezala: “Udala” eta “Udalatx” mendiak Arrasaten. “Alha” hitza euskara batuko hiztegietan onartuta badago ere, gaur egun Ipar Euskal Herrian baino ez da erabiltzen; 1596. urtean Bilbon idatzitako “Refranes y Sentencias” errefrau bilduman, ostera, “alaune” (< alha-gune, gazt. “majada”) agertzen zaigu (“Idi zarrari, ze egiok alaunerik sorotsi”). Horrez gain, Arabako Lautadan “Aialha” bat zegoen X. mendeko “Reja de San Millán” izeneko agirian, eta “Aiara” haranaren deitura ere hasperenik gabeko “Ayala” batetik garatuko zen. Baina benetan azpimarragarria da -ll- kontsonante sabaikariaren agerpena “Udalla”-n, horrek erakusten baitigu euskara zaharraren -lh- multzoa -L- kontsonante fortis gisa hauteman zela, eta erromantzez sabaikaritu zen (haren -l- hotsa baino “indartsuagoa” izanda), Burgoseko edota Arabako “Zaballa”-n gertatu bezala. Antzeko kasu bat da lat. ballena > eus. zah. *baLena > *baleha > eus. balea, hau da, latinaren -ll- geminatua/bikoitza (katalanaren <l·l> grafiaren hotsa) -L- fortisa zen euskara zaharrean (eta gero gaurko -l- batean bakundu zen), baina hizkuntza erromantzeetan -ll- sabaikari bihurtu zen.

Halaber, eremu horretan dagoen “Arredondo”-k daukan /R/-en aurreko /a-/ protetikoa antzinako euskal eraginaren ondorioa izan liteke, jakina denez ezinezkoa baita euskarazko hitz bat /R/ batekin hastea (arrisku, arropa/erropa, irrati…).

Karrantzarekin mugan dagoen “Ojebar” herriaren izena badirudi “oihan” eta “ibar” osagaiei lotuta dagoela (Zallan “Ojivar” auzo bat dago).

“Gibaja”-ren etimologia argi ez badaukat ere, formagatik euskal ondarekoa izan daiteke. Arabako Gibijo (Gibillo) ekarri dit burura (eta Gillarte < Gibillo-arte), baina baliteke “gibel” (atzeko) eta “hai(t)za” (> *axa > -aja) osagaiak egotea, Arabako “Eskibel”-en bezala (< *haitz-gibel), gainera kontuan hartuta “Aja” ere oso urrun ez dagoela.

“Aja” herria IX. mendeko agiri batean <Asia> grafiarekin lekukotu da, ziurtasunez “hai(t)za” idazteko Erdi Aroko forma bat. Bilakaera paraleloa izan du Trebiñuko Ajarte/Axarte herriaren izenak (< *hai(t)z-arte).

Oso toponimo gutxi diren arren, eremu mugatu batean aurkitzeak zentzuzkoa dirudi. Esango nuke Bizkaiko mendebaldetik joandako euskaldunen hiribildu txikiak izan zirela, erabat erromantzatu aurretik.

Burgos iparraldeko “Merindades” eskualdean ere (gehienbat Lausa/Losa eta Mena haranetan) euskal itxurako bakan batzuk ere topatu daitezke: Anzó, Artieta, Arza, Balgerri, Ordunte, Portillo de Egaña, Hozalla, Aostri, Zaballa, Izcarrio, Muga, Urgaña, Villarán, Urria… eta jatorri erromatarrekoak izanda ere, euskal kutsua duten Lezana, Leciñana edo Antuñano modukoak ere. Hangoak Arabatik joandakoak ere izan zitezkeen.

Dena dela, honaino aipatutakoak bereizi behar dira batzuetan euskaldunei egotzi zaizkienetatik. Behingoz esango dut: Kantabriako leku izen gehien-gehienak erro zeltakoak, erromatarrekoak edo erromantzezkoak dira. Arazoa da aspaldidanik Antzinaroko kantabriarren eta Erroma osteko baskoien arteko nahasketa bat egon dela, atzerriko botereen kontrako borroka baten kontakizun interesatuan. Fikziozko lotura horren ondorioz gaur egun “Amaia” izen baskoitzat dugu, XIX. mendeko Euskal Herriko idazle batzuek “amaitu” aditzetik eratortzen zela aldarrikatu zutelako. Hala eta guztiz ere, “Amaya” erromatar garaiko kantabriarren hiriburu bat izan zen, egungo Burgos probintzian. Garai hartako tribu kantabriarraren lurraldeak Kantabria osoa ez ezik, Burgosko Merindadeak eta Palentziako mendialdea ere izan ziren.

Amaiera berbera duten toponimo batzuk egon badaude inguru horretan, hala nola, Selaya, Besaya (Kantabrian), Tremaya, Estalaya (Palentzian). Zantzu guztien arabera, -aya atzizki indoeuropar bat izan zen. Bilbon ezagutu nuen santandertarrak uste zuen Selaya eta euskararen “zelai” hitza bat eta berbera zirela, baina nire iritziz euskal izena mailegu zelta bat izan daiteke, *sed- “eseri” ( > sedentario, sede, residencia, presidente, silla…) erro indoeuroparretik sortua, gaztelaniaz ere esanahi hurbileko “sel” hitza badaukagulako. Hain zuzen ere, Kantabrian bereziki ugariak dira “sel” osagaia duten toponimoak: Sel del Manzano, Sel del Hoyo, Sel de la Carrera, Sel del Tojo, Sel de la Peña, Selviejo… Euskarazko “larre” ere *dar (*edarri > jarri “eseri”) erro batetik datorkigu, garapen semantiko berdina izan duelako.

Aitortu behar da Bizkaiak eta Kantabriak puntu komunak dituztela, eta nahasketa oso zaharra izan dela. Horien arteko populazio trukaketa mendeetan zehar gertatu omen zen. “Bizkaitarrak” esan ohi zitzaien kostaldeko kantabriarrei Erdi Aroan eta Errenazimentuan. Kantabriaren izenak berak ere “kant” zelta (harri) du barruan, eta Bizkaiaren esanahia “mendilerroa” ei da (“bizkar”). Burgos iparraldeari dagokionez, hango eta hemengo toponimo batzuk errepikatzen dira, esaterako, Ordunte ibaiaz gora dagoen Burceña herria (Mena haranean), eta Kadagua ibaiaren aldean dagoen Burtzeña barakaldotarra, edota Lausa/Losa haraneko Castresana eta Kadagua ondoan dagoen Kastrexana auzo bilbotarra.

Labur esanda, Kantabria ekialdea eta Burgosko Merindadeak bilbotarron “Erdal Herria”, gure “atzeko herria”, gure “atzerri” hurbila dira, arabarrentzat Errioxa eta Burgosko Bureba izan ziren moduan, non leku izen euskaldunak ugaltzen diren. Errekonkistarekin batera, Erdi Aroko baskoi eta nafarron kolonizazioa askoz urrunago heldu zen, baina arrasto gutxi utzi zuten toponimian, Kantabria eta Burgos probintzien arteko mugei jarraituz aurkitzen ditugun Basconcillos del Tozo, Báscones de Zamanzas edo Báscones de Ebro herrien izenak ez badira, eta orobat inguruko Salazar de Amaya, Úrbel del Castillo eta Arreba izan daitezke beste batzuk.