ALTXA BURUA TALDEAREN EKIMENA: TELEFONOAK ESKOLETATIK KANPO

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria 2025ko mar. 26a, 09:33

Altxa Burua elkarteak 20.000 sinadura jaso ditu ikastetxeetan telefono mugikorrak erabiltzea dekretuz debekatzeko. Arauketa uniformerik ezak desberdintasunak eta arazoak sortzen dituela argudiatzen dute; Eusko Jaurlaritzak bere partetik, ikastetxeen autonomia eta gaitasun digitalak garatzeko teknologien erabilera defendatzen ditu.

Euskadin ez dago araudi espezifikorik eskoletan telefono mugikorrak erabiltzearen inguruan, eta erabakia, beraz, hezkuntza-zentro bakoitzaren esku dago; horrek, hezkuntza ingurunean desberdintasunak sortu ditu.

Altxa Burua gurasoz osatutako taldea da, pantailek haurrengan eta nerabeengan duten eraginaz kezkatuta dauden familiek sortutakoa. Haien ustez, gaiari modu uniformean heltzeko unea da eta Hezkuntza Sailari honako eskaera egin diote: lege bidez ikastetxeak mugikorrik gabeko espazio izendatzeko, bereziki Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Gauzak horrela, Deustun antolatzen hasiak dira.

Deustuko Ikastolako gurasoek Altxa Burua taldea osatu dute bertan eta bilera informatiboei ekin diote, Aitziber Veites taldeko kideak jakinarazi digunez: “Maila bakoitzean zer lehentasun dagoen aztertzen ari gara, datorren ikasturteari begira”. Lehen Hezkuntzan zein DBH 1. mailan ordezkariak izendatu dituzte jada, eta ideia nagusia ekimena auzora zabaltzea da, gainontzeko eskolako guraso elkarteekin harremanetan jarriz: “Auzo mailan lan egitea da helburua: Gipuzkoako taldeak bezain aurreratuta ez gauden arren, Bilboko auzoetan ere ekimena hedatuz doa”, argitu du Veitesek.

Bestalde, ekimenaren aurkezpen ofiziala abenduaren 2an burutu zen, Euskal Parlamentuan egindako legebiltzarrean. Horretan, plataformako hiru kide izan ziren, talde osoaren izenean. Hizlariek taldeko partaideen kezka aitortu eta Eusko Jaurlaritzak babestutako ideia zalantzan jarri zuten: "Ez dago zientifikoki egiaztatutako ebidentziarik sakelako telefonoek hezkuntza prozesua hobetzen dutenik”.

Ekimena elikatzen jarraitzeko asmoz, urtarrilaren 28an mahai-ingurua izan zen Bizkaiko Medikuen Elkargoan, Altxa Burua taldearen eskutik. Horretan, pantailen erabilerak haurtzaroan eta nerabezaroan duen eraginaren inguruan hausnartu zen. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasi zen eta asko izan ziren bertaratu zirenak.

Proiektuak izaten ari duen oihartzuna dela eta, Altxa Buruak 2025eko Proiekturik Onenaren Argia Saria jaso du, egindako lanari, lortutako emaitzei, eta ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borroka burutzeari esker. Horrez gain, ekimenak Radio San Sebastian Bikaintasunaren Saria ere jaso du, audientziak emandako 'Bada beste modu bat' kategorian (Laboral Kutxa Saria).