Zerk ekarri zintuen Deustura eta noiz?
Ikasturte honetan EHUko margogintza master bat ikasten ari naiz eta klaseak hasi nituenean etorri nintzen Deustura, pasaden urteko irailean.
Zergatik erabaki zenuen masterra hemen ikastea?
Ikasketa plana bilatu nuen eta asko gustatu zitzaizkidan irakasgaiak. Nagusiki, horrexek erakarri ninduen hona. Dena den, sare sozialetan Leioan ikasi duen pertsonaren bat jarraitzen dut eta masterra asko gustatu zaiela aipatzen dute. Gainera, etorri aurretik banekien Deustu eta Bilbo oro har oso ondo daudela. Nire gurasoak hemendik gertu bizi izan dira, Castro Urdialesen, eta lehendik entzundakoak interesa pizten zidan.
Orain arte, zer harreman izan duzu hizkuntzarekin eta euskal kulturarekin?
Egia esan, ez dut euskararekiko hurbilketa handirik izan. Batzuetan nire irakasleek euskaraz hitz egiten didate, baina ulertzen ez dudala esan bezain pronto, hizkuntzaz aldatzen dute. Hemengo folklorearekin ere ez dut harreman handirik izan. Aldiz, artearen alorrean gehiago dakit. XX. mende amaierako euskal zizelkari dezente ezagutzen ditut.
Deustun, zer gustatzen zaizu gehien eta zer gutxiago?
Gehien gustatzen zaidana da Deustu eskaintza handiko auzoa dela. Esango nuke denetarik duela: gimnasioak, arrandegiak, fruta-dendak, harategiak... Behar duzun guztia aurki dezakezu etxetik hurbil. Eta gutxien gustatzen zaidana izan daiteke auzoa apur bat garestia dela, baina tira. Oro har, Bilbo horrelakoa da.
Deustun eta, oro har, Bilbon berdegune asko daude. Madrilera itzultzen zarenean, faltan botatzen duzu naturarekiko hurbiltasuna?
Egia da hemen berde gehiago ikusten dela. Azkenean, mendiz inguratuta zaude eta sentsazioa oso atsegina da. Hala ere, Madrilen ibaitik gertu bizi naiz. Beraz, berdeguneak baino gehiago, faltan botatzen dudana lekuetara iristeko erraztasuna da. Hemen 15 minutuan edonora joan zaitezke eta Madrilen 30-45 minutu behar dira edonora iristeko.
Zenbatero bueltatzen zara Arganzuelara?
Hilean behin edo bi hilean behin itzultzen naiz. Gabonetan joan nintzen, hemen bakarrik egongo nintzelako, baina halako data zehatzetan izan ezik ez dut itzultzeko ohiturarik. Bilbon bizi bitartean, nahiago dut egonaldia probestea.
Masterra bukatutakoan etxera bueltatzeko asmoa duzu?
Egia esan, ez. Hemen bizitzen jarraitu nahi dut. Leku ona iruditzen zait independizatzeko, Gobernuak laguntza dezente ematen baititu. Horretaz gain, ekoizpenerako laguntza eta beka pila bat daude eta nahiz eta etxetik urrun egon, oso hiri erosoa da. Gainera, bizitza kultural handia dago.
Deustun bizitzen jarraitu nahi duzu?
Datorren urtean auzoan bizitzen jarraitzea gustatuko litzaidake lehen esan dudanagatik: denetarik duen auzoa da, kalitatezko produktuen eskaintza handia dago, giroa lasaia da... Eta zentrotik gertu egotean, ez da zertan garraiorik hartu behar, ibiltzen joan zaitezke. Egia da garesti samar dagoela, baina asko merezi du.