M1. Gure etxebizitzen aldeko borroka klase borroka da!

Erabiltzailearen aurpegia AZET 2022ko api. 29a, 12:00

Gaur egun esplotazioa lan-arlotik haratago hedatu da, langileon bizitzak osotasunean zeharkatuz. Hortaz, soldatapeko-lanetik haratago, antolatzeko ta klase kontzientzia hedatzeko premia eta beharra aldarrikatu nahi dugu.

Etxebizitzaren arazoa klase arazoa da. Egungo metaketa-kapitalistaren zikloan (eta are gehiago azken krisietan) etxebizitza elementu zentrala bihurtu da. Etxebizitza guztiz merkantilizatua izan da, eskubide izatetik negozio izatera igaroz, merkatu globalean erosi eta saldu daitekeen edozein merkantzia bezala. Eta honek klase-kapitalistarentzat etekin-iturri eta metatze-eremu bihurtu dela esan nahi du. Etxebizitzan, beraz, gizarte kapitalistaren kontraesan nagusia (kapitala/lana) erreproduzitzen da.

Etxebizitzarena, beraz, klase arazoa da, besteak beste soldatapeko-lanarekin harreman zuzena duelako.Gaur egun, soldataren erdia baino gehiago bideratzen dugu alokairua edo hipoteka ordaintzera. Hortaz, etxebizitza soldatapeko-esplotazioaren kateetara lotzen gaituen elementua da. Soldatarik ez baduzu, ez duzu etxerik izango, ezta “mereziko”. Etxebizitza bat izateak esplotatuak izatera kondenatzen gaitu eta kondena hura, gainera, kualitatiboki areagotzen da emakume langileen edo migratzaileen kasuan. Horregatik guztiagatik ezin dugu etxebizitzaren arazoa ulertu dominazio kapitalista ulertu gabe. Eta era berean ezin ditugu gure etxebizitzak defendatu arazo hau klase-parametroetan kokatzen ez badugu.

Etxebizitzaren aldeko borroka langile klasearen berrosaketarako tresna gisa. Gaur egun azken hamarkadetako krisi larrienetako bat bizitzen ari gara. Eta krisiak aukerak izan ohi dira kapitalistentzat (metaketa, balorizazioa, etekinak); baina klase borroka suspertzeko aukerak ere izan daitezkeela uste dugu. Gure klasea berrantolatzeko tresna teorikoak garatzeko eta hauek praktikara eramateko bitartekoak sortzeko aukera, borroka gune berriak irekiz eta kase-kontzientzia auzo eta herrietan hedatuz.

Etxebizitzaren aldeko borroka klase-borroka dela esaten dugunean, beraz, horri buruz ari gara. Gure etxebizitzen defensak klase-kontzientzia pizteko eta subjektu politiko gisa antolatzeko ematen digun aukeraz, hain zuen. Izan ere, etxebizitza gaur egun kapitala/lana kontraesanaren eta klase-dominazioaren erreprodukzioaren eremu nagusienetariko bat da. Eta, horregatik beragatik, klase-antolaketa eta borrokarako gunea ere izan daiteke, langile-klasea subjektu politiko gisa berrosatzeko aukera.

Horregatik guztiagatik, burgesiaren ofentsiba berri honen aurrean eta basakeria kapitalista horren kontra -kaleratzeen, austeritate politiken edo etxegabetze masiboen forman aurkezten zaiguna- bizi eta bizirauteko dugun aukera bakarra,antolatzea eta borrokatzea da.

“Gure kateak baino ez ditugu galtzeko. Mundu oso bat dugu irabazteko” Gora langileon borroka!