Hilabeteak daramagu batzorde batean bilduz (Alkarbizitza Atxuri) auzoko gizarte hezitzaileekin, zuzenen kaltetutako auzokideekin eta auzoko beste gune batzuetako auzokideekin. Lagun guzti hauek koordinatuta ari gara. Lapurreta, atxiloketa eta liskar guztien inguruan informatuta gaude.
Mezu xenofobo eta alderdikoien erabilera salatu dugu. Jendearen asperraldia ulertzen dugun arren, ez gaude ados aurrez aurreko istiluekin, sinadura bilketekin, ezta hedabideetan eta sare sozialetan zabaldu diren argudio su-eragileekin.
Auzoan azken asteotan sortu diren auzotarren mugimenduekin bat gatoz. Egoera bideratzeko eta gatazkari irtenbidea emateko beharrezko neurriak har ditzatela administrazioei exijitzearekin bat gatoz. Gatazka hedabideetara zabaltzeko eta familia horiek Bilbotik kanporatzeko estrategiarekin ez gatoz bat.
Lapurretak eta mehatxuak jasan dituzten auzotarrak babestu ditugu. Horrezaz gain, neurri handi batean, auzoan indarkeria eta segurtasun falta egoera sortu duten familietako kide batzuekin batzartu gara. Jakin badakigu gure lana geldoa dela, baina ziur gaude epe luzean emaitza baikorren bat izango duela.
Egoeraren sailtasunaz eta erantzunaren konplexutasunaz guztiz jabetzen gara. Hala ere, honakoa pentsatzen dugu:
- Behar den beste lan ez dela egiten.
- Inplikatuta dauden sailen eta bitartekoen artean ez dagoela nahikoa koordinazio. Urtetan epe laburreko esku-hartzeak izan dira, itxurazko irtenbideak, baina denborarekin arazoaren parte bihurtu dira.
- Adingabeko batzuen tutore den aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela dagokion ardura hartzen.
- Plan oso bat behar dugula gure auzorako, egungo egoera komunitatearen baitan eta denboraren perspektibarekin aintzat hartuko duena.
Atxurigorrik lanean jarrituko du. Azken asteetan gertatutakoarekin arduratuta, beharrizana izan dugu gure iritzia plazaratzeko. Elkarbizitzaren alde lanean ari diren lagun guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, egoera zuzenean sufritzen duten lagunei elkartasuna adierazi nahi diegu, auzo ziur eta anitzaren zerbitzura lan egitera itzultzeko.
Atxurigorri elkartea