Turismo jasangarriaren alde, benetan?

Erabiltzailearen aurpegia Atxarte 2024ko mai. 21a, 13:15

Turistifikazioa, gentrifikazioa… duela urte batzuk gehienontzat ezezagunak ziren kontzeptuoi gaur ezin diegu iskin egin. Dela Donostian, dela Hendaian, dela Kanariar Uharteetan, dela Venezian herritarrak antolatzen hasiak dira eta oihartzuna behintzat heltzen zaigu, nahitaez.

 

Bilboko Zazpi Kaleetan bertan ikusten ari gara zein kaltegarria den daukagun turismo eredua. Ziur aski ulertu dugu masa turismoak zer dakarren, dena turisten zerbitzura jartzen denean, bizilagunen kaltetan izaten dela, hain justu. Agian beste turismo eredu bat aldarrikatzeko mahai-inguruetan edota mobilizazioetan ere parte hartu dugu honezkero. Turismo orekatuagoa, neurtuagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa.

Hala bada, noraino heltzen da gure kontzientzia, kaltea guk geuk gorpuzten dugunean? Norbera denean turista, saiatzen al gara ahalik eta aztarnarik txikiena uzten hartu gaituen herrian? Entzuten al ditugu bertakoen kexak eta eskaerak? Gogoan al ditugu gurean salatzen ditugun arazo guztiak, gure bidaia antolatzerakoan? Gure esku al dago turista jasangarriak izatea? Zenbat kostatzen da bidaiari adeitsua izatea?

Zalantzarik ez daukat erantzunak ez ditugula Erreserbing, AireOhea&Gosaria, Hegaling eta enparauen web guneetako eskaintzetan aurkituko. Udarako asmoek gogoa alaitu ohi digute; galdera deserosoek, berriz, ilundu. Baina prest egon beharko genuke erantzuten hasteko, dagoeneko ezin diegu-eta iskin egin.