Zenbait hilabeteko obren ostean, Garabia eraikina guztiz bukatuta dago, eta Declaración de amor para siempre antzezlanak eman dio irekiera. Pabelloi 6eko industria-pabilioiak ez zituen asetzen ez ikuskizunen ez antzezleen beharrak; horregatik erabaki zuten Garabia eraikina eraberritzea eta egokitzea. Obren lehen fasea amaitu berri da, eta arte eszenikoen elkarteak bere espazio berria estreinatu du.
Bilboko Udalak bi milioi euro baino gehiago inbertitu ditu espazio berrituan, eta atzo ireki zizkion ateak lehen aldiz ikusleei. Gazte Konpainiaren Declaración de amor para siempre irakurketa dramatizatuak eman zion hasiera P6en ibilbide berriari. Ikuskizuna atzo izan zen -asteazkena-, 19:30ean. Peter Handkeren Insultos al público lanean oinarrituta dago, eta horrekiko erantzun moduan planteatzen da.
Kronika - Ikusle izatetik protagonista izatera
Ikuskizuna hasi aurretik bertan zegoen giro berezia nabarmena zen. Pabelloi 6eko zein Gazte Konpainiako kide ugari agertu ziren, baita antzezlana ikusteko irrikaz zeuden hamaika lagun ere. Aretoan sartu bezain laster, espazio berrituaren usainak hartu gintuen: egurra, pintura eta emozioa. Harmaileko ia eserleku guztiak bete genituen bertaratutako guztion artean. Adin anitzeko jendeak gogotsu itxaron genuen irakurketa dramatizatuaren hasiera, jakinminak jota.
Hasi aurretik, Ramon Bareak -Pabelloi 6eko kideak- hitz batzuk eskaini zituen, eta Gazte Konpainiako hainbat kideren laguntzaz zinta gorria moztu zuen, gune berria ofizialki estreinatuz.
Antzezlanak ordu inguruko iraupena izan zuen. Antzerkietan ohikoak diren rolak guztiz irauli ziren, eta ikusleok une oro interpelatuak izan ginen. Pertsonaia pasibo hutsak izateari utzi, eta ikuskizunaren parte aktibo bihurtu ginen. Dinamismoa, umorea eta ezustea izan ziren nagusi; antzezleen gainetik begiak kentzea ezinezkoa bihurtu zitzaigun.
Behin ikuskizuna amaituta, P6eko kideek tarte bat eskaini zioten eskerrak emateari eta etorkizunean izango diren ikuskizunak aurkezteari. Ostean, otordu bat jarri zuten bertaratutako guztion eskura, ideiak partekatzeko eta gune berriaren estreinaldiari amaiera borobila emateko.
 
        
        