PREST!

Egotearen beharra

Erabiltzailearen aurpegia Leire Rodero 2025ko urr. 13a, 12:25

FOMOa, edo fear of missing out, zerbait galduko dugunaren sentsazioa edukitzea da. Leku guztietan egotera bultzatzen gaitu; ezer ez galdu nahi izatera. Antsietatea pizten zaigu sarrerak segundo gutxitan agortzen direnean, edo kontzertu bat “mundu guztia” biziko duen ekitaldia bihurtzen denean. David Bowiek esan bezala: “I don’t know where I’m going from here, but I promise it won’t be boring” [“Ez dakit hemendik nora noan, baina zin egiten dut ez dela aspergarria izango”]. FOMOaren aroan, bertaratzea eta presente egotea ia derrigorrezko kultura-ohitura bihurtu da: esperientzia artistikoaz harago, partaide izanaren eta une horretan egotearen baieztapena ere bilatzen baitugu. 

Adibiderik agerikoena Zetak eta bere Mitoaroa III da. Bi aldiz Nafarroa Arena eta hirutan Donostiako Illumbe bete ondoren, taldeak jada lehenengo sold out-a [sarrerak agortzea] lortu du San Mamesen eta bigarren data bat iragarri du. Bitxiena da kontzertu bat musika hutsa izatetik kontsumo-erritual bilakatzea: han egon behar da, dokumentatu, partekatu, eta bestela, ezinbestekoa den zerbait galdu dugula sentitzea. Pasio artistikoa antsietatea eta marketinarekin nahasten da, eta nonahi egon nahi dugu, nahiz eta ez beti artearekiko maitasunagatik. 

Bultzada hori ez da euskal musikaren esklusiboa, nahiz eta hemen azken urteotan gorakada nabarmena izan, Ertzainak, ETS, Izaro edo Chill Mafia bezalako fenomenoek jende-masa erakarriz eta “ezin duzu galdu” sentsazio hori sortuz. Zineman, La La Land (2016) filmak erakusten du arrakastaren eta esperientzia perfektuaren obsesioak nola iluntzen duen gozatzearen funtsa. Birdman (2014) lanean, onespenaren eta ikuskizunaren beharrak gogorarazten digu sarritan ospeak eta ikusgarritasunak sorkuntza bera estaltzen dutela. Eta pinturan, Andy Warholek jada ohartarazten zigun: “In the future, everyone will be world-famous for 15 minutes” [“Etorkizunean, edonork izango du mundu osoan 15 minutuz ospea”]. Dena ikuskizun eta kontsumo bilakatu da: FOMOak unea harrapatzera bultzatzen gaitu, baina askotan benetan baliotsua dena oharkabean pasatzen da. 

Azken finean, ni hemen nago, sarrerak agortu eta hutsik gelditzen diren kontzertu txikiei buruz hausnartzen dudan bitartean, konturatzen naiz benetako kultura-esperientzia ez dela beti areto handietan gertatzen. Agian gehiago ikasi beharko genuke gozatzen, batzuetan isilean, beste batzuetan areto txikietan, eta gogoratu FOMOak arrastaka eramaten bagaitu ere, kultura beti prest dagoela benetan entzuteko prest dagoenarentzat. Eta zerbait galtzeko beldur artean… ezin nuen galdu aldizkari honetan lehen aldiz lerro hauek idazteko aukera.