Familia-etxean jaio zen 1935eko abuztuaren 7an, Elejalderen-Etxean, eta hiru hilabeteren buruan, Ignacio Villota deustuarrak 90 urte beteko ditu. Bizi luze baten lekuko izateaz gain, jakinduriaren gordailu bihurtu da, ez soilik urteek eman dioten esperientziagatik, baizik eta etengabeko jakin-minak formakuntza zabaleko gizon bihurtu duelako: 17 urte zituela utzi zuen Deustu Salamancan Medikuntza ikasteko, nahiz eta soilik bi urtez jardun zen: “Ez nuen gustuko eta argi nuen apaiza izan nahi nuela”. Gradua utzi eta Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen, beranduago ere, Historian doktoretza eskuratuz Valladoliden. Gaur egunera arte, historia irakasle eta zuzendari gisa aritu da urte luzez, lan pastorala egin eta saiakerak zein kazeta testuak idaztearekin batera.
Aurten, idazleak bere hamargarren liburua aurkeztu berri du: Mi paso por el DEIA, 1984-2024, 40 urteko kazetari eta kolaboratzaile lanaren isla den obra dokumentatua. Liburuak egileak DEIA egunkarian argitaratutako artikulu esanguratsuen hautaketa biltzen du, eta lanei testuinguru historikoa zein egilearen iruzkin pertsonalak ere gehitu zaizkie. Villotak berak azaldu digunez, liburuak ez ditu Deian idatzi dituen lan guztiak jasotzen, baizik eta harentzat esanguratsu edo kuttunenak direnak: “Pena ematen zidan artikulu horiek galtzeak, horregatik bildu ditut argitalpenean. Egia esan, oso liburu jatorra geratu da eta pozik nago emaitzarekin”.
Pasaden maiatzaren 16an, ostirala, libururen aurkezpena egin zen Bilboko Bidebarrieta liburutegian, ikusmin eta miresmen giroan. Bertan, familiako eta lagunarteko aurpegi ezagun asko elkartu ziren, eta aurkezpena “gertukoa eta samurra izan zen”. Ekitaldian Deia egunkariko zuzendaria izan zen, baita Villotaren iloba Fede ere, zuzenbidean lizentziaduna eta idazlea bera: aurkezpenean itzultzaile eta interprete lana egin zuen, eta aurkezpenari dinamismoa eta hurbiltasun berezia eman zion. Solasaldi zabala izan zen, non Villotak, berezkoa duen umore eta lasaitasunarekin une dibertigarriak partekatu zituzten. Eguna, bere hitzetan, “oso polita eta goxoa” izan zen.
Villotaren bibliografiaren artean Deusturen inguruko hiru lan nabarmentzen dira: Apuntes de nuestra pequeña historia de Deusto (1977, 1981eko edizio osatua), Historias de Deusto de mi niñez (2012) eta Deusto del ayer y de hoy. Hirurak hala hirurak, auzoaren memoria kolektiboa jasotzeko eta ondorengo belaunaldientzat gordetzeko eginak dira.
Egun, deustuarraren ahotsa argia eta bizi-bizia da, eta oraindik ere jaiotzetik bizitako guztia partekatzen jarraitzeko grina du. Hala ere, aipatu duenez, ez du uste liburu gehiago argitaratuko duenik: orain arteko hamar lanekin asebeteta dago, eta horien bidez bere ondarea iraunkorra izango dela uste du.