Bilbon bada tradizio sakoneko mugimendu feminista abolizionista bat. Badira ibilbide luzeko taldeak - Lanbroa, Gafas Moradas… -, eta gazteagoak ere bai - Emargi, Neskameak, La Mirada de Lilith…- Ildo horrek erro sakonak ditu Bizkaia mailan, eta osasuntsu dago Hego Euskal Herri osoan. Talde gehienak eta emakume feminista asko EHFAK koordinakunde abolizionistan antolatua daude. Bilbotarrek, zehazki, Bilboko Mugimendu Feministan parte hartzen dute, eta Martxoaren 8ko mobilizazioaren antolatzaileak ere badira.
Aurten ere dei egin dute abolizionista guztiak elkarrekin joateko, lau herrialdeetako bloke abolizionistetan, hain zuzen ere. Azken urteetan ezin izan naiz manifara batu, baina aurten bai, eta Bilboko bloke abolizionista benetan ikusgarria iruditu zait. Jendetsua izateaz gain, sexu-esplotazioaren aurkako pankarta erraldoia zuen buruan. Gainera, ugalketa-esplotazioaren aurkako aldarria ere bildu zuen, horretarako, Neskamearen Ipuinean oinarritutako jantzi gorriak zeramatzaten emakumeek lerro bat osatu zuten. Gure gorputzekin negoziorik ez.
Halaber, Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako emakumeen izenak zituzten afixak eskuetan hartuta, goitik behera zuriz jantzitako emakumeen “compaña” ere batu zen blokera. Emakume asko eta asko, indarkeriaren, esplotazioaren, kosifikazioaren, generoaren eta zapalkuntza ororen abolizioaren alde, eurek idatzitako aldarriak eskutan. Benetan ikusgarria, eta hunkigarria ere bai.
Hala ere, bloke eta aldarri horiei buruzko erreferentziarik ia bat ere ez dut ikusi gure medioetan. Compañaren irudiren bat salbu, inongo komunikabideetan ez da jaso, ez luze, ez labur, aldarrikapen eta emakume horien guztien arrastorik ere. Zergatik? Nori egiten dio mesede isiltasun horrek? Eman dit zer pentsatu.