Amama, irrifarreen Ondarea

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria 2025ko api. 11a, 10:48

Pasa den martxoak 2, igandea, Amama, irrifarreen ondarea izeneko antzezlana estreinatu zen Deustuko Erriberako Pabelloi 6 aretoan, 12:00etan. Amamen omenez sortutako lanak izan duen harrera ezagutzeko, Ugaitz Alegria zuzendariarekin hiztetan aritu gara.

Martxoaren 2an, Deustuko Erribera auzoako Pabelloi 6 aretoan, Amama, irrifarreen ondarea antzezlana estreinatu zen, 12:00etan. Eidabe kultura-esparruko erakundeak ekoitzita, umeei zuzendutako lana da, eta 50 minutuko iraupena du. Aizpea Goenaga donostiarra da antzezlanaren idazlea eta zuzendaria, eta Ugaitz Alegria ondarrutarra, berriz, zuzendaria. Ikuskizun honen helburua amamak omentzea da, baita belaunaldien arteko transmisioari garrantzia ere ematea .

Istorioaren protagonista zortzi urte dituen Lea da eta, Ugaitzen hitzetan, ibilbidea honakoa litzateke: “Lea eta bere ama bakarrik bizi dira. Leak ez dauka amamarik, eta bere ikaskideek badutela ikusita, premia edo gabezia hori betetzeko amama baten bilaketan hasten da”. Leak amari plazaratzen dio duen beharra, baina hark kasurik egiten ez dionez , iragarki bat idazten du jendeak jakin dezan amama bat bilatzen dabilela. Horri esker, hautagai asko agertuko zaizkio, baina ez ditu aukeratuko , “oso eredugarriak ez direla konturatuta”. Azkenean, bere goiko auzokidea den Itziarri eskatuko dio bere amama izateko. Ugaitzek azaldu duenez, Leak ikusten du Itziar berarekin jolasteko, magia egiteko eta dantzatzeko prest dagoela, beste hainbat gauzaren artean, eta horri esker asko konektatzen du harekin.

Bi aktore dira istorioaren protagonistak gorpuzten dituztenak: Itxaso Gilek Learen papera egiten du eta Nagore Gonzalezek gainontzeko pertsonaiei ematen die bizitza.

Amama izeneko antzezlana sortzeko ideia aspaldikoa da, Deustuko Erriberako umeekin antzerki ekintza bat egin zenean. Umeek amonen inguruko pieza bat egin behar zuten, eta ekintza bideratzen zuten Eidabeko kideek zera ikusi zuten: amona ezagutu izan ez zuten haurrek ez zuten hari buruzko informaziorik. Beharrizan hori ikusita, kideetako bati amamak omentzeko antzezlan bat sortzea bururatu zitzaion.

Hori dela eta, Eidabetik Ugaitz Alegria zuzendaria kontaktatu zuten, eta berak proposatu zien Aizpea Goenaga idazle izateko: “Aizpearekin beste alor batzuetan ere elkarlanean ibilia nintzen eta, gainera, bera ere amama izan berri zen une hartan”. Bada, Ugaitzi Aizpea pertsona aproposa iruditu zitzaion proiektuan sartzeko. Hark ere baietza eman ostean, antzezlanaren idazketan eta moldaketan aritu ziren denbora luzez, pasa den hilabetean antzezlana aurkeztu zuten arte.

Martxoaren 2ko estreinaldira joan zirenek aurretiazko gonbidapena jaso zuten eta, Pabelloi 6ko aretoa ia guztiz bete zuten. Ugaitzi galdetu diogu ea estreinaldirako urduritasunik sumatu zuten, eta erantzuna argia izan da: “Lasai gindoazen aurre estreinaldia oso ondo joan zelako eta seguru geundelako egindako lanarekin”. Izan ere, otsailaren 24an , astelehena, Deustuko Erriberako eskolako umeekin egon ziren Erriberan bertan, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako umeekin, hain zuzen ere. Astelehen hartako ikuskizuna proba moduko bat izan zen, jendeak nola erantzungo zuen jakin ahal izateko. Zuzendariak aipatzen duenez, antzezlanak “oso-oso ondo” funtzionatu zuen eta ikusle txikiek neurriz jokatu zuten: “Tarteka barreak entzuten ziren, baina ostean esaten zuten hunkitu ere hunkitu  egin zirela”.

Estreinaldian, aurre estreinaldian gertatu zen moduan, ikusleriaren erantzuna egundokoa izan zen. Gainera, Ugaitzek nabarmendu du martxoaren 2ko antzezlanean isiltasun handia hautematen zela, “askotan umeen ikuskizunetan gertatzen ez dena, egonaldia luzeegia egiten zaielako”. Adin askotako haurrak egon ziren, oso txikiak zein nagusiagoak, baina zuzendariak igarri zuen ikusleak adi eta polito egon zirela. Horrez gain, Ugaitzek dio bai sare sozialetatik, bai aurrez aurre ere jaso zituzten mezuak oso positiboak izan zirela: “Ez nuen uste halakorik gertatuko zenik, baina ikuskizunetik ateratzean batek baino gehiagok esan zidan hunkitu egin zela edota malkoa atera zitzaiola, eta pozgarria da hori jakitea”.

Martxoan zehar, orotara hamaika emanaldi egon dira EAEko hainbat herritan. Gainera, antzezlana ikusteko gogotsu daudenentzat berri on bat dugu: Eidabek datozen hilabeteetan data gehiago eskainiko ditu Amama, irrifarreen ondarea ikuskizunaz gozatu ahal izateko.