PREST!

Gora Deustu Anitza. Aniztasunean Murgiltzeko Abiapuntua

Erabiltzailearen aurpegia Gora Deustu Anitza 2025eko azaroaren 3a

None
None
None
None
None
None
None
None
None
None
None
None
None

Hilabeteak lanean aurretik lan eginda ez geundenen artean. Hilabeteak Deustuko komunitatea eraikitzeko bide berri baten hasiera izango zen eguna antolatzen. Azkenean, iritsi zen Gora Deustu Anitza izenburupean urriaren 25a.

Eguraldi iragarpen euritsua aste osoan zehar mehatxatzen ibili ondoren, bazirudien, goizean behintzat, ateri mantenduko zela. Asko eskertu zuten hori goizeko lehen ordutik Done Petri plazatik 6 km pasatxoko mendi martxa egitera atera zirenek; baita Deustuko III. Kilometroko azpiegitura muntatu behar zutenek ere.

Ez askoz beranduagoa jendea jada Ugasko Bideko irteerara hurbiltzen hasi zen kirol proba deustuar bereziaren hirugarren edizioan parte hartzeko. Kirol kamiseta koral deigarria, norberaren izenarekin pertsonalizatutako dortsala eta Deustutik Berrizera eramaten duen kilometroaren aldapatzarra gainditzeko indarra. Bakarka edo taldeka, korrika edo ibiltzen, irribartsu edo arnasestuka... 100ndik gora kidek gurutzatu zuten Berriz gaineko helmuga bertan esperoan zeudenen animoak jasota. Julen eta Sara izan ziren, gizonezko zein emakumezkoen kategorian, 5:30 eta 6:15etako denborarekin, hori egiten azkarrenak. Askok ordekan behar dutena baino gutxiagoan egin zuten aldapa bertikala...

Bitartean, Deustuko Done Petri plaza bizitzaz eta jendez betetzen hasi zen. Umeentzako zenbait tailer izan ziren: bertsoak, jolasak eta barrileteak. Azken hauek arrakasta berezia izan zuten. Guatemalar jatorriko deustuarrek "barrilete" izeneko kometa antzeko batzuk egiten irakasten ibili ziren gerturatutako ume, gazte eta ez hain gazteei. Horrekin batera, material salmenta zenbait postu Nikaraguako eta Guatemalako produktuekin eta baita Gora Deustuk auzo elkarteak egitasmoari begira aterako "Gora Deustu Anitza" kamiseta ederrak.

Ohartzerako KM Bertikalean parte hartutakoek jada dutxa hartua zuten eta plazan sari banaketa egin zen, ohi bezala saritu guztiei Bihotz Alairen ohorezko aurreskuarekin amaiera emanez. Dantza hartatik jarraian hasi ziren Munduko Dantzak. Jendea pilo hurbildu zen jatorri ezberdinetako dantza tradizionalak ikusi eta kulturarteko momentu alai hori bizitzeko. Bertan metatutako alaitasun berberarekin ekin zitzaion ere Deustuko kaleetan barna egin zen kalejirari. Deustuko txistulari eta bestelako doinuez lagunduta aniztasunean eraikiko den herria aldarrikatu zen, kalejira ixten zuen pankartak argi zihoen: "Gora Deustu Anitza". Munduko dantzetan parte hartutako taldeek geldialdi ezberdinetan dantzatu ondoren elkarrekin dantza bateratua egin zuten Done Petri plazara bueltatu aurretik.

Plazan jada zain zegoen auzolanean 300 pertsonentzat sukaldatutako bazkari goxoa. Tiketa eskuan poliki poliki bakoitzak bere lekua hartu zuen berde eta gorri koloreko ahozapiz betetako mahaietan. Jan aurretik Palestinari keinu berezia egin eta arratsaldeko Gure Haurrak ere Badira manifestazioari babesa helarazteko balio izan zuten; horiek eskuetan hartuta "Palestina Askatu!" oihuekin eman baitzitzaion hasiera.

Postrearekin batera bi kide Gora Deustu Anitzaren manifestua irakurtzera igo ziren bide emankor baten abiapuntu izango den eguna posible egin zuten guztiei eskerrak eman eta elkarrekin Deustuko bizitza komunitarioa balio berdinzale, feminista, antirrazista eta euskaltzaleetan indartzeko deia egitera. Horren ondoren, bazkalostean Andres Cortés-en kontakizun interkulturalekin gozatu genuen. Errelatoak Deustun egindako txokolatezko tomate batzuetaraino eraman gintuen. Metafora horrekin Andresek bere jatorrizko kontinentetik, Hego Amerikatik, eratorritako kakaoa eta tomatearekin oso deustuarra den zerbait egitea posible dela erakutsi nahi izan zuen.

Ordurako, euria gogorki hasia zen arren, HMNDK ETXERAraren martxak giroa bizirik mantendu zuen. Hija del Nopal-ek, berriz, iluna argitu zuen, hotza berotu zuen bere elektrokunbiarekin Deustuko herri mugimenduan aurrekari garrantzitsua utziko duen eguna ezin hobeto bukatzeko.