Feminismoaren korronte batzuek klase sexuala edota kasta sexuala hitzak erabili ohi dituzte multzo horiek izendatzeko, nahiz eta erabateko adostasunik ez dagoen. Edozelan, adierazi nahi dutena da emakumeen multzo hori ez dela talde edo gutxiengo baztertu bat, baizik eta munduko populazio osoaren erdia baino gehiago. Hala bada, klase sexuala erabiltzen da adierazteko sistema patriarkala emakumeen esplotazioaren gainean eraikitzen dela, klase sozialaren ideian oinarriturik. Kasta sexuala, berriz, zenbait kulturatako sistema sozial hierarkiko zurrunean inspiratzen da, adierazteko kasta jaiotzez esleitzen dela eta ezin dela nahieran aldatu.
Sexuaren araberako bereizketak (bereizkeriak) helburu bat dauka: emakumezkoen ugaltze gaitasuna eta -Erradikalek esan zuten bezala- sexu gaitasuna esplotatzea, gizonezkoen mesederako. Horregatik bereizketa ez da neutroa edo deskriptiboa, hierarkikoa, zurruna eta derrigorrezkoa baizik. Estruktura matxista horren ondorioz emakumezkoek (Beauvoirren bigarren sexuak, alegia) zapalkuntza, esplotazio, indarkeria eta bazterkeria espezifikoak pairatzen dituzte garai eta kultura guztietan. Eta hori ez da berezkoa, ez da naturala, ez dator sexuaren errealitate materialarekin. Kulturala da eta, zorionez, eraitsi daiteke.
“Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala” oihukatzen du mugimendu feministak. Izan ere, patriarkatuak izan diren sistema politiko eta sozial guztiekin harreman onak garatu baditu ere, kapitalismoa primerako konplizea da sistema patriarkalarentzat; indibidualismoan, berekoikerian, aberastasunaren pilaketan, bortizkerian eta gizakiaren esplotazioan oinarritzen den eta inolako muga etikorik ez duen sistema baita. Hain zuzen ere, sistema bidegabe hori borrokatzea eta birrintzea da feminismoaren helburua. Bazen lehen eta bada orain. Hau da, emakumeon askapena edo emantzipazioa erdiestea, hemen eta han.
Konbinazio kriminal hori emakumeen bizkar eraikitzen da, eta emakume pobre eta langileengan grinatu. Gaur egun ere, eta mundu osoan, emakumezkoen esplotazioa muturrekoa da. Behartutako ezkontzak, trafikatutako emakumeen prostituzioa, ugalketa esplotazioa, doako lan erreproduktiboak eta zaintza lanak, derrigorrezko erditzeak, lan esplotazioa, prekarietatea, kristalezo sabaia…
Sistema patriarkalak estrategia konplexuak erabiltzen ditu bere burua iraunarazteko, eta bereziki nabarmena da emakumeen kontrako indarkeria. Forma eta justifikazio kultural edo legal desberdinak hartzen ditu tokian toki eta unean une, direla abortu selektiboak (emakumezkorik jaio ez dadin), mutilazio genitala eta ablazioak, bortxaketa eta indarkeria sexuala, zigor fisikoak, feminizidioa, espazio publikoetatik eta erabakiguneetatik baztertuak izatea, oinarrizko eskubideen ukazioa, desjabetzea -munduko ondasunen %1 besterik ez dago emakumeen eskuetan- eta abar luze bat. Datuak beldurgarriak dira, eta denon eskura daude.
Horregatik guztiagatik, sinetsita nago ezinbestekoa eta premiazkoa dela emakumeei buruz hitz egitea. Horixe esatera etorri naiz.
Baina gizartearen zati batek, gero eta handiagoak, feminazi deituko dit. Argudiatuko dute bai patriarkatua bera, bai emakumezkoen zapalkuntza eta euren kontrako indarkeria asmakizun hutsak direla. Urrutiegi heldu dela feminismoaren kontu txatxu hau, txiringitoak, salaketa faltsuak… eta, ondorioz, orain gizonak baztertuta eta zapalduta daudela. Gorroto ditudala. Ehunka urteetako emakumeen borrokari esker lortutako eskubideak kendu nahi izango dizkidate bide batez, abortua kasurako, eta etxeko sukalde zulora itzularazi.
Are gehiago, gizartearen beste zati handi batek Terf deituko dit. Faxista eta nazi ere bai, (bigarren) sexuan oinarritutako analisi eta eskubideen aldarrikapenek norbanako batzuen identitateak eta sentimenduak errespetatzen ez dituztelakoan. Argudiatuko dute sexua ez dela bitarra, edota ez dela existitzen, asmakizun kultural hutsa dela. Genero-identitateak ditugula denok, eta, ondorioz, emakumezko guztiak ez direla emakume (sentitzen) eta gizonezko guztiak ez direla gizon, batzuk emakumeak direla, alegia, genero-identitate femeninoa dutelako.
Esango didate biologizista, esentzialista eta atzerakoia, emakumea gizaki eme heldua dela eta feminismoa emakumeen askapenerako borroka dela aldarrikatzeagatik. Argudiatuko dute trans pertsonen, ez bitarren eta genero-identitate aldakorrak dituztenen existentzia ukatzen dudala eta hori bortizkeria dela. Ondorioz, emakumeei buruz hitz egitea gorrotozko diskurtsoa da.
Zis, alu-eramaile, umetokidun edo odoletan egiten duten pertsona formulak erabiliko dituzte niri erreferentzia egiteko, eta nik neuk ere neure burua hala izendatzea exijituko didate. Emakume hitza ez omen da zuzena, ez omen da inklusiboa eta zilegi gizaki eme helduak (munduko populazioaren erdia) izendatzeko. Eta izenik ez duena ez da.
Gauzak horrela, bortizkeria handiz irainduko naute, mehatxatu ere bai. “Euren espazioetan” ez naizela ongi etorria argi utziko didate, mugimendu feministaren manifestazioetatik bota egingo naute eta trapuzko espartina eskainiko didate gizarte honetako sektore ustezko aurrerakoienek eta feministenek. Noan sukalde zulora isilik behingoz.
Aurtengo Martxoaren 8ko mobilizazioen lelo ofizialak faxismoaren kontra borrokatzera deitu du mugimendu feminista eta gizartea oro har. Bozeramaileei egindako elkarrizketetan ikusiko duzue "terfen existentzia" dela-eta kezka handia duela Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Hain handia, non Donostiako manifan ikusi genuen pankartak, esaterako, honela zioen: “Euskal Herriko feminismoa anti-terfa da". Ondoan, modan (adi zuen herriko jaietan) dagoen ikur bat zeukan marraztuta: borobil bakarretik ateratzen dira emakumezkoaren sinboloa (beheranzko gurutzea), gizonezkoarena (goranzko gezia) eta hirugarren bat (hirugarren sexu baten ikurra, akaso). Emakumeen borrokaren espazio sinboliko publikoa eta aldarrikapen legitimoak ordeztu dizkigutelakoan nago, Martxoaren 8an ere bai.
Ez dut lotsarik esateko harridura eta min handia ematen didala horrek guztiak. Baina ez naiz sentimenduez hitz egitera etorri, ideiei buruz baizik. Feminismoari buruz, emakumeon borroka beti izan den bezain beharrezkoa, bidezkoa eta iraultzailea delako.
Orain, egurtu nazazue nahieran, feminazi ala terf. Euskal Herriko arku politiko osoak txalotuko zaituzte- Edo buelta bat eman.