Mende erdi geroago, zelan jaso behar du historialariak orduan gertatukoa? Azken urteotan antolatutako historiaren poliziak ebatzi du lehenengoa terrorista dela. Polizia beti polizia, pentsatu liteke, baita historiaren polizia ere. Baina zer ote da historiaren polizia? Ba ote da horrelakorik ala?
Duela hiru urte (PREST! 238 zkia.) gomutara ekarri genuen txoko honetan Jon Andoni Aranguren deustuarraren hilketa eta arlo judizialean eta politikoan hil ostean pairatu zituen gorabeherak, Franco hil osteko omenaldietatik 2001etik aurrerako jazarpen judizial eta politikora. Arlo sozialean, berriz, sekula ez du inork txintik esan Iharraren kontra eta, mende erdia igarota ere, bere oroitzapena ez da amatatu. Oraindik kantatzen da bere omenezko kanta -Josetxo ezpaina gorri- eta irakurtzen da bere ipuina -Herrialde Berdea-.
Historiaren arloari lotuko gatzaizkio, beraz, oraingo honetan. Azken urteotan Espainiako Barne Ministerioari lotutako historialariek ebatzi nahi dute ETAren gainean zer eta zelan idatzi behar den. Haiek legetzat ezarri dute ez dela “conflicto vasco”rik izan, ETAren totalitarismoa besterik ez. Hortik kanpo aritzen den ikertzailea ez da historialari akademikoa, “propaganda-zabaltzailea” baizik.
Erresistente ehizan
Historialari karneta kenduko didate, baina begi bistakoa da Jon Andoni Arangurenek oroitua eta omendua izatea merezi duela eta guretzat, gaur egungo euskal herritarrontzat, garrantzitsua dela. Historiaren poliziak hainbeste jaitsi du nibela, ezen Pelloren egia demostratzen hasi behar dugun. Izan ere, Iharra gogoratu edo omendu behar ote den nahiko eztabaida “berria” baita. Hil zutenean, erabateko adostasuna zegoen... lubakiaren alde banatan: diktaduraren aldekoek terroristatzat jo zuten; diktaduraren aurkakoek, berriz, bere hilketa irmo eta gogor salatu eta Arangurenen ekarpena goraipatu zuten.
Adibidez, EAJk Baionatik argitaratzen zuen Alderdi buletinaren 279. zenbakia hartuko dugu, 1972ko urrikoa. Alderdi jeltzaleak ahoan legarrik gabe salatu zituen 1972ko irail hartan poliziak ETAko kideen ehizan ziharduela: “En nuestra editorial del mes de junio denunciábamos la “caza policial” de que son objeto especialmente nuestros jóvenes. Desde entonces se han producido cientos de registros domiciliarios a media noche, han detenido a unos cien de ellos y han torturado a muchos en las Comisarías de Policía sin ninguna garantía judicial; así, el Franquismo puede enseñar ahora otros tres trofeos más de su guerra obtenidos en tres semanas, un “escarmiento” por semana: I.B. Mugica y J.M. Martínez Murguía, los dos asesinados en Lequeitio el 2 de setiembre, y Juan Antonio Aranguren, asesinado en Urdax el 20 de setiembre”.
Hogei egunetan Guardia Zibilak tirorik egin ez zioten hiru etakide hil zituen. Ehizaldia zen. PSOEren El Socialistan (538. zkia., urriaren 5ean kaleratua Frantzian) ere horrela ikusten zuten eta editorialean argi eta garbi jaso zuten: “En el País Vasco se caza a los resistentes como a las alimañas”. Indar antifrankisten artean argi zegoen nortzuk ziren terroristak eta nortzuk ari ziren herriaren alde. Ez hori bakarrik. Frankismoak Arangurenen aurka zabaldutako gezurrak (ABC egunkariak, adibidez) EAJk desmuntatu zituen: “Se ha acusado a Juan Antonio Aranguren, entre otras cosas, de haber sido del grupo que disparó al guardia municipal de Galdácano; y no es cierto, porque ese día Aranguren estaba en Donostia y hay testigos”.
Jon Paredes Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko hiru kideren fusilamenduei buruzko liburu kaleratu berri batean, Espainiako Barne Ministerioaren inguruko historialari taldeko batek Iharra aipatu du zertarako eta, 50 urte geroago, frankismoaren gezurrak errepikatzeko: “Tras un enfrentamiento con la Guardia Civil (..) caía muerto el tercer miembro del grupo, Juan Antonio Aranguren Múgica, acusado del asesinato semanas antes del policía municipal de Galdácano”. Enfrentamiento, armarik ez zeukan gaztearen eta metrailetaz tirokatu zutenen artekoa. Galdakaoko hilketari dagokionez, ikertzaile zoliak ez du zertan Alderdiren argudioa ontzat jo, baina, bere kideen liburuak irakurri izan balitu, Jon Juaristiren lekukotza honen berri jakingo zuen: “Orduan hogeita bat urte zituen Arangurenek -ezagutu eta harremana izan nuen harekin, nire orduko neska-laguna (berarekin ezkondu nintzen) bere lagunartekoa zelako- ez zuen inor hil”.
Antifrankisten artean, 1972an, ez zegoen zalantzarik. Aranguren Euskal Herriaren eta askatasunaren aldeko borrokalaria zen eta tiro egin zioten guardia zibilak, berriz, hiltzaile hutsak. Mende erdi geroago, hiltzaile haien habia zen Barne Ministeriotik historia nola idatzi behar den agindu nahi dute.
Gestaporengandik ihesean hil zen Walter Benjaminek (1892-1940) idatzi zuen bezala, “hildakoak ere ez dira etsaiarengandik libre izango hura nagusitzen bada. Eta etsai horrek ez dio garaitzeari utzi”. Horregatik da hain garrantzitsua gaurko euskal herritarrontzat Iharra, Txiki, Otaegi... haien ingurumari historikoan ezagutzera ematea eta gogora ekartzea.