Gogoratzen duzue duela bi hamarkada sortutako “Second Life” plataforma? Nekez ulertu nuen zer demontre zen hura, hamaika azalpen jasota ere: “Bideojoko baten antzekoa da, abatar bat aukera dezakezu, nahi bezala ager zaitezke eta bertan beste batzuekin harremanetan jarri, erosi, saldu, etxe batean bizi, diskotekara joan, nahi duzuna egin dezakezu”. Pentsa 2003an geundela, urteak pasa behar ziren sakelakoek interneterako sarbidea izateko. Lagun askok oraindik ez zuten posta elektroniko helbiderik ere. Nik ezin nuen ulertu zein zen jolas horren xarma, nolatan aritzen ziren han milioika lagun.
Bada, esperimentu harekin metaversoa asmatu zen, baina benetako errealitate paralelo arrakastatsu eta normalizatua sare sozialek eta Internetek ahalbidetutako bestelako hamaika espaziok eraiki dute. Eta, hara non, orain ez dira asko mundu birtualean abatarrik ez dutenak, baina orain profil esaten diogu.
Lehen “bizitza erreala” haurren fisikaren eta betebeharren legerik gabeko fantasiazko munduaren antagonikoa zen, eta, hazi ahala, batetik besterako bidea atzera bueltarik gabekoa izaten zen, bien arteko mugak gero eta argiagoak. Orain, berriz, “bizitza erreala” “bizitza birtualaren” alteritate gisa darabilgu. Gaur denok dugu eskura metaversorako sarbidea eta gure abatar birtualak bizitza errealarekin zerikusi handirik izan behar ez badu ere, eta askotan itxurakeria nagusi izan arren, iruditzen zait bata eta bestearen arteko mugak gero eta lausoagoak direla. Liluratzen nau zein ondo moldatzen diren bertan -eta batetik bestera- belaunaldi gazteak, eta ez hain gazteak ere bai. Nola demontre ikasi dute?