Euskarafobia?

Erabiltzailearen aurpegia Atxarte 2023ko aza. 21a, 11:24

Azken garaiotan, euskararen kontrako oldarraldia azaltzeko, behin eta berriz erabiltzen dugu euskarafobia hitza. Aitortzen diot berbari erabilgarria zaigula, zinez eta zoritxarrez, euskararen kontrako jarrerak biltzeko. Baina, kontzeptu gisa, hankamotza dela uste dut.

Iruditzen zait fobiei nolabaiteko osagai irrazionala egotzi ohi diegula, inkontzientea, indibiduala. Uler liteke, hortaz, batzuek gorrotoa berez diotela euskarari, traumaren edo gaitzen bat sendatzeke izateagatik, esaterako. Edota euskarak, berez, gorrotoa eragin dezakeela. Auskalo zergatik.

Haritik tiraka, hiru aipu datozkit gogora zirimolan. Batetik, Musa Anter borrokalari kurduaren hitz ospetsuak: “Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula”. Bestetik, Jose Mari Pastorri irakurritako esaldi bi: “Kolono kuadrilla dira batzuk. Kolonizatu artaldea besteak”. Azkenik, Celia Amorós pentsalariak iltzatutakoa: “Ondo politizatzeko, kontzeptuak ondo osatu behar dira”.

Kasu honetan, beste batzuetan bezalatsu, uste dut euskarafobia terminoak sakoneko eta oinarrizko osagaia lausotzen duela, politikoa, alegia. Euskararekiko herra ez da ausazkoa, ez da naturala, egiturazko botere sistema baten ondoriozkoa baizik. Doala beti aldez aurretik.