Izen-abizenak: Maialen Agiriano
Auzoa: Deustu
Bizitokia: Madril
Lanbidea: datu-ingeniaria
Zer dela eta joan zara Madrilera?
Denboraldi batez kanpoan bizitzeko gogoak nituen, eta honela ere emantzipatuko naiz. Graduan zehar ez dut Erasmus edo Sicue egiteko aukerarik izan, eta momentuz ez dut masterrik egingo. Beraz, niretzako aukerarik onena lana kanpoan bilatzea izan da.
Zenbat denbora daramazu bertan? Zer egiten duzu?
Aurtengo apirilean joan naiz Madrilera. Lanean nenbilen Bilbon, baina aldatzeko gogoak nituen eta beste lan bat bilatzen hasi nintzen. Madrilen Bilbon baino errazago aurkitu nituen aukerak, eta lan-baldintza hobeekin.
Nolakoa da bertako bizimodua? Oso desberdina da hemengoarekin alderatuta?
Bilborekin alderatuta beste neurri batekoa da guztia: handiagoa, masifikatuagoa... Aldi berean, aisialdirako aukera pilo bat ere badaude. Hori bai, oso erraza da egunero Bilbon baino askoz gehiago kontsumitzea. Madrilen etengabe estimulu asko daude eta ez dago ia inoiz aspertzeko aukerarik. Horrek alde onak zein txarrak ditu, baina ezin duzu hiriaz deskonektatu. Deskantsatzeko denbora gutxiago dago, eta hori ez zait gehiegi gustatzen.
Hiriak zer eskaintzen dizula esango zenuke?
Nik uste dut kanpoan bizi izanaren esperientzia emango didala, jende desberdina ezagutzearena eta gauza berriak egitearena. Bestetik, lan arloan garatzeko eta hazteko aukera aparta da.
Madrilen Deustun baino bizi-kalitate altuagoa dagoela esango zenuke?
Epe-luzerako ez dut uste Madrilen bizi-kalitate hobea dagoenik. Batez ere, klima udan jasanezina delako eta alokairua hain garestia delako non ez dagoen aurrezteko tarte handirik. Oraingoz ondo dagoela esango nuke, baina gutxi daramat hemen.
Alokairuei dagokienez, zer modukoa da egoera?
Momenturen batean eztanda egitea espero dut. Zaila da logela duin bat aurkitzea, eta prezioa beti izango da garestia. Gehien baloratu daitekeena legezko kontratu bat lortzea eta gelan leiho bat izatea da. Txantxa dirudi, baina gauza imajinaezinak daude. Etxe jabe oso aprobetxategiak daude eta askok sartu aurretik denetariko informazio pertsonala eskatzen dute. Gehien harritu ninduena azken bi hilabetetako banku mugimenduak eskatzen zituen etxejabe bat izan zen. Gainera, pilo bat pertsona dituztenez interesatuta, ez daukate presarik ezer ere ez komunikatzeko, eta dena azkenengo momentuan esaten dizute. Bestetik, pisu zaharrak izan arren, zerbait apurtu ezkero ez dute ezer ere ez konpontzen.
Fidantza ez dute legez dagokion lekuan gordetzen. Gainera, ohikoena bi hilabeteko fidantza eskatzea da, hau da, gutxienez 1.000 euro ingurukoa, eta inoiz ez dakizu benetan itzuliko dizuten ala ez.
Eta arlo sozialari dagokionez, lagun talderik egin duzu jada?
Bai, Madrilen kanpoko jende asko dago eta oso irekiak dira; zian ere, erraza da sozializatzea. Gainera, nire enpresan oso jende gaztea dago, eta hori abantaila bat da.
Horiez gain, nire unibertsitateko nahiko lagun daude Madrilen lan egiten.
Bertako eta Euskal Herriko jendearen artean desberdintasunik igartzen duzu? Zertan?
Kultura aldetik bai, desberdinak dira ohitura asko. Jaiak, harremantzeko era, ideologiak… beste gauza askoren artean.
Zenbatero egiten duzu etxera buelta?
Udan Bilbon egon naiz telelana egiteko aukera eman didatelako eta Madrilen egiten duen beroarekin ezin delako han egon, baina normalean esango nuke hilean birritan bueltatu naizela gutxi gorabehera. Suposatzen dut neguan gehiago geratuko naizela Madrilen.
Madrilen urte luzez bizitzeko asmorik duzu?
Ez, argi daukat denboraldi bat izango dela.