BNINA ABBA BULAIH: “Nire jendea hemen dago, baita nire seme-alabena ere”

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria 2025ko api. 15a, 12:37

2013an iritsi zen Bnina Abba Bulaih Mendebaldeko Saharatik Arangoitira. Erizantzaiko laguntzailea da eta bere bizipenak partekatu dizkigu.

Noiz etorri zinen Arangoitira eta zerk ekarri zintuen?

2013ko urriaren 14an iritsi nintzen Arangoitira, baina estatura gaztetan etorri nintzen, haurdun nengoenean. Nik 1. motako diabetesa daukat eta Saharan oinarrizko zerbitzuak baino ez daudenez, Gurutze Gorriari esker estatuan artatu ninduten.

Asturiasen 6 hilabetez egon nintzen, eta han erditu nintzen nire lehenengo semeaz. Bisa amaitzean Saharara buelta egin behar nuen, baina Euskal Herrian nituen lagunak eta familia nitaz arduratu ziren. Horri esker ez nintzen itzuli behar izan.

Hona etorri aurretik, ezagutzen zenituen zonaldea eta euskal kultura?

Betidanik ezagutu dut euskal kultura, nire aitak haren inguruan hitz egiten zidalako. Duela 74 urte, Saharako Ibilaldi Berdearen aurretik, EAEn egon zen lanean eta beti oso ondo hitz egin dit euskaldunei buruz. Esaten zidan, norbaiten konfiantza lortzen duzunean, betiko edukiko duzula. Aitak sortu zidan hemen bizitzeko nahia, entzundako guztia nire begiekin ikusi nahi nuelako.

Gainera, nik oso argi daukat: nire seme-alabak hemengoak dira eta beren hizkuntza ikasi behar dute. Euskaraz ondo hitz egiten dute eta hori amets bat da niretzat.

Zer harreman duzu euskararekin?

Oinarrizkoena, egia esan. Hitz solteak dakizkit. Hala ere, nire lankideekin beti saiatzen naiz euskaraz egiten, gehiago ikasi nahi dudalako. Hizkuntza pila bat gustatzen zait eta apurka-apurka aurrera egiteko asmoa dut.

Zer antzekotasun eta alde ikusten dituzu Sahararen eta Arangoitiren artean?

Orokorrean alde handia dago bien artean. Zerbitzuak eta azpiegiturak alde batera utzita, Saharan haimetan elkartzen gara, etxean. Hemen, berriz, jendea tabernetan batzen da, eta hori asko gustatzen zait.

Antzekotasunei dagokienez, bi kulturetan hurbileko jendearekin elkartzeko ohitura dago, eta errespetua eta maitasuna ezinbestekoak dira bietan. Eman egin behar da trukean jaso ahal izateko eta hori ez da aldatzen kultura batetik bestera.

Zure jaioterritik zer duzu faltan?

Batez ere janaria eta nire gurasoak. Nire jendea dut faltan. Jada 15 urte pasa dira Saharatik joan nintzenetik eta bueltatzeko gogotsu nago. Oso gogorra da etxetik hain urrun egotea.

Zure herrira bisitan joaten zara? Zenbatero?

Orain arte ez naiz itzuli, estatuan lan egiteko baimenari esker nituelako paperak. Duela gutxi espainiar nazionalitatea eskuratu dut eta horrek ate asko ireki dizkit. Dokumentu guztiak behar bezala ditut eta uda honetan etxera itzultzeko asmoa dut. Benetan beharrezkoa dut.

Gomendatuko zenioke Arangoiti zure hiriko norbaiti?

Jakina, beti ondo hitz egiten dut nire herriaz. Jada hemengoa sentitzen naiz eta badakit nire herriko pertsonek ere harrera beroa jasoko luketela. Ni bezala, oso zoriontsu egongo lirateke.

Arangoitin betiko bizi nahiko zenuke?

Pila bat gustatuko litzaidake. Gutxi gorabehera bost urte daramatzat erosteko pisu baten bila. Izan ere, beste inon baino askoz gusturago bizi naiz auzoan. Nire jendea hemen dago, baita nire seme-alabena ere.