PREST!

Ez amestu, izan

Erabiltzailearen aurpegia Leire Rodero 2025eko azaroaren 5a

"Don 't dream it, be it" [Ez amestu, izan], dio Frank N. Furter foktore xelebreak, The Rocky Horror Picture Show musikalean. Oraindik ere nola maitatu, nola jantzi edo nola existitu agindu nahi dutenen munduan, esaldi hura askatasunez bizitzeko esperantza da. Ezarritako arauekin haustea edo baimenik eskatu gabe gure nortasuna ospatzea, agerikoak izatea, desberdinak eta ausartak izatea ekintza politikoa da. Feminismoa da. Askatasun sexuala da. Aniztasuna da eta berdintasuna da. Horregatik, ez da kasualitatea The Rocky Horror Picture Show Halloween klasiko bihurtu izana, mozorro eta xelebrekeriaren tradizio.

1975ean estreinatu zen filma, eta Brad eta Janeten atzetik doa filmaren ildoa. Konpromisoa hartu berri duten bikote inozo honek doktore xelebrearen etxera iritsi dira. Han guztia neurrigabea eta gehiegizkoa da: mozorro bitxiak, musika ahaztezina eta zientzia fikzioa bazter guztietan. Izua eta komedia nahasten dituzten egoerak plazaratzen ditu musikalak. Garai batean antzerki bat besterik ez zena, kultu fenomeno bihurtu da, LGTBIQ+ komunitate eta ezberdina den oro ospatzeko eremu segurutzat hartzen da.

Sweet Transvestite, Damn it Janet, eta Time Warp bezalako abestiak askatasunaren ereserkiak dira gaur egun ere. Hauek gogoratzen dutelako bizitza laburregia dela besteen espektatibak eta nahiak betetzeko. Eta errebeldia zein plazerra beharrezkoak direla gizartearen inposaketei aurre egiteko.

Hilabete honetan Arriaga antzokira joaterik izan ez dutenentzat, filma Disney+en dago eskuragarri, Time Warp etxeko sofatik entzuteko prest. Zuzeneko esperientzia ezerk ordezkatzen ez duen arren, hura ikusteak oraindik ere akto politikoa da. Transgresioa ez dagoelako mozorrotzean, norbera denari beldurra kentzean baizik. Eta agian, purpurina, barreak eta dantzen artean, ohartuko gara munstroa, askotan, daukagun gauzarik gizatiarrena dela.