Batzuetan gustatuko litzaidake nire arloko eta intereseko kontuetan baino ez aritzea. Halere, errealitateak ez dit beti uzten. Baten batek esan lezake hedabideen eraginez behin eta berriro txarrera aihertzen garela, albiste kaltegarri zein ikaragarrien zaleak izaten direlako, eta etengabe konektatuta gauden honetan, gain-informazioa jasateraino, gure inpresioak erabat baldintzatzen dituztela eta, oro har, panorama ilundu. Are gehiago, ez litzateke oker egongo pandemiatik hona psikosi kolektiboa albo batera uztea kostata egiten ari garela esango lukeena.
Haatik, datuak arakatuta objektiboki esan dezakegu azken 30 urteetatik oraintxe dugula gerra gehien indarrean dauden momentua. Arrazoiak bilatu nahi izanez gero, sistema mundialaren gainbehera da ardura duten horietako bat. Hitz batez, ezagutu dugun nazioarteko oreka desegonkortu da hainbat faktorerengatik, baina batez ere aldaketa sozioekonomiko eta geopolitikoen bitartez. Francis Fukuyamaren “Historiaren Amaiera” aurpegian lehertu zaigu, eta “Pax Americana” delakoa (benetakoa inoiz izan ez zena) amaitu da, eta orain liberalismo eta kapitalismo basatiaren eskutik (nahitaez euren burua suntsitzea baitute azken helburua) Gerra Hotz bero batean murgilduta gaude.
Nire esperientzia pertsonaletik, XXI. mendeko 10-15 urteko arorik baketsuenean munduan barrena bidaiatu ahal izan dut, eta nazio eta gizarte desberdinak gertutik ezagututa, orain leku eta pertsona horiek axola egiten zaizkit. Horregatik minduta eta kezkatuta nago. Eta esker onekoa naiz, badakidalako hori guztia Lehen Munduko hiritar gisa nire pribilegiotik egin ahal izan dudala.
Mundua berriro bitan zatituta dugu, eta arestira arte zabalik zeuden muga batzuk irismenetik kanpo gelditu zaizkigu. Ukrainan borroka latza lekukotu dugu azken urteetan, eta fronte luze eta zabal bat hedatzen ari da Europa Ekialde osoan, Finlandiatik Moldaviaraino (pasa den astean Transnistriako agintariek Errusiari eskatu baitzioten laguntza), herrialde baltikoetan zehar.
Eta Mendebaldeko Europaren erreakzioa gordina izaten ari da: militarismoa bultzatuz, Alemanian nahiz Erresuma Batuan zerbitzu militarra berrezartzearen aldeko aldarriak entzun dira, Frantziak ez du baztertzen gerra ukrainarrean tropa europarren esku-hartze zuzena, eta Von Der Leyen Europar Batasuneko presidenteak armen ekoizpena eta defentsaren inbertsioa areagotu nahi ditu.
Kaukaso inguruan, Armenia eta Azerbaijan elkarri mokoka ari izan dira 2023an, eta oraindik ikusteke dago nola amaituko den; Georgian, aldiz, Ossetia eta Abkhaziako gatazka izoztuak ditugu, betiere Errusiaren borondatearen menpe.
Ekialde Hurbil eta Ertainean zer esanik ez. Urte honetako eremurik arriskutsuena dugu, Israel-Palestinatik herrialde guztietara zabaltzeko zorian baitago: Yemendik Siriaraino eta harago, Iranek tartean sartzea erabakitzen badu.
Halaber, Afrikako Sahel eskualdean domino-efektua egon da, estatu kolpeak bat-batean ugaritu dira, eta autoritarismoaren alde lerratzen diren gobernu militarrak ezarri dira.
Eta hori guztia gutxi izan balitz, Estatu Batuen babespean dagoen Taiwan irla Txinak mehatxatzen jarraitzen duenez, potentzia bien arteko talkaren zemaia dugu gainean, mundu osoa astinduko duen Ozeano Bareko gerra batean. Eta ez da ahaztekoa Myanmarren gerra zibila dagoela, 2021eko estatu-kolpearen ondorioz.
Historialariek ondo jakingo dute fase historikoen arteko trantsizioan gaudela, botere hegemoniko baten endekapena bizitzen ari garela, eta aldi berean nazioarteko hainbat eragile gailentasun ekonomikoa, politikoa eta militarra bereganatu nahian dabiltzala. Dena dela, garaitzaileen “botere biguna” momentuz ez dago kolokan, eta ikuspuntu, ikuspegi eta ikuskera amerikarra nagusi da gurean.
Sistema ekonomikoak berak sortu duen klima aldaketak populazioen mugimendua bultzatuko du datozen urteetan, eta dagoeneko ari da horretan eragiten. Populismoa eta eskuin muturra goraka doaz herrialde garatuetan, Argentinan eta Estatu Batuan ondo ikusi ahal izan dugun bezala, baina baita Europan ere, aurtengo hauteskundeetan ziurtasunez behatuko dugun legez.
Horrenbestez, ez luke harritzekoa izan behar milenialdarron eta Z belaunaldikoen artean pesimismoaren goraldiak; aspalditik bagenekien gure gurasoak baino txarrago biziko ginela, baina ezin genuen sumatu aurrean hain etorkizun iluna geneukala. Horiek horrela, aipatutako erabaki horiek hein handi batean geure kontroletik at egonda, ezer gutxi egin dezakegu, eta beraz, ahal dugun lekuetan gozatzeko uneak topatu eta aurrera jarraitzea da gure erronka.