Egoitz Izagirre: “Herrian egotea eta bizitza herrian egitea ezinbestekoa da”

Erabiltzailearen aurpegia BLB Komunikazioa 2024ko urr. 14a, 12:45

Pandemian sortu eta Deustuko Elkartasun Sarearekin ereindako indar komunitarioak auzo elkarte forma hartu du azken urteotako prozesuaren ostean.

Deustuar guztiontzat bizi baldintza duinak (osasungintza publikoa, zaintza, argindarra, espazio publikoak…) aldarrikatzeaz gain, Deustugintza izendatu duten lan ildoa martxan dute, Deustuko elkarte ezberdinen artean elkarlanean egitasmoak antolatzeko. Horren adibide urriaren 26an Deustuko II. KM Bertikala.

Nola eta zergatik sortu zen Gora Deustu elkartea? Zein izan zen hasierako motibazioa eta helburu nagusia?

Gora Deustu pandemia garaian jaio zen. Berez, hasierako izena Deustuko Elkartasun Sarea zen, bertan hainbat pertsona elkartu ginen pandemiak eragin izan zituen arazo sozialei aurre egiteko asmoz. Ondoren, pandemiaren garai zailenak pasatu ostean, birformulazio prozesu bat egin genuen eta ikuspegi eta helburuak handitu genituen. Momentu horretan taldea osatzen genuen kideak, Deustun auzo/herri mugimendu baten beharra identifikatu genuen eta, ondorioz, modu aktiboan eta arlo desberdinetan (auzolanean eta eskubide sozialen defentsan, osasungintza jomuga berezi bezala momentu horretan) lanean jarri ginen.

Zer helburu ditu “Gora Deustu Herria” kanpainak? Nola definituko zenituzke kanpainaren bi helburu nagusiak?

Aurten, 100 urte beteko dira Deustu Bilbora anexionatu zenetik eta data sinboliko/esanguratsu honen aitzakian Deustuko herritarrak gonbidatu genituen bilera ireki batetara. Bertatik sortu zen “Gora Deustu Herria” lelopean egiten ari garen iniziatiben lan-taldea. Kanpaina honek Deustuko nortasuna azaleratzeko modu bat da. Gure leloa “100 urte eta gero... Gora Deustu Herria” da, honekin adierazi nahi duguna da, bai, 100 urte pasa dira anexioa eman zenetik, baina herri hau ez da desagertu eta sentimendua bizirik mantentzen da.

Zeintzuk izango dira kanpainaren puntu garrantzitsuenak edo ekitaldi nagusiak? Zer espero duzue ekitaldi hauetatik?

Bestetik, kanpaina honetan elkartearen filosofia nagusietako bat betetzea dugu helburu: komunitatea sortu eta landu. Urtean zehar dinamika desberdinak lantzen ari gara eta deustuar guztiengana heltzeko nahia dugu. Horretarako, ekitaldi desberdinak egin ditugu, horren adibide dira maiatzean egindako Deustuko mugarrien ibilbidea edo Deustuko banderen salmenta, besteak beste.

Urrira begira beste ekimen batzuk prestatu ditugu: urriak 20 Begoñako auzokideekin elkarretaratzea La Salve zubian edo urriak 23 mahai-inguru bat Bidarten, non zenbait adituk Deustuko historiaren inguruan hitz egingo duten. Hala ere, gure egunik garrantzitsuena urriak 26 izango da. Egun horretarako hainbat ekimen antolatu ditugu: goizean Deustuko II. KM Bertikala eta erromeria (Bihotz Alaik girotua), ostean herri bazkaria eta arratsaldean zehar hainbat kontzertu. Jai egun ederra izatea espero dugu.

“100 urte pasa dira anexioa gertatu zenetik, baina herri hau ez da desagertu eta sentimendua bizirik mantentzen da”

Zergatik da garrantzitsua Deustuk Udala zueneko herriaren memoria historikoa lantzea eta ezagutzera ematea? Zer irakaspen atera daitezke garai hartatik gaur egungo auzoarentzat?

Zure herriaren historia eta, orokorrean, historia ezagutzeak ikuspegia zabaltzen dizulako. Gaur eguna ulertzeko atzera begiratzea ezinbestekoa da, bertan azaltzen baita jendearen izaera eta herriak izandako ibilbidea. Gainera, jende nagusiagoarekin hitz egitea polita da, haiek kontatzea ze Deustu ezagutu zuten, “Tomateros” deitzearen arrazoia edo udaletxea nun zegoen jakitea. Horren harira, Deustuko Jaietan ekimen berezi bat egin genuen, 100 urtetik gora duten Deustuarrei oroigarri bat emanez.

Zeintzuk dira memoria historikoa latzeko erabiliko dituzten tresna eta proiektuak? Liburuak, erakusketak, ibilbide antzeztuak… gehiago ere espero ahal dira?

Esan bezala, urriak 23 Deustuko historiaren inguruko mahai-inguru bat egingo dugu. Horrez gain, Pedro Zuberogoitiak, alde batetik, eta Hector Ortega eta Txema Luzuriagak, bestetik, Deusturen inguruko liburu bana aurkeztuko dute.

Nola sortu zen Deustuko I. Kilometro Bertikala antolatzeko ideia? Nolakoa izan zen esperientzia eta zer erantzun izan zuen ekimenak?

Ideia hau Gaizka Suarezena da. Bileretan askotan botatzen zuen ideia eta egun baten aurrera eramateko erabakia hartu genuen. Egia esan, hau aurrera ateratzeko lan handia egin behar izan genuen, bai gure ezjakintasunagatik zein esku faltagatik. Hala ere, oso balorazio positiboa egiten dugu, egunean zehar sentsazio oso ona izan genuelako eta, batez ere, bertan parte hartu zutenek horrela helarazi zigutelako.

Aurtengoari begira ze aurreikusten duzu? Ze garrantzi izango du Deustuarren artean?

Pasadan urtean, igandean izan zen eta ekimen isolatua izan zen. Aurten, larunbatean izango da, urriak 26ko jaialdi nagusiaren egitarauaren parte izango baita. Gure helburua pasadan urteko maila mantentzea da eta, ahal izanez gero, parte-hartzea handitzea.

Beste ekimen arrakastatsuren bat dago aurreikusita Deustu sustatzeko?

Baditugu beste ideia batzuk, baina momentuz hauek eramango ditu aurrera.

Nire iritziz, gure erronka nagusiak bi izan behar dira: lehenengoa, Deustuko pertsona eta espazioen beharrak identifikatu eta hauen defentsan aritzea; bigarrena, egiten ditugun ekintza eta jarduerak indartu, Deustuko sektore eta adin desberdinetako jendea erakarriz

Zeintzuk dira Gora Deustu elkartearen hurrengo pauso eta erronkak? Zer norabide hartzea gustatuko litzaizueke aurrerantzean?

Laster, 2024ko urtearen balorazioa egingo dugu eta ateratzen ditugun ondorioekin pauso batzuk edo beste emango ditugu, betiere gure ahalmena kontuan izanda.

Nire iritziz, gure erronka nagusiak bi izan behar dira: lehenengoa, Deustuko pertsona eta espazioen beharrak identifikatu eta hauen defentsan aritzea; bigarrena, egiten ditugun ekintza eta jarduerak indartu, Deustuko sektore eta adin desberdinetako jendea erakarriz.

Zer behar da, zure ustez, Deustu komunitate gisa sendo mantentzeko eta aurrera egiteko?

Herrian egotea eta bizitza herrian egitea ezinbestekoa da. Zelan hurbilduko naiz merkatari edo ostalari batengana laguntza eskatzera edo harremana egitera bertan inoiz ez banago? Zelan ezagutuko ditut herriak dituen herriak dituen beharrak bertako jendearekin ez banaiz elkartzen? Hortik abiatuta eta, nola ez, aurretik aipatutako ekimenak sustatuz, bidea errazagoa da.

“Zelan hurbilduko naiz merkatari edo ostalari batengana laguntza eskatzera edo harremana egitera bertan inoiz ez banago?”

 

Sakonean

Anexioaren 100 urte hauetan, nola eutsi dio Deustuk bere identitateari eta herri izaerari? Zein izan dira , zure ustez, erreibindikazio nabarmenak?

Anexioaren 100 urte hauetan, Deustuk bere identitateari eta herri izaerari eusteko lan handia egin du. Lehenik eta behin, kultur ekintzak eta tradizioak babestuz eta sustatuz, herriaren izaera eta historia transmititzen laguntzen dute. Bestalde, komunitateak elkartasunaren eta parte-hartzearen balioak indartzen ditu, hala nola auzolanak eta elkarlanak, hori guztia Deusturen irudi kolektiboaren parte da. 

Zer esan nahi du Deustuarra izateak gaur egun? Zein balio edo ezaugarri azpimarratuko zenituzke Deustuko komunitateari dagokionez?

Lehenik eta behin, konpromiso sendoa eta identitate partekatu bat azpimarratuko nituzke, baita aniztasunaren eta inklusioaren balioa ere. Giroa sortzen duten ekimenek (Deustuko Jaiak, Inauteriak edo Udako solstizioak besteak beste) ezinbesteko onura egiten diote herriari. Beraz, antolakuntzan ibiltzen diren pertsonei eskerrak eman nahi dizkiegu.

“Antolakuntzan ibiltzen direnei eskerrak eman nahi dizkiegu”