Adrián Romero: “Diseinua eta marketina sarri nahasten dira, eta nik nahiago dut prozesu garden eta hurbilagoetatik lan egitea”

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria

None
None
None
None
None
None
None
None

Adrián Romero (@Adrian_vision) 32 urteko diseinatzaile grafikoa da. Deustuko Madariaga Etorbidean hazi zen, eta 20 urterekin Errekaldera lekualdatu zen bizitzera. Diseinu grafikoaren esparruan esperientzia zabala pilatu du 15 urte zituenetik eta, aurten, bere proiektu pertsonal artistikoa hasi du: Talleres La Vision. Elkarrizketan, bere ogibidearen inguruan luze eta zabal jardun da, eta Deusturekiko duen lotura ere aipatu digu du.

Noiz hasi zinen arte grafikoen munduan?

14-15 urterekin hasi nintzen. Une hartan modan zegoenez, MySpace-a ikertzen hasi nintzen. Bertan rap-abeslari asko ezagutu nituen eta haien orrialdeak diseinatzearekin batera, kartelak eta disko portadak egiten hasi nintzen. Batxilergoa amaitu ostean, Publizitate Grafikoa ikasi nuen Ibarrekolandan. Ordura arte ilustrazio digitala egiten nuela esan daiteke, eta behin gradua hastean diseinu grafikoan murgiltzen hasi nintzen. Beraz, nire kabuz 15 urte inguru nituela hasi nintzen eta gradua bukatzean, publizitate agentzia batean hartu ninduten.

Noiz jakin zenuen diseinu grafikoa ikasi nahi zenuela eta nolakoak izan ziren zure hastapenak?

Oso baldintza eskasetan hasi nintzen. Kontua da ni diseinu grafikoa esploratzen hasi arren, ez nekiela horren inguruko lanik zegoenik. Ni umea nintzenean ez zegoen informazio askorik eta nire inguruan inork ez zekien zehazki zer zen diseinu grafikoa. 15-16 urte nituenean, Alex Trochut ilustratzaile, tipografo eta diseinatzaile ezaguna agertu zen telebistan. Esaten zuenari adi-adi egon nintzen eta liluratuta geratu nintzen: une hartan jakin nuen diseinatzaile grafiko gisa lan egin zitekeela. Amari esan nion eta hark Trochuten lanak jasotzen dituen aldizkari bat erosi zidan. Orduan konturatu nintzen benetan diseinatzaile grafikoa izan nahi nuela.

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Nire estiloa urteekin aldatuz joan da. Uste dut ez naizela eroso sentitzen bide bakar batean lan egiten. Azken aldian autokontzientzia ariketa handia egiten ari naiz eta asko aztertzen dut nire lana. Kezkatzen nauen kontu bat da: denbora asko igarotzen dut nire estiloaren inguruan hausnartzen, diseinuaren munduan identifikatuko zaituen zerbait lortzeak balio handia ematen baitizu. Berez, esango nuke hainbat testuingurutako erreferentziak nahasten ditudala: Punk eta fanzine ukitua, bideojokoen eragin handiarekin... Edertasuna edo nolabaiteko harmonia duten zenbait kontzeptu positibo ere bilatzen ditut, eta horiez gain, bolumenarekin lan egitea asko gustatzen zait.

Nondik uste duzu datorrela jendeak zuregan duen konfiantza?

Nik uste dut, alde batetik, denbora askoko kontua dela. Ibilbide bat izateak jendearen konfiantza zureganatzea dakar gehienetan. Bestalde, uste dut gai oso gizatiarra dela. Diseinua eta marketina sarri nahasten dira, eta nik nahiago dut prozesu garden eta hurbilagoetatik lan egitea. Nire ustez, pertsona eta proiektu bakoitzak behar ezberdinak ditu eta, askotan, konfiantza inplikazioari esker lortzen dut. Esperientziaren, zintzotasunaren eta gertutasunaren arteko nahasketa da.

Nola jaio zen Talleres La Visión? Zein da ikuspegia eta funtzionamendua?

"Vision" ezizena oso gaztea nintzenetik izan dut eta jendeak nirekin lotzen duenez, mantendu nahi izan dut. Ikuspegiari dagokionez, hainbatek uste dute diseinua goi-mailakoa eta intelektuala dela baina nik ez dut horrela ikusten. Ni bat  nator Félix Beltrán diseinatzaile kubatarraren ikuspegiarekin: ikusizko hizkuntzaren langileak besterik ez gara. Publizitate agentzian hasi nintzenetik egunero 8 orduz aritu naiz lanean, eta inoiz ez dut inolako handitasunik sentitu. Klase kontzientzia horren pean, “estudio” hitz klasikoak ez ninduen erakartzen; izan ere, “tailer” hitzarekin erosoago sentitzen nintzen eta, gainera, nire aitonak tailer bat izan zuenez, hitza erabiltzea erabaki nuen. Honela sortu zen Talleres La Vision. Oraingoz ondo doa eta nik bakarrik jarraitzeko asmoa dut.

Izen handiko artistekin egin duzu lan: Hofe, La Zowi, Benyart, Milo J, Kiliki... Nola izaten dute zure lanaren berri eta zergatik uste duzu erabakitzen dutela zurekin lan egitea?

Tokian-tokian esango nuke nirekin harremanetan jartzen direla proiektu eta eszena askotan parte hartzen dudalako. Oso garrantzitsua da jendeak jakitea, zerbait erakargarria egiteaz gain, pertsona irisgarria eta atsegina zarela. Lan pilo bat lortzen ditut ahoz aho. Batzuetan, sare sozialen bidez hitz egiten didate baina gehienetan, aurretik ezagutzen nautelako izaten da. Bestalde, esango nuke nire aldeko apustua egiten dutela musikarekiko sentsibilitate handia dudalako. Musikazale amorratua izan naiz betidanik.

Estimu handia diozun proiekturen bat?

Adibidez, etxeen proiektua oso polita izan zen niretzat. Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Taldeen Antolakundeekin batera egin nuen lan. Denok ezagutzen dugu San Frantziskoren egoera: gentrifikatua izaten ari da, errealitate asko bizi dira bertan eta jendeak auzoarekin amore eman duela esango nuke. Hortaz, garrantzitsua iruditzen zait edonolako laguntza eskaintzea. Gainera, etxebizitzaren gaia unibertsala iruditzen zait; izan ere, nik ere sufritzen dut. Kanpainarekin konektatzeaz gain, maila grafikoan ere, oso proiektu hazgarria izan zen: irudi oso sinplea sortu genuen, baina asko komunikatzen duena. Sortze-prozesua ederra izan zen, eta maitasun handia diet bai emaitzari, baita inplikatutako pertsonei ere.

Garrantzitsua da zuretzat esanahia eta helburu bat duten proiektuetan parte hartzea?

Pilo bat. Uste dut pertsona bakoitzak bere esparrutik lagundu dezakeela eta antolakuntzarako deia sentitzen baduzu, hazgarria dela bakoitzak bere ekarpena egiteko modua aurkitzea. Niretzat oso garrantzitsua da halako mugimenduen parte izatea, eta are gehiagotan inplikatzea gustatuko litzaidake. Autogestioaren barruan irudia zaindua izateak balio handia ematen du eta nik horretan lagundu dezaket.

Proiektu berriak dituzu esku artean?

Bai. Adibidez, Kiliki Frexkorekin lanean ari naiz Iltze Bat diskoan. Hilabete honetan, lehenengo aldiz, salgai jarriko ditugu birako merchandising-aren kamisetak. Jertseak, bisualak, kartelak eta bestelakoak egiteko lanean ere ari gara. Hoferekin ere badut bilera bat, agian bere bira berriaren bisualak egingo ditudalako. Bestalde, nazioarteko proiektu handi batekin nago, eta aipatutako hiru proiektuez gain, badut beste baten bat hitzartuta, baina udan atseden hartu nahiko nuke.

Etorkizunean esploratu nahiko zenituzkeen arlo berririk badago?

Orain topera nago eskaladarekin, deskonexiorako gune bat da niretzat. Baina etorkizunera begira, nor daki? Burutazio guztiz eroa da baina aukera aurkeztuko balitz, animazio telesail bat egitea izugarri gustatuko litzaidake.

 

SAKONEAN

Pena ematen dizu Deustutik joan izanak?

Bai, pena handia eman zidan Deustu uzteak. Joan nintzenetik Deustu asko aldatu da, baina ezin dut esan hobera edo okerrera egin duen. Hala ere, lehen bazeuden zinema, arcade-aretoa, skatepark-a… Bizitza auzoan egiten nuen eta ez nuen bertatik irteteko beharrik. Oso oroitzapen politak ditut hemen; izan ere, bizi kalitate handiko lekua da eta argi asko dago. Gustura itzuliko nintzateke eta milaka aldiz aritu naiz pisuak bilatzen baina ezinezkoa da. Azken finean, auzoan bizi den jendea ez da hemendik joaten, eta alokairua garestitu da.

Bereziki inspiratzen zaituen artistaren bat ba al dago?

Noski, nola ez. Alde batetik, Mikel Pejenaute datorkit burura (@cosasdejaleo edo @kinakokoda). Oso laguna dut eta gauza harrigarriak egiten ditu. Lan grafiko esperimentala egin ohi du, baina ehungintza ere egiten asko aritu da. Asko miresten dut bai giza mailan eta bai sormen mailan. Bestetik, H05eko (Proyecto Hemen) kide guztiek zein Cuchillo estudioko nire lankide ohiek ere asko inspiratzen naute.