Zer gertatzen da etxera heltzen garenean?

Erabiltzailearen aurpegia AZET 2022ko mar. 8a, 07:35

Babesleku eta aterpe izan beharko lukeena, infernu bihurtzen da emakume langile askorentzat.

Gaur martxoaren 8a da, Emakume Langileon Eguna. Aurten AZETeko emakumeok,  askotan ikustezina bihurtzen den biolentzia matxistaren beste aurpegi bat mahi-gaineratu nahi dugu: etxebizitzaren arazoaren dimentsio patriarkala.

Dominazio kapitalista, zapalkuntza patriarkalarekin tartekatzen da une oro eta modu sistematikoan. Miseriak eta esplotazioak bortizki zeharkatzen ditu emakume langileon bizitzak; soldatapeko lanean okupatzen dugun tokiagatik, zaintza lanetan dugun arduragatik edo sistema zein gizonen eskutik jasotzen dugun indarkeria patriarkalengatik, besteak beste. Baina zer gertatzen da etxera heltzen garen momentuan?

Etxebizitza babesleku, aterpe edo gordeleku moduan imajinatzen dugu maiz, lan indarra erreproduzitzeko espazioa izateaz gain gure bizitzen arlorik intimoena garatzeko dugun tokia delako. Hau berriz, ez da horrela desjabetuon kasuan eta babesleku izan beharko lukeen etxebizitza, infernu bihurtzen da emakume langile askorentzat.

Emakume askok (horietariko gehienok seme-alabak edo gure ardurapean bizi diren pertsonak ditugunok) ezin dugu inola ere etxebizitza galtzera arriskatu eta honek hainbat indarkeria jasatera bultzatzen gaitu: soldatapeko lanari are lotuago egotera, are esplotatuagoak izatera edo gure erasotzailearekin bizitzera kondenatuak egotera. Aukeran dugun beste bidea hauxe delako: kale gorria eta indarkeri gehiago (gizonen, zein instituzioen eskutik). Edozein aukera, beraz, gogotik ordaintzen dugu emakume langileok, batzuk bizitzarekin ordaintzeraino helduz.

Hortaz, AZET Etxebizitza Sindikatuko emakumeok hurrengoa aldarrikatu nahi dugu:  antolakuntza eta borroka dira emakume langileok bizirauteko dugun berme bakarra. Horregatik xumetasunetik etxebizitza sindikatuek klase kontzientzia zein kontzientzia feminista hedatzeko duen potentzialtasuna aldarrikatu nahi dugu. Emakume asko dagoeneko borrokara batu gara, ez garelako “cuarto propio” horrekin konformatzen. Dena nahi dugu, dena eta denontzako!

Argi izan dezatela: etxebizitzen aldeko borroka klase borroka eta borroka feminista izango da!