Espazioaren jabe

Erabiltzailearen aurpegia Atxarte 2024ko urt. 24a, 10:23

Laster hitzordu garrantzitsua dator, Euskal Herriko III Topaketa Feminista. Beste behin Bilbon izango da, oraingoan otsailaren 17an eta aukeratutako leloa izenburukoa da: Espazioaren jabe. 

Emakumeok, elkar hartuta, gure askapena gauzatzeko bidea aldarrikatu, jorratu eta burura eramateko helduleku izan nahi du Topaketak. Emakumeok kaleak, espazio publikoa eta politikoa berreskuratzeko garaia da. Agenda feminista bere osotasunean berriz erdigunean kokatzeko garaia. Emakumeon kontrako indarkeria guztiak, emakumeon esplotazioa, merkantilizazioa eta deshumanizazioa desagerrarazteko garaia.

Eguna bi ataletan egongo da antolatuta. Goizean  hiru lan-mahai osatuko dira eta emakume bakoitzak erabakiko du aldez aurretik zeinetan parte hartu: Hezkidetza, Aldarrikapen espazioa eta  Indarkeria patriarkala.

Bazkalostean, eztabaida-mahaia osatuko da. Bertan, hiru belaunaldi ezberdinetako emakumeek gai bana jorratuko dute: indarkeria matxisten biktimei laguntza, indarkeria matxista Interneten eta ugalketa-esplotazioa. Denon artean ideiak elkarbanatzeko espazioa ere zabalduko da.

Beharrezkoa da urtarrilaren 31 baino lehen izena ematea: https://forms.gle/eT3eFhr8yuNdenf48. Dagoeneko dozenaka emakumek eman dute, asko emakume taldeetako eta talde feministetako partaideak dira, beste asko independienteak. Zatoz zu ere, hautsi zure kateak, bada garaia eta.