PREST!

“Hemen lanerako eta garapenerako aukera gehiago dago"

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria 2025eko azaroaren 10a

Izen-abizenak: Ayoub Elbohdidi
Jaioterria: Tetuán (Marruecos)
Bizitokia: Uribarri
Lanbidea: iturgintza eta berokuntza irakaslea 

1. Ayoub, kontaiguzu pixka bat zuri buruz: nongoa zara eta nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Ayoub dut izena, 22 urte ditut, marokoarra naiz eta 6 urte daramatzat Euskadin. Haurtzaroa Tetuanen bizi izan nuen, nire jaioterrian, eta DBH mailara arte ikasi nuen: beti izan naiz mutil ikasia, irakasle izan nahi nuelako eta eskolak ematen lan egin nahi nuelako.

2. Noiz eta zergatik erabaki zenuen Euskadira etortzea?

Oraindik Marokon nengoenean erabaki nuen: konturatu nintzen ez nuela lanerako aukerarik izango. Ikasi arren, ikusten nuen 30 urte izanda ere ez nuela lanik lortuko; izan ere, kale gorrian amaitzeko aukera asko nituen, nahiz eta ikasi, eta herrialde batek aukerarik ematen ez dizkizunean, beste batera joateko seinale argia da. Horregatik etorri nintzen Euskadira, etorkizun bat eta lan-aukera gehiago izateko.

3. Iristean, adingabeen zentro batean bizi izan zinen. Nola iritsi zinen herrialdera eta nola gogoratzen duzu etapa hori?

14-15 urterekin egin nuen alde etxetik. Iparraldekoa naizenez, Ceutara joan nintzen, mugara. Castillejosetik 5-6 kilometro egin nituen igerian, eta 3 ordu inguru eman nituen igerian. Adingabeen zentro batean hartatu ninduten, baina 18ak bete arte egon behar nuen paperak lortzeko eta ez nuen hainbeste itxaron nahi. Hala, adingabeen zentrotik atera eta portura joan nintzen. Ia urtebete eman nuen han lo egiten, eta kamioien azpian sartzen saiatzen nintzen, ferryra igotzean Algeciraseraino muga zeharkatzeko.

Behin estatuan, adingabeendako hainbat zentrotan egon nintzen. Algecirasekoan soilik hiru egunez egon nintzen, ez zitzaidalako gustatu. Hortik Madrilera joan nintzen nire lagun bat bertan zegoelako. Hala ere, Bilbora etorri nahi nuenez, 15 egunez bakarrik egon nintzen. Marokon egonda ere, Bilbo ezagutzen nuen, Athletic oso gustuko dudalako eta gure herrialdeko taldearen antzekoa delako.

Hala, Bilbora joateko txartel bat hartu, eta iristean Ertzaintzara joan nintzen zuzenean. Zornotzako adingabeen zentrora eraman ninduten eta ia 18 urte bete arte egon nintzen. Ondoren, Uribarriko etxebizitza batera joan nintzen bizitzera, eta beka ekonomiko bat eman zidaten, iturgintza eta berokuntza ikastaroa ikasten jarraitu ahal izateko.

4. Deustun ere bizi izan zara, ezta?

Bai, Deustun nire neskalagunarekin bizi izan naiz, Ramon y Cajaletik gertu. 7-8 hilabete eman ditut berarekin bizitzen, eta auzoa nahikotxo ezagutu dut. Jende askok hartu nau, eta asko animatu naute auzora joatera eta haiekin egotera. 

Mutil lagunkoia naiz eta ez dut lotsarik jendearekin hitz egiteko. Gainera, ez dut uste inork  nirekin hitz egiteari uko egingo lukeenik. Hala balitz, bere arazoa litzateke. Hala eta guztiz ere, kanpotik auzora etorri dena ni naizenez, beti ahalegintzen naiz jendearekin harremantzen.

5. Auzoko giroa eta harrera gustukoak dituzu?

Pila bat. Auzora irten nintzen lehen aldian igarri nuen bizitza handiko auzoa dela. Deustu oso animatua da: jai anitzak ospatzen dira, kultura ezberdinetako jendearentzako jarduerak daude... Egia da nire kuadrilla Uribarritik ibiltzen dela, baina hemen ere lagun asko ditut eta beti nago Deustu eta Uribarri artean. Auzo honetan beti jendearekin egoten naiz eta oso gustura egoten naiz.

6. Uribarri eta Deusturen artean alde handia nabaritzen duzu?

Egia esan, ez. Nik uste dut Bilbon integrazio handiena duten auzoetako bi direla: jendeak harrera ona egiten dizu, supermerkatura bazoaz ondo tratatzen zaituzte, auzoko medikuarengana bazoaz ondo artatzen zaituzte, jardueraren bat egitera ateratzean jendeak zure kulturaren berri izan nahi du… Eta nik ere haien kulturaren inguruan jakin nahi dut, noski. Nire esperientziatik, zu interesatuta zaudela ikusten badute, haiek ere zureaz galdetzen dute. Esango nuke beste eremu batzuetan ez dagoela integraziorako eta beste kulturetarako interes hori.

7. Izan al duzu harremanik euskararekin?

Bai, orain Artxandapen euskara ikasten ari naiz, Uribarrin. Esan bezala, iturgintzako eta berokuntzako erdi mailako ikasketak egin nituen, eta gaur egun irakasle ari naiz, baina ikasten jarraitzen dut. Orain arte ezin izan diot euskarari heldu, baina orain, denbora librea dudanez, arratsaldeetan klaseetara joaten naiz. Hitz asko dakizkit, baina pixkanaka noa, hizkuntza zaila baita. Hala ere, asko gustatzen zait eta horrela tokiko kultura ezagutzen dut.

8. Zein dira zure kulturaren eta euskal kulturaren arteko desberdintasun eta antzekotasun nagusiak?

Alderik handiena da han erlijioak dena markatzen duela; hemen kultura askatasun handiagoz bizi da. Adibidez, Olentzeroren figura duzue, eta guk ez dugu halakorik: kultura erlijioa da.

9. Zer da zure herrialdetik faltan gehien sentitzen duzuna?

Nagusiena nire gurasoak dira; bigarrena, oro har, nire haurtzaroa. Bizi izan ditudan egoerengatik laster heldu behar izan dut. Berez eskertuta nago, horrek eraman nauelako Euskadin bizitzera eta orain dudan bizitza izatera, baina oso gazte nintzela hartu behar izan ditut ardurak: beste herrialde batera iritsi behar izatea, hutsetik hastea, gurasoei laguntzea... Ezin izan dut nire haurtzaroa bizi, baina beno… esperientzia ere bada, eta guztia onerako izan da.

10. Tangerrera bueltatu ohi zara?

Oporrak ditudan bakoitzean, gurasoak bisitatzera joaten naiz: hiru-lau aldiz egon naiz, baina ez dut  bertan berriro bizi nahi. Ez zait Marokoko politika gustatzen, aipatu bezala, erlijioak norbanakoen askatasuna asko mugatzen duelako: ezin dago nahi duzuna egiteko aukera. Nik askatasun handiagoa nahi dut, bai niretzat, bai eta nire gurasoentzat ere. Horregatik, haiek hona ekarri nahiko nituzke bizitzera. Hemen lanerako eta garapenerako aukera gehiago dago. Gainera, bilbotarrek asko lagundu naute eta oso eskertuta nago. Sekulako aukera jaso dut, eta nire egoera horren isla da: Euskadin bizi naiz seigarren urtez eta irakasle lanetan nabil.