GAZTE LOKALEKO SAMALDA ASTEA

Erabiltzailearen aurpegia Deustuko gazte lokala

None
None
None

Samalda astea Deustuko Gazte Lokalean ospatu zen pasa den ekaianren 12tik 21era. Bi astetan zehar, kontzertuak, antzerkia, dokumentalak eta bestelako ekintzak izan dira, espazio autogestionatuaren indarra eta aniztasuna agerian utzi dutenak. 

Udako solstizioaren sugarrekin berriz piztu da Deustuko Gazte Lokalean hamaika une gogoangarri bizitzeko aukera. Oraingoan ere, gaztetxeari esker iritsi zaigu kultura eskaintza zabalaz auzotik atera gabe bizitzeko parada. Azken batean, errealitate bihurtu da, Samalda taldearen (txori bandada) jaiotze-asmoa: auzoko espazio autogestionatuaren erabilera kultural eta militantea bultzatzea, parte hartze irekia oinarri izanik, eta espazioaren inguruan ahalik eta komunitate anitzena sortzeko asmoarekin. Horrela bada, beste urtebetez, hainbat hilabetetako bilerei eta lanegunei esker osatu dugu bi aste luzez iraun duen egitaraua: antzerkia, kontzertuak, irratsaioa zuzenean, dokumentala, etab.

Ondorengo lerro hauetan une gogoangarri batzuk azpimarratu nahiko genituzke; nahiz eta, ziur aski, hurbildu zareten begiluze bakoitzak momentu propioak izan. Azken finean, hasierako lehen akorde akustikoetatik DJen azken nahasketetaraino, Samalda astearen ekintza bakoitza auzoaren altxorra den espiritu autogestionatu, gazte eta borrokalariaren errekonozimendua izan da.

Lehen astea, dagoeneko gaztetxearen egitarauan klasikoa den Txoringitoarekin hasi zen, eta giroa nabarmen hobetu zen Maddik eskainitako kontzertu akustikoari esker. Zuzeneko musikak zein eguraldi onak dakarren sinpletasunarekin, hasiera ezin hobearekin ekin genion egitarauari.

Egun handia izan zen, zalantzarik gabe, ekainaren 14a. Larunbata zela kontuan harturik,  eguerdi-goizetik ekin genion D.I.Y. Azoka irekiarekin. Mortan Kombatek animoak piztu zituenerako, gaztetxea musikaz, fanzinez, arropaz eta sormenez beterik zegoen. Jarraian, espazioa bazkari herrikoi bihurtu zen: indarrak hartzeko eskaintza ona, eta egunarekin jarraitzeko gogoak berriztuta. Arratsaldea Toni Kotinok girotu zuen, Rek, Gerri eta Depardieuren showcase-a hasi arte. Egun konpletoarekin amaitzeko, Auzokok eta Mutikok jarri zioten ginga egunari, Etxeko Selektekin batera, gaztetxeko hormak dardarka jarri zituzten.

Bigarren asterako indarberrituta azaldu ginen, eta oholtzaz oholtza hainbat urte daramatzan Ane Gebarak eskaini zigun “La Deskarada”rekin arte eszenikoaren txanda izan zen; ikusleak kritika sozialez, umore garratzez eta hausnarketaz betetako istorio batean murgildu ziren. Asteazkenean berriz, "No Other Land" dokumentala proiektatu zen, Zisjordaniako erresistentzia palestinarra ardatz zuena, eta kontzientziazioaren bidetik, nazioarteko politikaren koiuntura ulertarazten lagundu zigun.

Ostegunean Txoringitoa itzuli zen, eta oraingo honetan ikuspegi gogoetatsuarekin elikatu genuen arratsaldea: Etxarriko zein Txirbilineko espazio autogestionatuen esperientziak partekatu ziren Deustuko Gazte Lokalean grabatzen den irrati saioan. “Nuen Maite” irratiak gaztetxeko txokoan ekoitzi ohi ditu haren saioak. Bukatzeko, Ixxilaren eskutik izan genuen beste behin, giroa nabarmen animatu zuen DJ set-a, soinu esperimentalak erritmo dantzagarriekin uztartuz.

Eta hilabeteari amaiera bikaina emateko, larunbatean DJ Kiksek, Puñalesek eta Tronisek platerak hartu eta gaztetxea dantza-pista bihurtu zuten. Txori-dendan lehenbizi, eta Gaztetxean ondoren, auzoko lokala ezagutzen dugunok gogoan ditugun gau ilun eta bizien beste adibide bat eskaini ziguten.

            Laburbilduz, beste behin eskerrak eman nahiko genizkieke egitarauan parte hartu duten guzti horiei kartelean atera zein ez, hurbildu zareten eta hurrengoan etorriko zaretenoi, eta bereziki Deustuko Gazte Lokalari, beste behin, babes txoko izateagatik, eta antolatu ohi den ekintza bakoitza su kolektiboa pizteko txinparta bat delako. Ekaineko azken sugarrekin batera amaitu da Samalda astea, baina urte osoan zehar martxan jarraitzen du Gaztetxeak; beraz, adi sareetara eta inguruan ikus ditzakezun karteletara! Bukatzeko, Deustuko Gazte Lokalera hurbiltzeko gonbita egin nahiko genizuke, urte osoan zehar egon ohi diren ekintzak bizitzeko, eta zu ere kolektiboaren parte bilakatzeko. Datorren urtean ikusiko dugu elkar, ordura arte egin hegan!