PREST!

JAIO.TXANTXI.HIL

Erabiltzailearen aurpegia Txantxiku Aisialdi Taldea 2025ko urr. 7a, 13:19

None
None
None
None
None
None
None

Begiak itxi eta bidaiatu dezagun berriro ere toki horretara. Egunak ordu eta minutuak segundo diren magia horretara, ahanzturan geratu ezin diren TxantxiUdaleku-etara.

Urtero bezala, 11 eguneko maleta prestatu eta etxekoak agurtu bezain pronto, familia erraldoi eder bat osatu dugu uztailean. Txantxikuren hogeita hirugarren udalekuak izan dira aurtengoak. Izan ere, ez dezagun ahaztu behinola zizare izan ginela eta familia erraldoi hau, kate luze baten katebegia dela. Deustualdean euskarazko arnasguneen beharraz sinisten dugun zoro zoragarrion katea. Konpromesuz eta maitasunez osatutako familia.

Gipuzkoako Loiola izan dugu aurtengo helmuga. Hamarnaka jolas, erronka, bihurrikeria, txantxa eta meriendak tarteko gure arteko harremanak ehundu eta guztiontzako espazio parte hartzaileak sortzen ahalegindu gara begirale taldea. Ederra da txikienek nagusienetatik eta nagusiek txikienetatik gozatzen dakitela ikustea. Elkarren artean abestiak sortzen, mahai-jolasetan ibiltzen, koreografiak ikasten? Elkarbizitza honek, gozamenetik eta informaltasunetik euskal oasi ezinbestekoa sortzen ahalbidetzen du.

Zurrunbilo horren baitan, abentura desberdinak bizi izan genituen: Tipi-tapa kostaldeko bidetik Debatik Zumaira ibilaldia egin, bertso saio bat antolatu, beldur gau ahaztezin bat bizi, Lipdub luze bat etxe guztitik grabatu, sukaldean lagundu, igerilekura bota, HiHaizHi artistan oholtzara igo, Zarautzen izozki erraldoi bat jan, piropopoak elkarri idatzi eta Azkoitiko plazan Bulego taldearen kontzertuan 100 deustuar batera dena emanez, ahotsak urratu eta salto amaigabeak egin genituen. Abestiak dioen bezala: Kantu bat bizitako guztiari. Horixe da udalekuen magiak dakarrena, kantu luze bat gure memorietan zizelkatuko dena.

Txantxiku, mundua ikusteko betaurreko berezi bat da, sormena landu eta lotsa galtzeko etxe bat. Deustualdean euskaraz bizitzera goazen belaunaldion elkargune. Izan ere, aurtengo udalekuak amaitu arren, hasiera berriak ekarriko dituen proiektua da.