TENTSIOA BILBON

Erabiltzailearen aurpegia Atxarte 2025ko ira. 29a, 10:36

Bilbo “eremu tentsionatu” gisa sailkatu dute etxebizitzaren krisiaren ondorioz, eta, berez, nahiko berri pozgarria dirudi, aurrerapausoa den heinean; zeren eta hiriak azken urteotan bizi izan duen eraldaketa urbanistikoak eta turismoaren hazkundeak prezioak ezinezko bihurtu dituzte.

Eremu tentsionatu izendapenak argiak eta itzalak ditu. Etiketak aukera ematen du administrazioek neurri bereziak ezartzeko, hala nola, alokairuen nolabaiteko kontrola edo babes sozialeko baliabide gehiago. Baina oro ez da urre. 

“Trikimailua” dago honetan guztian: alokairuaren prezioa jaitsi edo izoztu dutenek kenkari handiagoak aplika ditzakete errentaren gaineko zergan. Horrek esan nahi du, praktikan, etxe jabeek errenta baxuagoa kobratzeagatik zergen bidez konpentsazio ekonomikoa jasotzen dutela. Beraz, jabeak beti irabazle (eta ukiezin).

Benetako irtenbidea da etxebizitza parkearen kudeaketa aktiboa, hau da, alokairu soziala handitzea, babes ofizialeko etxe gehiago bideratzea, turistentzako apartamentuen kontrol zorrotz–zorrotza ezartzea eta etxebizitzaren espekulazioa ekiditeko eta zigortzeko aurrerapauso ausartak ematea, etxe jabeen kaltetan izanik ere. 

Horrez gain, erakundeek auzoen bizitza komunitarioa lehenetsi behar dute. Ez da nahikoa etxebizitza merkeagoa izatea, abiapuntua bada ere; beharrezkoa da auzoetan bizi-kalitate duina bermatzea: zerbitzu publiko sendoak, espazio berdeak eta merkataritza txikia babestea, besteak beste. 

Bilbo tentsionatuta dago, bai, baina etiketak inoiz ez dira benetako irtenbidea. Biztanleen eta interes ekonomikoen arteko talka bat da dagoena. Horregatik, beharrezkoa da ikuspegi integrala: hiria negozio bihurtu ordez, bertan bizi diren pertsona guztien eskubideak jarri behar dira erdigunean. Baita sasi-etxeetan edo kalean bizi direnen eskubideak ere.