Euskal Herri osoan, COVID-19 izurrite larrialdiaren aurrean, behetik-gorako zaintza mugimendu autogestionatuak sortzen hasi dira, zaintzaren autogestio eta auzoetatik hazitako borroka. Instituzioetatik “sare kutsakorrak” sortzen ari garela dioskue. Eta hala da, sare kutsakorrak sortzen ari gara, elkartasun kolektiboa kutsatzen gabiltza auzo eta herrietan. Klase elkartasunaren birusa Euskal Herri osotik hedatzen ari da abiadura esponentzialaz eta geldiezin bihurtzen dabil.
1. Larrialdi eta “normaltasunaren” arteko dialektikari buruz: Bi mundu ispiluaren aurrean, bi mundu gerran.
Lehen egun hauetako “osasun krisiari” dagokionez, esaten denaren aurka, larrialdi egoerak gizartean eta beronek munduari aurre egiten dion moldean aldaketa erradikalik ez dakarrela deritzogu; ageriko uzten du soilik, larrialdian bezain beste, balizko “normaltasun” egoeran ematen dena.
Krisialdian, “nomarltasun” (kapitalistan) bezala, munduan izateko bi era azaleratzen dira, aurkan dauden bi mundu eta bi etika antagoniko: badago instituzioengan dena delegatzeko apustua egiten duenik, halakoek egoerari modu indibidualistan egingo diote aurre “sálvese quien pueda” logikapean. Baina bada bestaldean, egiteko eta antolatzeko beste era batzuen alde apustu egiten dugunon mundua ere, era kolektibo eta komunitarioen alde, helburutzat elkar-zaintza, elkar laguntza eta auzo-defentsa sareak dauzkagunon mundua.
Alde batetik, auzo herrikoiak militarizatuta dituen salbuespen egoerako erantzun poliziala daukagu, imaginario apokaliptiko eta patriarkalaren hedapenarekin bat datorrena; eta bestetik, zaintzaren sozializazioa dago, herriarengandik eta herriarentzako, aspaldi diogun bezala "lagunek eta auzokideek zaintzen gaituzte, ez poliziak" lemapean.
Alde batetik enpresen mundua, larrialdi hau langileoi oradinarazi nahi diguna, kaleratzeen edota eskubide murrizketen bitartez; bestean berriz langile antolatuak gaude, borroka eta elkartasun sareak sortzen ari garenak esplotazio eta eskubide urraketen aurka; zuen karidade eta asistentzialismoatik haratago Joan nahi dugunon, elkartasuna eta klase borroka antolatzen ari garenok.
Alde batetik mundu zaharra dugu, haren krudeltasuna azalerazten eta bere dekadentzia eta jasangarritasun eza erakusten ari dena; bestetik berriz, beste mundu baten aukera dago -mundu etiko eta solidario berria, krisi une hauetan antzeman dezakeguna-.
Klase borroka hauspotu, munduen arteko gerra sakondu.
2. Instituzioen jarrerari buruz: Zuena ez da larrialdiarekiko erantzuna, herri auto-antolakuntzaren aurkako erantzuna baizik!
Instituzioetatik, banaezin diren haien aurpegi biak erakusten ari zaizkigu: aurpegi asistentzialista eta aurpegi zapaltzailea; polizia ona eta polizia txarra; apaiza eta kartzelaria...
Errekurtso gutxien eta behar gehien dituztenei buruz hitz egiten dute, ahoa berba handiz beztez, bitartean, berriz, aterpetxeak eta zerbitzu sozialak itxi eta zipaioak bidaltzen dituzte, etxerik ez dituzten pertsonak mehatxatuz eta kaleetan ezin direla eogn esanez. Euren sare asistentzialista eta karitatetsuak eraikitzen ari dira aurrekontu publiko handien gain (“Guztion Artean” bezalako sare “ofizial eta antolatuak”) eta aldi berean herri elkartasun sareak kriminalizatzen dituzte – berauek antolatzen ari diren pertsonen identifikazioa aginduz, gainera - .
Orduan, guri zalantza batzuk sortzen zaizkigu: benetan al zen hain beharrezkoa errekurtso guzti hauek mobilizatzea dagoeneko herri eta auzo mailan antolatuta zegoen elkartasun sareei erantzuteko, lan berdina egingo duen "bolondres" sarea sortzen? Eratzen ari zaretena larrialdiarekiko erantzuna al da, ala herriaren auto-antolakuntzari erantzuna? Ez ote da izango beldurra ematen dizuena ez dela osasun larrialdia bera, borrokarako prest dagoen herri antolatua baizik?
Auzoetako ekimen autogestionatuei kontra-propaganda egitean pentsatu ordez, zer dela eta ez duzue hoteletan, pisu turistikoetan eta inmobiliarien etxe hutsetan esku hartzen, ez daukanari aterpea eskeini edota gaixorik daudenentzeko tokiak atontzeko?
Zergatik ez dituzue langile klaseko kide guztien alokairu, hipoteka eta ordainketak blokeatzen? Zergatik ez diezue gutxieneko errenta ziurtatzen lan gabe geratu diren langileei eta langabezian edota laguntza sozial barik dauden persona guztiei? Zergatik ez duzue osasun sistema indartzen, langile gehiago gain hartuz eta sanitarioen lan karga murriztuz?Zuek paternalismoaren kontra, herri autoantolakuntza saretu.
3. “Denok ontzi berean gaude” diskurtso mediatikoari dagokionez: “Ez gaude, eta ez dugu zuen ontzi berean egon nahi”.
Ez gaude “denok ontzi berean”. Ez daude ontzi berean luxuzko hotelen eta inmobiliarien ugazabak eta kaleratzen ari diren soldata gabeko langileak; ez daude ontzi berean, haien plusbalia apur bat jeitsiko duten euskal oligarkiako edo multinazionalen enpresariak eta soldata zein eskubide gabe geratuko diren berauen enpresetako langileak; ez dago ontzi berean, etxeko ume zein nagusien zaintzarako langilea soldatapean duen jendea eta krisi garai hauetan erabaki behar duena, lanera joan (jatekoa lortzeko) edota seme-alabak bakarrik uztearen artean.
Ez daude ontzi berean arraunean, krisi honi etekina ateratzeko trikimailuak asmatzen ari diren txerri kapitalistak, aberasteko aukera izan dadin eta salbuespen egoerako neurri iraunkorrak ezartzeko aburuz; eta bestalde antolatzen ari garen auzoetako jendea. Ez dugu zuen normaltasun indibidualista eta patriarkalera itzuli nahi, beste bizitza eredu bat
eta kolektiboki funtzionatzeko molde berria eraiki baizik. Larrialdiaz gain, zuen “normaltasunetik” haratago doan moldea.
Guk sekula ez dugu zuen ontzi berean arraun egin: zuena luxuzko yatea da eta ekaitzak enbarazu egiten dizue, eguzkitan bainatzera irten ezin zareten heinean; gure barkua, zuenaren kontran, txalupa baino ez da enbataren erdian, zeina ondoratzea guztion arteko kooperazioaz baino ez dugun ekidingo. Baina antolatzen ari gara, ez ondoratzea ekiditeko bakarrik, barku pirata eratzeko baizik. Eta behin ekaitza gainditu dugunean, Kapitalaren yatea abordatuko dugu, eta sozializatu, herritik eta herriarentzat.
Auzodefentsa antolatu, auzoboterea eraiki!