Atxurigorrin bi urte daramatzagu Atxuri auzoan dinamizazio soziokulturala jorratzen, ideia argi batekin: askotarikoak diren auzoek jendea elkarrekin egoteko espazioak behar dituzte, bizikidetza osasuntsu eta adiskidetsua lortuko badugu.
Haurrentzako jardunaldiak, Euskararen Eguna, Antzinako Argazkien Erakusketa, Olentzero, Inauteriak, Atxuriko jaiak... Jarduera horiek guztiak biziberritu egin dira gure auzoan.
Azken hileotan, komunikabideek gure auzoko bi gatazkaren berri eman dute. Bata, errealitate soziokultural ezberdineko familien arteko bizikidetzari buruzkoa. Bestea, kirol askotako espazioaren kokalekuaren ingurukoa. Auzokide planak barruan hartzen zituen kantxa estaliak, Udalak aurten Enkarnazio parkean eraikiko omen zituenak eta azkenean atzeratu direnak, ez dakigu noiz arte. Atxurigorritik salatu nahi dugu Udalak bere hitza jan duela, eta uste dugu bizikidetza elkarrekin egonez eraikitzen dela. Gainera, denok auzo berean bizitzen laguntzen diguten espazioak eta jarduerak beharrezkoak dira.
Joan den larunbatean, balentria txiki bat egin dugu: frontoi bat ekarri dugu eta “laxoa plaza” (horma bakarreko frontoia, alegia) bihurtu dugu gure enparantza. Auzoko eskolan, umeek patio bazterreko horma batean jokatzen dute, 3 metro baino ez dituena. Hori da kemena! Sari hau merezi dute. Bestalde, Kale Dor Kayiko ijito elkarteak pilota txapelketa bat antolatu du, arrakasta handiz. Bi ideia horiek dira festaren sorburua. Hona hemen jaiaren helburuak:
- Kantxa estalien eraikuntzaren atzerapena salatzea, baliabide hori funtsezkoa baita jendea modu positiboan elkartzeko guneak sortzen jarraitzeko.
- Kontrol-neurriekin bakarrik konpondu nahi izaten diren gatazkentzat konponbide globalak, epe luzekoak, eskatzea.