Euskararen egunean Bilboko Udalak hainbat hedabideri egindako omenaldiaren harira, gure adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia BLB Komunikazioa 2022ko abe. 13a, 13:21

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bilboko Udalak aitortza publikoa egin zien Bilbo Hiria eta Bizkaia irratiei zein Hamaika Telebistari. Merezitako saria, nola ez, urte luzez euskarazko informazioa herritarrei helarazteko egindako lan itzelagatik. Gure zorionik beroenak, beraz, omendutako guztiei.

Bilbotarren artean euskara normalizatzen eta euskal kultura sustatzen egiten duten lanagatik” eskerrak eman dizkie udalak aipatutako hedabideetako ordezkariei, eta jardun hori ikusarazi nahi izan omen du. Bada, harritu egin gaitu ikus-entzunezko jarduna aurrera eramaten duten euskara hutsezko tokiko komunikabideen artean Uriola.eus agerkari digitala bazter utzi izanak. Zortzi urte daramatzagu herri ekimenetik sortutako proiektua aurrera ateratzen, euskara hutsezko komunikazio digitalaren arloan zegoen hutsunea betetzen eta bilbotarrei nahiz askotariko eragileei ahotsa ematen. Izan ere, Bilboko informazioa geure hizkuntzan jorratzen duen Interneteko agerkari bakarra gara gaur-gaurkoz, eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukiak zabaltzen ditugu. Zeresanik ez Deustualdeko PREST! aldizkariaren ibilbideari buruz, 20 urte baino gehiago baitaramatza Deustualdeko informazioa euskara hutsean zabaltzen.

Gure zalantza da ez ote gaituzten ikus-entzunezko hedabide gisa kontuan hartu edo, bestela, ez ote diren gutaz gogoratu. Geure baliabideak ez dira nahi izango genukeen bestekoak, baina euskararekiko konpromiso irmoa daukagu, eta horixe da, hain zuzen ere, gure jardunaren ardatza.

Guzti horrez gain, sari banaketan zehar Bilbo Hiria Irratiaren izenean hitza hartu zuen Ane Zabala lankidearen aldarrikapena partekatzen dugula ere nabarmendu nahiko genuke, hau da, Bilbo Hiria Irratiak lizentzia behar duela orain. Izan ere, Zabalak berak aipatu bezala, berez malkartsua den euskarazko komunikazioaren bideak ez du oztopo gehiagorik behar.

Geure aldetik, udalaren aitortzarekin ala barik, orain arteko konpromiso horrekin jarraituko dugu aurrera, uste baitugu geure hirian ezinbestekoa dela euskara hutsean dihardugun hedabideok jokatzen dugun rola.