Nola ezagutu zenuten elkar?
E: Azken urteotan ezagutu dugu elkar. Idoia duela hamabi urte ezagutu nuen lagun baten bitartez eta Johannarekin mendiko formakuntza batean egin nuen topo, alpinismo ikastaro batean, hain zuzen. Ostean, mendiko formakuntzak jasotzen jarraitu genuen biok eta emakume mendizaleen topaketa batean Bego ezagutu genuen, duela sei-zazpi urte.
Zergatik erabaki zenuten GR-11 zeharkatzea eta ez beste ibilbideren bat?
B: Mendizale guztion zerrendan dagoela esango genuke, bai GR-11, bai GR-10. Bigarren hori Frantziatik doa eta guk egindako zeharkaldia, aldiz, Estatu Espainiarretik. Argi genuen Kantauri itsasotik Mediterraneo itsasora joan nahi genuela, oso proiektu polita iruditzen zitzaigulako. Horrez gain, hasieratik ere jakin genuen txakurrak eraman nahi genituela eta, Pirinio frantsesetan onartzen ez dituztenez, aukera bakarra GR-11 egitea zen.
Noiz hasi zineten proiektu honekin?
J: 2021ean hasi ginen, eta etapak gure denbora librearen arabera egokitu dugu. Hasteko, etxetik gertu proba bat egin genuen ikusteko nola moldatzen ginen gure artean, txakurrekin, materialekin… Sentsazioak positiboak izan ziren eta uda horretan bederatzi-hamar etapa egin genituen. Geroztik, urtez urte etapa gehiago egin ditugu eta etapa gehienak autonomian (kanpin-dendekin) eta txakurrekin batera egin ditugu.
Aurten bukatuko duzue zeharkaldia?
B: Bai, pare bat etapa falta zaizkigu eta uztailean egiteko asmoa dugu. Bi tarteak Aigüestortes parke nazionalean daude eta, horregatik, txakurrik gabe joan beharko gara. Hala ere, oso polita izango da, GR-11 egiten aritu garen laurak batuko garelako. Eli, Joha eta hirurok hasi ginen, Idoia justu Balentziara joana zelako bizitzera. Aurrerago, bera etorri eta Johannak zeharkaldia utzi behar izan zuen haurdun geratu zelako. Hortaz, oso hunkigarria izango da guztiok batera GR-11 bukatzea.
Formakuntzarik al duzue mendiko arloan?
B: Laurok mendian trebatzeko ikastaroak egin ditugu: alpinismokoak, eskaladakoak, baso bainuetakoak… Beti gabiltza gure autonomia bilatu nahian. Duela bi urte Joana Eli eta hirurok mendiko gidaritzan trebatzen hasi ginen. Joanak haurdunaldiagatik utzi behar izan du, baina Eli eta biok urte honetan amaitu dugu.
Nola antolatzen zarete zeharkaldietan? Rolik banatzen al duzue?
J: GR-11 hasi genuenetik ikusiz joan gara zeintzuk diren bakoitzaren indarguneak eta zertan ez garen hain abilak. Hala, rolak gure gaitasunaren arabera banatzen ditugu: batek etapak bilatzen ditu, beste batek desnibelak, non kanpatu edota iturririk badagoen ala ez bilatzen du, hirugarrenak autoen eta txakurren logistika osatzen du eta laugarrenak janaria kudeatzen du. Bakoitzak gustura egingo duen ardura hartzen du eta gure artean dakiguna partekatzen dugu, batera hazteko asmoz.
Nola moldatzen zarete txakurrekin?
E: Gure kide iletsuei esker oso bereziak dira gure zeharkaldiak. Ardura bat dira, noski: ondo zaindu behar dira, kontu handiz ibili behar gara hankatxoak nola dituzten egiaztatzen, zer motatako harrietatik pasatzen garen edo bero handia egiten duen ere kontuan hartu behar dugu... Ardurak anitzak dira baina, bestalde, gozamen hutsa da. Guk bezainbeste gozatzen dute, eta ezin dugu mendia ulertu txakurrekin ez baldin bada, beti gurekin daudelako. Gainera, haiek ere oso talde polita osatzen dute: oso ezberdinak dira haien artean, baina oso ondo osatzen dute elkar. Hortaz, ardurak ardura direla ere, gozamen hutsa da haiekin joatea. Lana da txakurrekin mendian ibiltzea, baina lan benetan polita da.
Mendian igarotako denborari esker zuen arteko harremana estutu da?
J: Elkarrekin pasatzen dugun denborari esker gero eta hurbilagoak gara, eta GR-11ri buruz aritzen bagara, are gehiago. 24 orduz gaude batera, eta gauza asko partekatzen ditugu: une dibertigarriak, gogorragoak direnak, isiltasun eta introspekziokoak, pentsamendu intimoak partekatzeko tarteak... Batera gauden egunei esker eta, batez ere, bizitako askotariko egoerei esker, gure arteko harremana asko estutzen da. Mendiak elkarrekin ozen pentsatzera eta amets egitera eramaten gaitu.
Zer irakaspen jaso dituzue mendiari esker?
E: Irakaspen piloa jasotzen ditugu. Zoragarria da mendira joatea; izan ere, bizitzarekiko daukazun ikuspegia zabaltzen dizu. Unean zentratzen gara eta guztia argiago ikusten dugu. Zeharkaldi honetan erabaki pertsonal oso potenteak hartu behar izan ditugu eta horiei esker ikusi dugu zein talde ona osatzen dugun. Nahiz eta batzuetan guztiak ados ez egon hartutako erabakiekin, ez dugu eztabaidarik izaten. GR-11n zehar asko hausnartu dugu eta emozio pila bat bizi izan ditugu. Horregatik "GR-11 baino gehiago" deitzen diogu gure hitzaldiari, zeharkaldi bat baino askoz gehiago izan delako. Amesteko espazio bat bihurtu da eta gure nahiak asebetetzeko sekulako bultzada eman digu.
Mendizale elkarte bat sortzeko asmoa duzue eta duela gutxi topaketa bat egin duzue. Zelan joan zen?
B: GR-11 egin bitartean sortu zen topaketa bat egiteko ideia, emakumeok emakumeentzat sortutakoa, hain zuzen. Gure ahalduntze prozesua beste emakume batzuekin partekatu nahi dugu. Hala, laurok 15 emakume partaiderekin batu ginen eta gure ezagutzak mahai gainean jarri genituen: Idoiak yoga saio pare bate eman zituen eta janari beganoa kozinatu zuen, Johak baso bainuak egin zituen eta Eli eta biok ibilbide interpretatu bat egin genuen Txarlazo inguruan. Partaideen aldetik oso balorazio positiboak jaso ditugu, eta orain sukaldaritza lanetan gabiltza, datozen topaketak prestatzeko prozesuan.
Maiatzaren 28an Bidarte liburutegian egon zineten "Zeharkaldi bat baino gehiago" hitzaldia ematen. Zer moduz joan zen?
J: Harrera ona izan zuela uste dugu. 50 pertsona baino gehiago izan ziren eta interesa piztu zien. Galderarik egin ez arren, hainbat emakume informazio gehiago eskatzera hurbildu zitzaizkigun eta haien datuak eman zizkiguten gure topaketen berri izateko. Gogotsu agertu ziren eta hori oso positiboa iruditzen zait. Horrez gain, mendiko hitzaldiez ari garenean, orokorrean publiko maskulinoa nagusitu ohi da, baina gure hitzaldian gizon eta emakumeen kopurua nahiko parekoa izan zen. Bada, zapore onarekin joan ginen etxera. Esperientzia ederra izan zen eta oso pozik gaude.
SAKONEAN
Zein da zuen inspirazio iturria mendizaleen munduan?
B: Beti kritikatu izan dugu emakume erreferente falta dagoela. Beti izan da oztopo guretzat eta askotan inspirazio hori gertukoengan topatu behar izan dugu. Horregatik, hasi gara hitzaldiak ematen, guk ere beste emakume batzuk inspiratzeko eta ahalduntzeko.
E: Nire inspirazio iturririk handiena 2018an ezagutu nuen. Bost bat astez egon nintzen Pirinioetan eta han emakume atzerritar batzuekin topo egin nuen; izan ere, bakarrik eta autonomian egiten ari ziren zeharkaldia. Pentsarazi zidan zein ausartak ziren eta zergatik ezingo nukeen nik berdina egin. Horri esker, Joha eta Begorekin batera sortu zen zeharkaldia gure kabuz eta autonomian egiteko ideia. Ostean, azken urteotan, Idoia ere gure proiektura batu da.
Nola definituko zenukete mendiarekiko duzuen harremana?
J2: Mendiak asko erakartzen gaituela esango nuke; guretzat espazio osasuntsu bat, bai bakarrik goazenean, bai laurok batera gaudenean. GR-11 konfiantzazko espazio bihurtu da guretzat. Pentsatzeko, hausnartzeko, sendatzeko, iraultzak jaisteko, introspekzio bat egiteko eta gozatzeko espazio bat da, batez ere, gozatzeko.