PREST!

Txepetxak Sakanan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Txepetx Aisialdi Taldea 2025ko urr. 9a, 10:42

None
None
None
None
None
None
None

Aurtengo udalekuak Nafarroan eman ditugu Txepetxok, Etxarri-Aranatzeko kanpinean. Lehen aldiz joan gara denok elkarrekin kanpin batera, eta zein ondo pasatu dugun! Zazpi egun izan ditugu Sakanako herri polit hau eta bere inguruko paraje ederrak ezagutzeko, herritar jator-jatorrekin hitz egin eta jolasteko, errekan eta igerilekuan bainatzeko, kanpinean lagun berriak egiteko eta gure artean dibertitzeko. 

Aurtengo udalekuen gaia zentzumenak izan dira. Horiek zorrozten, pizten, itzaltzen, alderantzikatzen… eman dugu aste oso bat, jolas eta dinamika desberdinen bidez gure buruak eta ingurua hobeto ezagutzeko. Gure artean hobeto elkar ezagutzeko jolasak ere egin ditugu, izan ere, aurten inoiz baino ume gehiago izan gara udalekuetan eta aukera paregabea izan dugu lagun berriak egiteko eta hainbeste ezagutzen ez genituen kideekin esperientzia ahaztezinak partekatzeko.

Gainera, aurten dinamika desberdinak egin ditugu nagusiok eta gazteenok, balore berdinak landu ditugu modu transbertsalean, baina gure interes eta beharrei egokituta. Dinamika bereiziak egiteaz gain, nagusiok laguntzaile rola hartu dugu zenbaitetan, eta aspaldi antolatzeko irrika genuen beldur gaua prestatu genuen larunbat gauerako. Zonbiek Etxarriko kanpina hartu zuten gau hartan!

Esan bezala, zentzumenak izan ziren udalekuetako gaia eta ekintza desberdinen bidez jorratu genituen. Ukimena lantzeko margolari bihurtu ginen gure gorputzak mihise bilakatuta. Testurekin ere jolastu ginen, baina horretarako ikusmena “itzali” genuen. Entzumena zorrozteko mendian barrena ibili ginen eta, bide batez, ikusmena, usaimena, ukimena eta… dastamena ere jarri genituen bizi-bizi.

Beste egun batean ikusmena zorroztu behar izan genuen, herrian zehar egin genuen rally zoro alternatiboarekin. Dastamenaren eguna mundiala izan zen, zentzu guztietan. Lehendabizi, gure auzokideak hobeto ezagutzeko, taldeka irabiatu bana prestatu behar izan genuen, baina osagaiak eta tresneria kanpineko auzokideei eskatu behar izan genzkien! Asko gustatzen zaigu jende berriarekin hitz egitea, eta izugarrizko irabiakiak egitea lortu genuen poz-pozik. Horren ostean, munduko kultura ezberdinetako jakiak prestatu genituen eta, bide batez, dastamenaren bidez bidaiatu ahal izan genuen: Indian, Marokon, Italian, Mexikon…  izan ginen.

Zapore-festari esker urrutira bidaiatu genuen, baina gehien gustatu zitzaiguna gure ingurua ezagutzea izan zen. Herrian hainbat ginkana eta jolas egin genitunen, eta gure inguruko okupazio mugimendua ezagutzeko ihes-gela bat ere egin genuen gau batean. Haur zein begirale, den-denok pasatu dugu primeran eta asko ikasi dugu elkarrengandik. Ez dugu aste hori inoiz ahaztuko eta, gainera, oroigarri gisa udalekuetako kamisetak eraman genituen etxera, serigrafia-makinarekin guk geuk egindakoak. Orain, irrikaz gaude ikasturte berria hasi eta abentura berriei ekiteko.Txepetxak auzoan… astindu hegoak!!