Urteak dira Deustu nekazaritzan oinarritutako auzo berdea izatetik, Estatuko hainbat zonaldeetako langileen etxe gorria izatera igaro zela. Testuinguru horretan sortu zen gure eskola, etorkizun hobea lortzeko helburu eta ametsekin, lantegiz betetako hiri batera heldu ziren familien umeak hartzeko.
Berrogei urte baino gehiago igaro dira eta Deustuko Eskola, edonon jaiota ere euskal langileria osotzen dugunon seme alaben eskola izaten jarraitzen du. Horregatik, eskola bizirik mantentzea nahi dugu, elkartasunerako topagune izanik, famili guztion ametsak betetzeko abiapuntua izan dadin.
Orain dela berrogei urte auzoa eraiki zuten familien eredua jarraituz, hezkuntza komunitatea indartu nahi dugu eta gure eskolako ateak auzoko eragile ezberdinei ireki ere. Besteak beste, hizkuntzak sareak josteko duen botereaz ohartuta, ikasleen familiei zuzendutako euskara klaseak eskaini nahi ditugu. Esan bezala, eraikinaren jabe den Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailari arratsaldeetan eskola irekita mantentzeko eskatu diogu, proiektu honetaz gain, gure komunitatea sendotzeko ekimen ezberdinak abian jartzeko.
Ikasturte honetan ere hasi gara sareak josteko ekintza ezberdinak antolatzen, hala nola, 2. Eskuko Azoka edota Jai Interkulturalaren jarraipena arratsaldez. Lehenari dagokionez, erabilitako jostailu eta arropa bilketa egin ostean, salmentan jarri genituen jasotako dirua, kurtso amaierako jaia antolatzera eta eskolako liburutegirako jostailu eta liburu berriak eskuratzera bideratuko delarik. Jai Interkulturalari dagokionez, urtero eskolatik antolatzen duten azkari interkulturala abiapuntutzat hartuta, eskolako kultura aniztasuna izpide, arratsaldean hainbat jarduera antolatu genituen. Festa amaitu zenean eta batzen geundenean, uda hasierako sargoriank dakarren ekaitza hasi aurretik, auzokide bat hurbildu zitzaigun eskerra emanez, bere balkoitik dantza eta ikuskizuna guztiak ikusi eta hunkitu zela
aitortuz. Gure komunitatearen kidea den Paraguaytik etorritako ama bati esan zion “Eskerrik asko bizitzeko gure herria eta gure auzoa aukeratzeagatik”. Gizon horren jarrera eta hitz hunkigarriek gure bidearen itsasargi izan beharko lukete, gure herria, gure auzoa eta gure eskola euren bizitzaren proiektua aurrera eramateko aukeratu duten familiak eskuzabaltasunez har ditzagun. Elkarrekin aberatsagoak eta indartsuagoak gara guztiok nahi dugun eskola eta auzoa eraikitzeko.
Amaitzeko, Eskola Publikoa aukeren berdintasuna eta aniztasuna bermatzen duen hezkuntza eredua dela oinarritzat hartuz, ezinbestekoa iruditzen zaigu auzoan honen garrantzia argi izatea eta ideia hauen indarra kolokan jartzen duen edozein mehatxuri aurre egitea. Etengabe eraldatzen ari den Deustuko gizartean, eskola publikoa ongi etorria emateko eta ametsak egi bihurtzeko gunea izaten jarraitzea espero dugu eta horren alde lan egingo dugu.