Iker Basabe: “Belgika izan daiteke Europar Batasuneko egoera soziopolitiko arraroena duen herrialdea”

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria

202ko urrian iritsi zen Iker Basabe Gantera (Belgika) doktoretza ikastera. Doktoregai ikaslea da kimika analitikoan, Ganteko unibertsitatean (Ugent), eta bere bizipenak partekatu dizkigu.

Zer dela eta joan zinen Gantera?

Gantera doktoretza ikastera etorri nintzen. Ez nuen oraindik nire burua enpresa batean ikusten eta etxetik kanpo egon nahi nuen aldi baterako. Ikerkuntza talde batzuetan galdetu nuen ia doktoretza egiteko aukera zegoen eta Ganteko Atomic and mass spectrometry taldean onartu ninduten tesia egiteko.

Zenbat denbora daramazu bertan? Zer egiten duzu?

Jada ia 3 urte daramatzat hemen. 2022ko urrian etorri nintzen. Doktoretza hitz gutxitan laburtzea zaila da, baina elementuen distribuzio espaziala determinatzeko metodoen garapenean oinarritzen da, batez ere micro eskalan: meteoritoak, animalien edo gizakien ehun zati txikietan...

Nolakoa da bertako bizimodua? Oso desberdina da hemengoarekin alderatuta?

Gante hiri unibertsitarioa da berez, mugimendu asko dago ikasleen artean eta gaztez beteta dago. Hala ere, bizimodua, batez ere neguan zehar, ez da gurean bezain “kaletarra”. Neguan jendea etxean biltzen da gehienbat, eguraldiak behartuta, baina eguzki izpi txiki bat ateratzen denean kalean oso giro polita nabaritzen da beti. Gainera, esango nuke arlo soziala oso konektatuta dagoela kirol ekintzekin, ez baitauzkate pintxo pote edo poteoa bezalako ekintza sozialak.

Eta egoera soziopolitikoa?

Belgika izan daiteke Europar Batasuneko egoera soziopolitiko arraroena duen herrialdea. Bitan banatutako herrialde bat da, flandriarrak eta valoniarrak. Instituzioak, alderdi politikoak eta kasu askotan identitatea ere bikoiztuta dute eta horren ondorioz desberdintasuna erabatekoa da bi zonaldeen artean. Zeozer azpimarratu behar banu, Flandesen gero eta ohikoagoak diren diskurtso arrazistak eta klasistak lirateke. Ultraeskuineko alderdiak gero eta indar gehiago du Flandesen eta nahiz eta Gante oasi ezkertiar txiki bat den Belgikako panorama politikoan, nabari da diskurtso arrazista eta xenofoboen igoera.

Nolakoa da bertako egoera linguistikoa?

Hori ere ez da erreza. Hiru hizkuntza ofizial daude Belgikan: nederlandera, frantsesa eta alemana (oso zonalde gutxitan hitz egiten dena). Ganten nederlandera hitz egiten dute soilik nahiz eta guztiek frantses apur bat ikasi duten.

Nederlandera ikasi duzu? Zer hizkuntza darabilzu bertan?

Saiatu naiz. A1 maila nuen, 6 hilabeteren ostean behintzat erosketak egiteko baliozkoa zena ikasi ahal izateko. Hizkuntza germanikoa da eta oso zaila egiten zait ikasten. Gainera, jende guztiak oso ingeles maila altua duenez, ez dut nederlanderaren beharrik lan eta bizitza normala egiteko. Dena egiten dut ingelesez.

Belgikara joan aurretik, beste leku batzuetan ere bizi izan zara. Nolako esperientziak izan ziren? Nora bueltatuko zinateke?

Oviedon ikasi nuen masterra eta han sortutako aukera batekin Lausannera (Suitza) joan nintzen praktikak egitera zortzi hilabetez. Biak dira oso leku politak eta batez ere mendian ibiltzen disfrutatu nuen gehien bi lekuetan. Bietara bueltatzeko trabarik ez nuke jarriko. Biak dira oso leku politak eta nahiz eta Suitzako bizimodua gutxiago gustatu, paisaiak izugarriak dira.

Urte hauetan guztietan, zer da Euskal Herritik gehien sumatu duzuna faltan?

Gauza asko sumatu ditut faltan egunerokotasunean: janaria, kalera jaitsi eta lagunak errez ikusteko espontaneotasuna, hurbiltasuna...

Asko aldatu da auzoa?

Baietz esango nuke. Gurasoen etxetik balkoitik erribera ikusi daiteke eta bueltatzen naizen guztietan eraikin berri bat dagoen sentsazioa izaten dut. Dena den, Manhattan delakoaren arrastorik ez dut ikusi oraindik, akaso turista kopuru handiagoan.

Itzultzeko asmorik duzu?

Bai. Ez dut nire burua hemen ikusten eta ahal dela auzotik hurbilago egotea gustatuko litzaidake.