PREST!

Turistak ote gara?

Erabiltzailearen aurpegia Itxaso Sainz Nuñez 2025eko urriaren 16a

Iraila bete-betean gaude, atzean gelditu dira udako parrandak, elkarrizketa amaiezinak arrastiriaren babesean edota hondartza osteko kresal usaina… Ikasturteari ekin behar diogu oporretako nostalgiak jota… Hori bai, kristonak ditugu elkarri kontatzeko, ezta? Bueltan gaude eta ingurukoei atzerrian egondako pasadizoak partekatzeko irrikaz gaude, beti norgehiagoka nor egon ote den urrunago… oraindik nerabeak baigintzan…

Argi dago guztioi gustatzen zaigula oporretan sorterritik ateratzea, beste errealitate batzuen lekuko izatea, esperientzia berriak bizitzea. Hala ere, turista edota “guiri” dena delakoaren etiketa askori ez datorkigu guztiz ondo…  azken urteotan, turista kontzeptuak kiratsa dario. 

Ziur aski, Bilboko kaleetan barrena zoaztela inoiz ikusi duzuela “tourist go home” lelopean pintadarik edota banderarik balkoi batetik eskegita, ezta? Duela hiruzpalau urte nahiko bortitza izan zitekeen hori irakurtzeak; hau da, turistak zuzenean seinalatzeak. Egun, aldiz, nazkatuta gaude eta esaldi horren aldekook bikoiztu gara. 
Azken batean, nor ez da Gaztelugatxeko ilara amaigabe hori ikustean etxera bueltatu? Edota, nork ez du lagunen bat etxebizitzak garestitzearen ondorioz herriz aldatzeko beharra ikusi duena? Areago, politikariek eurek ere haien hitzak leundu behar izan dituzte turismo “jasangarri” baten alde; duela zenbait urte Euskal Herria turismo erreferente bilakatu nahi zuten arren. 

Jada, 2018an, Kau Kori Kura talde ordiziarrak “tourist ez go home” kantan tonu ironikoa baliatuz aurreikusarazi zigun hirietan ez ezik, herrietan ere geureak eta bi pairatuko genituela. Begi bistakoa da; turismoarekiko kezka erabat zabaldu da auzo elkarteetan nahiz asanbladetan. Are gehiago, han-hemenka ekintzak zein mugimenduak antolatzen gabiltza. Dena den, garaiz gaude? Atzera bueltarik ote? Era berean: zein da gure borroka? Turismorik ez? Turismo masifikaturik ez? Turismo molde batzuen alde bai? 
Ez da erraz kudeatzeko kontua, ez. Hori bai, jakin badakigu mugak jartzea ezinbestekoa zaigula, eromen honetatik duintasunez bizirik irten nahi badugu. Urteetan, askok eta askok harrotasunez adierazi dute turismoak herriari dirua ekartzen diola, baina benetan nortzuk aberasten dira diru iturri horietatik? Gutxi batzuk baino ez. Teleberriko albisteei edota egunkarietako berriei baino ez diegu erreparatu behar konturatzeko betiko dendak edota komertzioak ateak ixten dabiltzala. Turismoak lan prekarioak sortzen ditu; eta honekin batera, prekaritatea dator. 

Amaitu aurretik, goazen beste gai arantzadun batez berba egitera: pisu turistikoak. Azken boladan, geurean hirukoiztu dira. Egia da hiriburuetan zenbait neurri jarri direla; esaterako, alde zaharretako lehen pisuetako etxebizitzetara mugatzea. Halere, nahikoa da kaos honi irtenbide egokia emateko? Ez dut uste… Bartzelona edota Berlin moduko hirietan; adibidez, zenbait zonaldetan pisu hauek debekatuta daude edota udalari baimen bereziak eskatu behar zaizkio horiek jartzeko, 1.000 euroko isuna jaso ez baduzu nahi behintzat. 

Beraz, ez dut bukatuko esaten diruak ez duela zoriontasunik ekartzen, neurri batean bada ere, asko laguntzen digulako. Dena den, ez gara Ulises; eta ez gara Homeroko Odisean bizi. Eutsiko ahal diogu behingoz txin-txin diruaren hots xarmagarriari geure herriaren ahotsa entzuten hasteko?