Kapitalismoak bizitza erabat merkantilizatzen duen testuinguru honetan, etxebizitza, eskubidea itzatetik, negozio izatera igaro da; hau da, merkatu globaleko beste merkantzia bat, oinarrizko premia izatetik ia luxuzko ondasun bihurtu dena. Sistema kapitalistan, etxebizitza funtzionala da bai helburu produktibo (higiezinen espekulazioa, lurzoruaren errenta...) bai erreproduktiboeentzako (lan-indarraren eta bizitzaren erreprodukzioa). Langile klasearentzat aldiz, etxebizitza, oinarrizko beharra da –bizitzaren alderdi intimoa garatzeko tokia, bizitzeko lekua–, baina baita xantaia elementua ere – soldatapeko lan-kateetara lotzen gaituen ondasuna da: lanik ez badaukagu, ez ddaukagu etxebizitzarik!–.
Egoera hori are larriagoa suertatzen da COVID-19ren larrialdiarekin; zeina osasun larrialdia izateaz harago, sistema kapitalistaren egiturazko krisiaren sintoma den (ekonomikoa, politikoa, soziala, zibilizatorioa, etab.). Osasun- larrialdiarekin, gero eta proletarizatuagoa dagoen langile-klasearen miseria larriagotu egin da: ERTE eta EREak, lanaldi-murrizketak, kaleratzeak... Lana eta soldata izatea (hau da, esplotatuak izatea) ia pribilegio bihurtu da. Egoera honetan, gero eta zailagoa da etxebizitza duin bat eskuratzea. Espainiako Gobernuak neurri batzuk hartu ditu larrialdi honi aurre egiteko. Hauek (aurrerakoiak direla azpimarratzen duten arren) ez zaizkigu nahikoak iruditzen, koiunturalak eta epe laburrekoak baitira. Gasteizko Etxebizitza Sindikatutik oso ondo adierazi dutenez: apurrak gaurko, gosea biharko. Oztopo burokratikoen eraginez laguntzak lortzea ia ezinezko suertatzeak erakusten duen bezala, argi gelditzen da apur hauek ez zaizkigula guri bideratu; krisi honetan zehar jabeek mozkin maila manten dezaten sortutako "partxe" neurriak dira.
Azterketa hau Euskal Herrira ekarriz, zera ikus dezakegu: klase desjabetuek gero eta zailtasun gehiago dituztela bizi-mailari (eta erreprodukzioari) eusteko. Are gehiago, bada larrialdiko lehen aste hauetan azaleratzen ari den beste faktore bat: krisia espekulatzaile handien onurarako aukera bihurtzen ari dela. Azken asteetan, 1.000 etxebizitza baino gehiago erosi dituzte Blackstone eta Azora fondo-putreek Gasteizen eta Donostin. Film apokaliptiko guztiek bezala, honek ere baditu bere putre sarraskijaleak. Gainera, nahiz eta "etxegabetzeak etenda egon", jendea etxetik botatzen jarraitzen dute (Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza-blokea eta Fires espazio askatua husteko saiakera ditugu adibide).
AUZOETATIK PIZTU BILBO
Lan egin eta bizi garen auzoan, Bilboko Alde Zaharrean, larrialdi berri hau aspaldi bizi dugun larrialdi estrukturalari gehituko zaio. Egitura larrialdi horri gentrifikazioa eta turistifikazioa deritzo. Prozesu horiei esker, gure auzoa aire zabaleko merktal gune bihurtu da, zeinean gure lurraldea eta bizimoduak merkatuan saldu beharreko beste produktu batzuk diren. Oso argi dugu osasun krisiak irekitako "aukerak" baliatuko dituztenak, gentrifikazioaren merkatuan gure auzoa saltzen ari ziren berberak direla: enpresari handiak, inmobiliariak eta turismo-enpresak; espekulazio inmobiliario basatia, espazio publikoaren pribatizazioa eta gure bizitzen merkantilizazioa bultzatzen jarraituko dutenak. Eta ondorioak ordaintzen jarraituko dugunak gu geu izango gara: langile-klaseko auzokideak, etxebizitza ordaintzeko eznezkotasunaren ondorioz gure burua gure auzotik alde egitera behartuta ikusik dugunak.
Horretarako, gure auzoan eta beste herri/auzo batzuetan etxebizitzaren aldeko borroka erradikala aktibatzeko beharraz hausnartzen hastea funtsezkoa dela deritzogu (jada Alogerekoak, San Inazio-Deustuko Etxebizitza Sindikatuko kideak, egiten ari diren bezala). Zentzu honetan, uste dugu ez garela hutsetik hasten, eta interesgarria litzatekeela Bartzelona edo Madril bezalako beste hiri batzuetan antolatzen ari diren auzo- eta etxebizitza- sindikatuen ereduei erreparatzea: etxebizitzaren arazoa komunitatea sortzeko pitzadura gisa ulertu eta logika asistentzialista eta instituzionalistarekin hausten duen anolakuntza eredua. Adibide horiei jarraituz, kaltetuen behar materialei kolektiboki erantzuteko antolatzen hasi behar gara –horretarako, auzokoek auzotik alde egin behar ez izateko behar diren bitarteko eta tresna guztiak erabiliz–, auto-antolakuntza, elkartasuna eta borrokan oinarritutako komunitate bat eraikitzea bultzatuz.
Ezinbestekoa da alokairuaren burbuilagatik literalki itota gaudenok eta auzoan borroka ideologikoa garatzen dugunok geratzen zaigun irtenbide bakarra borroka eta antolakuntza kolektiboa dela jabetzea. Etxebizitzaren arazoa politizatzea beharrezko deritzogu. Horretarako, gure bi lan-ardatzak garatzea planteatzen dugu, auzodefentsa eta auzo boterea, etxebizitzaren gaitik abiatuta; ez borroka hori sektorializatzeko, baizik eta etxebizitzaren arazoari borroka integralago baten abiapuntu gisa erantzuteko; beste auzo bat eraikitzeko borroka, behetik, auzotarrek eta auzotarrentzat eraikia, auzo solidario bat eta (r)esistitzen duena, elkarrekiko zaintzak eta borroka kolektiboak mugitua.