Zergatik aukeratu zenuen erasmusa Argentinan egitea?
Otsail hasieran etorri nintzen Corrientesera, Argentinako iparraldera, eta lehenengo hilabetean bidaiatzen aritu naiz, herrialdera etorri diren hainbat klasekiderekin. Izan ere, hona etortzea erabaki nuen betidanik piztu didalako jakin-mina eta erizaintza arloan beste errealitate bat bizitzea dakarrelako. Hemen ez daude hainbeste baliabide eta horrek ere interesatzen ninduen.
Nolakoa da bertako bizimodua? Zerk desberdintzen du Deustukoaz?
Corrientes egitura aldetik ez da oso hiri garatua: kaleak oso baldintza kaxkarretan daude eta, adibidez, hemengo jendearentzat normala da motor bakar batean 3-4 pertsona joatea, eta kaskorik gabe. Gainera, orain Argentinan ez dago egonkortasun ekonomikorik, ez politikorik: supermerkatuetan prezioak asko ari dira igotzen eta soldatak oso baxuak dira. Kontrastea handia da.
Kultura gustukoa duzu? Zerk erakartzen zaitu gehien?
Kultura gustukoa dut eta gehien erakartzen nauena haien harremantzeko era da. Izan ere, guk ezagutzen ditugun ohiturak, hori bera baino, ekitaldi sozialak dira. Erlazionatzeko era oso ezberdina dute eta argentinarrak oso irekiak dira, oso jatorrak. Nahiz eta ezaguna ez izan, edozer behar duzula lagunduko dizute. Pozik bizi dira eta bizitza erritmoa oso ezberdina dute.
Deustutik edo Euskal Herritik zer botatzen duzu faltan gehien?
Euskal Herriko hizkuntza eta ohitura asko ditut faltan. Horrez gain, batez ere lagunak eta familia. Haiekin kontaktuan nago baina ez da berdina. Egia da bi-hiru hilabetetan bueltatuko naizenez ez dela hain gogorra, baina hala ere... Gainera, duela gutxi Deustuko Jaiak izan direla, triste ibili naiz, baina ez dut mugikorra asko begiratu izan nahi.
Argentinaz gain, inguruko herrialdeak ezagutu dituzu?
Bai, bidaiatzen egon ginen lehenengo hilabetean Uruguay ezagutu genuen. Egia esan, ez genuen espektatiba handirik eta pila bat gustatu zitzaigun. Oso polita zen dena eta jendea ere oso jatorra zen; izan ere, Argentina baino seguruagoa dela esaten dute. Ondoren, Buenos Airesera joan ginen aste baterako, eta Iguazu ur-jauziak ere bisitatu genituen.
Aste Santua dela, etxera bueltatzeko asmorik duzu? Ezetz bada, zein da zure plana oporretarako?
Etxera bueltatzeko asmorik ez, kriston dirutza eta denbora delako. Patagoniara noa 10 egunerako. 10 pertsona inguru joango gara eta oso gogotsu gaude. Joango gara Usuayara, El Calafatera eta Puerto Natalesera, eta kotxearekin ibiliko gara handik. Oraindik ez daukagu guztia lotuta, baina hainbeste pertsona izanda merke aterako zaigu.
Erasmusa egingo duen norbaiti, gomendatuko zenioke Argentina?
Nik uste dut oso esperientzia aberasgarria dela, ikasten duzun karreraren arabera. Erizaintza edo irakasle-ikasketak graduetan oso egokia ikusten dut. Azkenean, hemen ez dituzte hainbeste errekurtso eta egoerara moldatu behar zara: agian ez dituzte eskura guk normaltzat hartzen ditugun horiek. Errealitate oso ezberdina da eta oso esperientzia hazgarria da.
Noiz arte geratuko zara? Ahal izatekotan, egonaldia luzatuko zenuke?
Klaseak ekainean bukatuko ditut eta uztailean asko bidaiatzea daukagu pentsatuta, leku berriak ezagutzeko. Egiten ditudan bidaien arabera etxera bueltatzeko data aldatu daiteke, baina printzipioz uztailera arte egongo naiz. Argi dut abuztuan Deustun egon nahi dudala uda lagunekin pasatzeko. Bestetik, ez dut uste egonaldia luzatuko nukeenik; oso gustura nago baina etxea faltan botatzen dut.