PREST!

Gaëlle Rocher: “Ardatza margolaritza izango da, baina harreman hurbila izan nahi dut parte-hartzaileekin”

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria 2025ko urr. 22a, 09:06

None
None
None
None
None

Artearen taupadak barnean daramatza Gaëlle Rocherrek, eta orain, amets bat egia bihurtu du: KUUKA arte tailerra ireki berri du San Inazion (@kuuka_tailerra). Zaldibartik Alde Zaharrera lekualdatu zen duela bost urte, eta ordutik, artearekin lotura estuan jarraitu du. Orain, 30 urte dituela, lehen urratsak egin ditu sortzaile gisa: ateak ireki dizkie bezeroei eta lehenbiziko sentsazio horiek gurekin partekatu ditu. Pasioz eta ausardiaz beteriko ibilbide baten hasiera ezagutuko dugu bere ahotik.

Zer ikasketa egin dituzu?
Arte Ederrak ikasi nituen, eta gradua 2017an amaitu nuen. Ondoren, urte batzuk eman nituen Euskal Herritik kanpo. Orain dela hiru ikasturte, EHUn Pinturako masterra egin nuen.

Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?
Ez dut zaletasun hau familiarengandik edo ingurukoengandik jaso. Betidanik gustatu izan zait artea; txikitatik erakartzen ninduen. Ikasketak aurrera joan ahala, artearen bidea hartzea erabaki nuen. Batxilergo artistikoa egin nuen eta, urratsez urrats, artearen munduan murgiltzen joan naiz.

Betidanik izan duzu arte tailerra irekitzeko ideia?
Bai, buruan beti izan dut. Urte askoan umeei klaseak eman dizkiet, eskolaz kanpoko jardueretan eta baita eskoletako jantoki ordutan ere. Akademia batean ere irakasle aritu naiz. Askotan pasatu zait burutik nire espazio propioa zabaltzea, baina ez nuen proiektu erreal gisa ikusten, arrazoi ekonomikoengatik: denboraldi batez diru-sarrerarik gabe geratzeko arriskua dago, autonomo bihurtu behar zara… Azken bi urteetan, ordea, argi nuen proiektuarekin hasi nahi nuela.

Alokairuaren egoera kontuan hartuta, zaila izan da lokal bat aurkitzea?
Egia da alokairuaren egoera oso zaila dela, bai etxebizitzetan eta baita lokaletan ere. Hala ere, etxebizitzekin alderatuta, lokal asko daude hutsik, nahiz eta prezio altuetan. Hasiera batean, Alde Zaharrean ireki nahi nuen lokala, nire bertan bizi naizelako, baina bertan alokairuak oso garestiak dira. Azkenean, San Inazioko lokalarekin zorte handia izan dut: jabearekin hitz egin nuen, nire proiektua aurkeztu nion, eta hark sentsibilitate berezi bat erakutsi zuen. Aurretik sei lokal inguru ikusi nituen, eta benetan zaila egin zitzaidan. Egoerak, oro har, okerrera egin du. Hala ere, gaur egun ez dut kexarik lokalari dagokionez, baina etxebizitzaren egoera ezberdina da. Pisu baten bila aritu naiz jada denboraldi batez, eta prezio eta baldintza duinak lortzea ia ezinezkoa da.

Dirulaguntzarik jaso duzu tailerra irekitzeko?
Bai, gazte ekintzailetzari zuzendutako dirulaguntza jaso dut, Eusko Jaurlaritzak emandakoa. Horri esker, hasierako bultzada arintzea posible izan da. Laguntza hori jasotzeko, negozio plan bat aurkeztu behar izan nuen, autonomo gisa alta eman eta beste hainbat baldintza bete. Gainera, espresuki eskatzen dute inbertsioa laguntza jaso aurretik egitea: materiala, alokairua eta bestelako gastuak zure aurrezkiekin ordaindu behar dituzu, eta gero jasotzen duzu dirulaguntza. 

Zein izango da KUUKA-ren eskaintza?
Pintura klaseak emango ditut, hiru urtetik gorakoentzat. Adinen arabera antolatuko dira taldeak. Umeentzat hiru talde egongo dira: 3-5 urtekoentzat, 6-11 urtekoentzat eta 12 urtetik gorakoentzat. Horrez gain, helduentzako taldea ere izango da. Talde ohikoez gain, beste bi talde berezi osatuko ditut. Batetik, Ama eta Haurra, jaio berriak dituzten amentzako espazio bat izango dena, bizikidetza eta sormenari bide emateko; Bestetik, Margolagun tailerra. Berbalagunen antzera, baina pintura ardatz izango duen talde euskalduna. Euskarari presentzia berezia eman nahi diot tailerrean.

Zein izango da klaseen ordutegia?
Goizetan, helduentzako klaseak emango ditut egunero, 10:30etik 12:30era. Tarte horretan izango dira, halaber, Ama eta Haurra eta Margolagun tailerrak, egunaren arabera Arratsaldetan, klaseak 17:00–17:30 bitartean hasiko dira (egunaren arabera) eta 20:30ak arte luzatuko dira. Asteartetan, 17:00etan hasiko dira 3-5 urteko haurren klaseak, ordu batez. Astelehen eta asteazkenetan, 6-11 urteko umeak etorriko dira, 17:00–18:30 bitartean. Ondoren, 18:30etatik 20:30era, helduen klaseak izango dira egunero.

Nolakoa izango da klaseen dinamika?
Aste bakarra daramat klaseak ematen, hortaz, oraingoz ezin dut zehatz aurreratu. Talde batzuetan maila ezberdinetako jendea izango da, eta nire asmoa da bakoitzari bere erritmora laguntzea: esperientziadunei akonpainamendua egingo diet eta haien interesak indartzen saiatuko naiz; hasiberriei, aldiz, oinarrizkoenetik hasiko natzaie irakasten. Klaseak norberaren trebetasunetara egokituak izango dira. Umeekin, adibidez, adi egon beharko dut: proposamen bat botako dut talde guztiarentzat eta bakoitzak nahi duen bidetik joko du. Umeek sormen handia dute, eta ideia bakar batetik askotariko lan ezberdinak sor ditzakete.

Iraileko lehenengo astean ate irekiak antolatu dituzu. Zer moduz joan da?
Oso ondo. Lokala duela lau hilabete daukat, baina publizitatea ikasturte amaieran hasi nintzen egiten, ekainean. Ate irekietan ohiko klaseak eskaini ditut doan, jendeak tailerra ezagutzeko aukera izan zezan. Kartelak kalean jarri nituen, eta jende asko hurbildu da. Polita izan da halako harrera jasotzea, eta gehienek izena emateko asmoa dute. Nerabe gutxi hurbildu da, baina gainontzean, adin guztietako jendea etorri da, eta oso pozik nago lehen hurbilketarekin.

Zer harreman izan nahi duzu bezeroekin? Zer transmititu nahi diezu?
Harreman hurbila izan nahi dut ikasleekin, guztiak gustora egon daitezen. Bistan da, jende gehiago etorri ahala, zailagoa izango dela arreta pertsonalizatua ematea, baina benetan saiatuko naiz. Gurasoekin komunikazio irekia mantendu nahi dut: umeak behar bereziak baditu edo egoera zailean badago, jakinaren gainean egon nahi dut. Helduen kasuan, gustatuko litzaidake tailerra harremanetarako espazio modura hartzea. Ardatza margolaritza izango da, baina harreman hurbila izan nahi dut parte-hartzaileekin.

Uste duzu auzoan errotzeko bide luzea egin beharko duzula?
Lehenengo aldia denez, ez dakit ziur. Baina uste dut zorte handia izan dudala San Inaziorekin: auzo izaera handia du eta horrek asko laguntzen du. Beraz, nahiz eta bide luzea egin beharko dudan, auzoak babesa emango didala iruditzen zait. Momentuz, hori da sentipena.

Zu bakarrik ez egotearren, beste norbait kontratatuko zenuke?
Oso polita izango litzateke proiektua beste pertsona batekin partekatzea. Momentuz, hilabeteko larunbat batean tailer bereziak eskaintzea da nire asmoa, teknika bereziak edo bestelako gaiak lantzeko. Horretarako, beste artista batzuk gonbidatu nahi ditut. Etorkizunera begira, gustatuko litzaidake proiektua elkarlanean garatzea. Denborak esango du.

SAKONEAN

Zer sentiarazten dizu negozioa ireki izanak? Kezkaren bat duzu?
Momentuz oso pozik nago, eta oso eskertuta ere bai. Tailerrari hasiera emateko aurrezkiak nituen, eta badakit hori ez dela denon eskura egoten. Oso eskertuta nago izan dudan aukerarekin. Horrez gain, proiektuak harrera oso ona izan du eta lagunen babesa ere handia da. Ez daukat inolako kexarik. Kezka, aldiz, bakarra: ea gai izango naizen dena ondo kudeatzeko. Jende asko etorriko da tailerrera, eta buruari buelta asko eman beharko dizkiot. Ez dut ezer ahaztu nahi. Erronka handia izango da baina gogotsu nago.

Jendeak KUUKAri buruz hitz egitean, nola nahiko zenuke aipatu dezaten?
Gustatuko litzaidake jendeak honelako zerbait esatea: “Arte edo pintura tailer bat da, non adin guztietarako klaseak ematen diren, eta pintura da jarduera nagusia. Espazioa lasai eta erosoa da, eta oso polita ere bai.” KUUKA espazio irekia izatea nahi dut, non jendeak bere gaitasun artistikoak landu ahal izango dituen, eta, era berean, beste batzuekin topo egiteko aukera izango duen. Azken batean, kultura espazio bat izatea nahi dut: sormenari, harremanari eta euskarari lekua egingo dien tokia.