Noiz esango zenuke hasi zinela mundu honetan? Eta josten?
Moda beti gustatu izan zait. Badut argazkiren bat zein beste 11 urte nituenean zapatilak eta kamiseta nola konbinatzen nituen ondo islatzen dituena. Kamisetak palmera hori eta arrosa fosforitoak zituen eta zapatilak, adineko guztiek eramaten genituen Nikeko futbolekoak ziren. Inkontzienteki gustuko nuena hori zen.
Josten 16 urterekin ikasi nuen. Nire lagun bakoitzak “hobby” delakoren bat edo beste zuen eta nik ezer ere ez. Bata futbolean aritzen zen, bestea kontsolan, bestea bizikletan… eta nik ez nuen ezer egiten. Moda maite nuen, zer jantzi eta zer ez erabakitzea gustuko nuen eta hortik irten zitzaidan propio nuen zerbait egitearen ideia. Josteko tailer batera hurbildu nintzen.
Bi gauza desberdin dira 48015 eta Gorka Alvarez?
Bai, badira. Hala ere, ez ditut hainbeste desberdintzen bata bestearengandik uler dezakedalako nire publikoak ez ulertzea. Moda, firma, marka eta horrelakoez gehiago dakien orok desberdintzen ditu “merchandising”-a eta diseinua adibidez. Marka (48015) pertsonalagoa izan daiteke, ez hain komertziala. Firma (Gorka Alvarez) aldiz, esperimentalagoa da.
Badu 48015ek, San Inazioko posta kodea izatetik haratago beste zentzurik?
Arrazoi nagusia Sanin bizi naizela da. Aldi berean, bere momentuan 48015en pentsatu nuen ez zidalako inongo aterik ixten eta aukera ematen zidalako nire marka sailkapenetatik edo lerrokatzeetatik aldentzeko.
Berrogeialdian, jendea “ni etxean geldituko naiz” kontuarekin zegoen garai hartan, “ni auzoan geldituko naiz” esan nuen. Praka baten aurreko aldean 48015 bordatu nuen eta jendeari asko gustatu zitzaion. Horrela jaio zen estanpazioaren kontua.
Nola definituko zenuke labur egiten duzun hori?
Egiten dudana artisau baten lana izan daiteke, nahiz eta jendeak ez jakin edo alde hori ez ikusi. Gaur egun sormen prozesua grabatu eta TikTok bat egin behar duzu existitzen zarela erakusteko.
Nik neuk egiten dut behar dudan material guztiaren eskaera, nik estanpatzen dut, nik moztu, nik neurtu, tolestu, etiketatu, paketatu…. Orduak sartzen dizkiot. Badago jantzia ukitzen ez duen jendea, nire diseinuak beti pasatzen dira nire esku artetik.
Errepaso edo laburpen bat egingo zenuke orain arteko proiektuena?
Esan bezala nire zaletasun handienetako bat zen hori garatzen hasi nintzen. Lehenengo eta behin, protestak baino ez nituen egin nahi, etapa bihurriago batean nengoen, edo zerbait esan nahi nuen eta horrek uste baino bultzada handiagoa eman zidan. Estetika probokatzaile eta lotsagabe horri eutsi nion. Urte batzuen buruan, alde lotsagabe hori mantentzen saiatu nintzen baina nire lanak gehiago landuz, formaltasun puntu hori lortzeko.
Gero, pop kulturan sartu nintzen, arte kulturalagoan, eta 48015 alde batera utzi nuen. Jendeak esaten zidan asko gustatzen zitzaiola egiten zuena, baina ez nuela nire auzoko posta-kodea eramango…Hasi nintzen lehenengo momentutik saiatu naiz 48015 nire auzoko posta kodea baino zerbait gehiago dela erakustarazten. Auzoetan ere talentua duen jende sortzailea badagoela goraipatzeko sortu nuen. Gerora Begoñako tailerrean hasi nintzen eta arropa-bilduma bat osatu nuen.
Orain marka eta sinadura bateratzen ari naiz. Estetika aldaketa bakoitzaren aurretik desfile bat egon da. Lehena 3 look-eko desfile bat izan zen. Gero Donostian eta Artxandan beste bi egin nituen. Bata marka sortu berrien desfile-ekitaldi batean eta bestea festa batean izan zen. Desfile horiek lagundu zidaten nolabait “boom”a jotzen.
Sormen-prozesuaren baitako aldaketak aipatu dituzu.Etorkizunera begira ze asmo dituzu?
“borron y cuenta nueva“ esaten dena. Ildo komertzialari eutsiko diot baina modu esperimentalagoan. Estanpazioa egingo dut.
Bestalde, irudien eta logotipoen ikonizitatearen maila murriztuko dut eta horrek honako hauek ekarriko ditu: Giza irudiaren formekin gehiago jolastea, mozketa egokiagoak, merchandising-aren kultura deritzona etetea, kolorea kolore gainean, estetikak gorputzari itsatsita mantentzea, giza gorputzaren siluetekin jolastea...
Udara begira bilduma berri bat aurkeztuko dut xakean oinarritutako estetika izango duena ardatz. Bideo performance bat egitea pentsatzen ari naiz eta ondo badoa desfileak egingo ditut bilduma hau edonork kusi ahal izateko. Sinadurarako erregistro grafiko bat osatu dut eta horrela, orain bai, “Gorka Alvarez” eta 48015 bateratu egin ditut.
Nola enfokatuko duzu marka hemendik aurrera?
Marka formalizatzeko gogoak ditut. Jantzi eleganteagoak egin nahi ditut. Alkondarak, pintzadun prakak… Txandala izugarri gustatzen zait eta ez diot egiteari utziko, txandalpean hazi gara baina halaber uste dut momentua dela probak egiteko. Gauza asko ditut buruan…
Zer dute desberdin zure diseinuek?
Dena. Nahiko gauza autentiko eta bereizgarriak egiten ditudala uste dut. Material desberdinekin jolastea adibidez, diseinuen esangurak, estetika zehatz batean ez finkotzea, kolorek...
Zergatik uste duzu garrantzitsua dela egiten duzuna egitea?
Uste dut garrantzitsua dela jendeak ikustea egiten duzun horrek ez duela zertan beti balio ekonomiko edo monetizagarria izan behar eta horrek askotan, egiten diren gauzei gustua eta maitasun edo pasio hori kentzen diela. Nik, egiten ditudanak baino askoz gauza komertzialagoak egin ditzazket. Batzuetan egiten ditut, baina ez naiz soilik horretan zentratu nahi. Gustatzen zaidana egin nahi dut, “hobby” dudan hau zaindu. Negozio bat baino , hobby bat bezala ikusten dut egiten dudana. Zalentasun bat daukat eta zaletasun horrek dirua ematen didan zortea edo pribilegioa.
Ze ekarpen egiten dizu horrek zuri pertsonalki?
Eguneroko sormen-ariketa etengabe bat eskaintzen dit niri honek. Poztasuna ematen dit. Poztasuna sentitzen dut arropa egitean, diseinatzean eta horrek eguneko denbora guztia hartzen didala konturatzean. Baita orden mentala ere.