Bilboko Auzo Elkarteek salatu dute Profersan eta Saderren inguruko egoerak puntu berean jarraitzen duela, auzokideen eskaera eta mobilizazio ugariren ondoren ere: “erantzunik gabe, babesik gabe eta borondate instituzionalik gabe”.
Azken urtean, bi istripu kimiko gertatu dira inguru horretan, eta auzotarrek bost mobilizazio egin dituzte konponbide eske. Hala ere, elkarteek jakinarazi dutenez, erantzuna baimen berriak ematea izan da, eta ez arazoa konpontzea. Sader eta Profersan Bilboko hirigunean jarraitzen dute lanean, milaka auzokideren etxeetatik metro gutxira.
Auzotarrek jakinarazi dutenez, 2024ko urrian hedabideetako informazioaren bidez jakin zen Eusko Jaurlaritzak % 38 handitu nahi zituela Saderri tratatzeko uzten zaizkion hondakin industrialak, arriskutsuak zein arrisku gabekoak. Hasieran, herritar askok pentsatu zuten proiektu hori etorkizuneko instalazio berri baterako izango zela, populaziotik urrun kokatuko zena. Ez zen, ordea, dokumentu ofizialik aurkitu.
Informazio hori egiaztatu egin da 2025eko martxoaren 17an: Auzo Elkarteek jakinarazi dutenez, baimena sinatu dute, “funtsezkoa ez den aldaketa” baten bidez eta prozedura bizkortuan, jendaurreko azalpenik egin gabe eta Buletin ofizialetan argitaratu gabe. Hori dela eta, elkarteek uste dute erabakia isilpean eta herritarrak kontuan hartu gabe hartu dela.
Baimen berriarekin, hasieran 86.000 tona hondakin arriskutsu tratatzen zituzten instalazioetan; orain, 118.000 tona baino gehiago izango dira. “Hondakin gehiago, arrisku gehiago eta hiritarrak arnasestuka” adierazi dute auzokideek, eta gogorarazi dute ez dela kutsaduraren ondorioei buruzko ikerketarik egin.
Orain arte, Osasun Sailak ez du txosten publikorik argitaratu instalazio horiek osasunean eraginik duten ala ez ziurtatzeko, eta bereziki inguruan bizi diren auzotarrengan izan dezaketen kalteaz. Auzo elkarteek diote ardurarik eta gardentasunik eza nagusitu dela.
Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari eskatu diete ez ematea baimen gehiagorik Sader eta Profersanentzat eta behin betiko konponbidea ematea instalazioen lekualdaketari, hiriaren erdigunetik kanpo: “Horra iritsi arte, ez dadila hondakin gehiago tratatu gure etxeen ondoan”.