Espainiako Barne Ministerioak gure iraganaren pertzepzioa gobernatu nahi du. Aurreko atalean bere historialariak frankismoak haizatu zituen gezurrak errepikatzen ikusi ditugu Jon Andoni Aranguren Iharra deustuarraren lepotik.
Gezurrak hanka motzak ditu, baina, askotan, bozgorailu indartsuak. 130.000tik gora bisita eduki duen Coviteren txio bat, adibidez. Deustun 2023an Iharrari egin zitzaion omenaldia zekarren hizpide, “homenaje a un asesino” izan zela nabarmentzeko. Hori berba handia denez, aurreko atalean aipatu genuen Galdakaoko Eloy García udaltzainaren hiltzailea izan zela erantsi zuten. Historiografiak ez du inoiz halakorik frogatu eta, harrigarria bada ere, ezta frankismoaren auzitegiek ere. Baina, hala ere, historialari batzuek oraindik ere diktaduraren hedabideek zabaldutako gezurra errepikatzen dute. Eta haien ingurukoek lau haizetara hedatu. Gainera, horrelako baieztapenekin testuingurua zeharo ebasten zaio irakurleari. Eta horixe, testuingurua alegia, da zer gertatu zen ulertzeko gakoa.
Izan ere, ez da erraza Iharrari hiltzaile deitzea. 1972ko irailaren 20a arte, Urdazubin metrailatu zuten arte hain zuzen, ETAk lau pertsona hil zituen eta horietatik bakarra (Melitón Manzanas torturatzaile ezaguna) atentatuan. Gainerako hirurak (Pardines guardia zibila, Fermin Monasterio taxista eta Eloy García Galdakaoko udaltzaina) ezustekoen ondorioz hil zituen. Diktaduraren poliziak, berriz, jende andana hila zuen 1968 eta 1972 urte bitartean: Iharra Espainiako guardia zibilek tiroz hil zuten bosgarren etakidea izan zen (aurretik, Txabi Etxebarrieta 1968an eta Jon Goikoetxea Txapela, Xenki eta Mikelon 1972 odoltsu hartan); torturen ondorioz Jose Mari Quesada (1968) eta Antonio Goñi (1970) hil ziren; tiroz manifestazioetan Josu Murueta eta Anton Fernandez (Erandio, 1969) eta Roberto Perez Jauregi (Eibar, 1970) hil zituzten. Tiroz eraitsi zituzten, halaber, ETAkoak zirelakoan baina ETAkoak izan barik, Mikel Iturbe (Zugarramurdi, 1967), Segundo Urteaga (Urabain, 1969) eta Manuel Andueza (Bera, 1970). Zaurituak, atxilotuak eta torturatuak eransten badiegu, jakingo dugu zer giro zegoen Euskal Herrian Iharra metrailatu zutenean.
Iharra ETAkoa zen. 1972ko irail hartan Iharrak eta bere kide batzuek Ipar Euskal Herrira igaro behar zuten ETAren batzar batean parte hartzera. Urdazubi aldean muga isilpean igarotzeko ahaleginean, bat-batean txapelokerrak agertu eta etakideek ihes egin zuten. Iharraren kideak, Jon Ander Larreategik eta Joseba Abaituak alegia, muga zeharkatu zuten. Iharrak, ostera, beste norabide batera jo zuen. Ez zuten gehiagotan ikusi. Guardien tiro hotsak entzun, besterik ez.
Poliziak gorpua bahitu
Iharra ikusi zuen hurrengo gertukoa bere aita izan zen. EAJren Alderdik argitaratu zuenez, Juanito Arangurenek Urdazubiko ortusantuko txabola txiki batean topatu zuen semea, hilotz, lurrean etzanda, manta batez eztarriraino estalita. Masailean tiro zulo bat zeukan, baina txapelokerrek ez zioten gorputza osorik ikusten utzi eta, hortaz, ezin jakin tiro gehiago ote zeukan. Gogora dezagun diktadurak “enfrentamiento” batean hil zela zabaldu zuela, eta historiaren poliziak halaxe errepikatzen duela gaur egun, nahiz eta ondo dakigun Jon Andoni Arangurenek ez zeramala armarik aldean.
Hurrengo orduak tentsio handikoak izan ziren. Guardia Zibilak gorpua bahitu eta isilpean eraman zuen Arrigorriagaraino, non, poliziaren zaintza estuaz, familiak ehortzi zuen. Biharamunean, irailaren 23an, Deustuko pasiotarren elizan egin zioten hileta-elizkizuna. Garai hartako iturri batzuen arabera, pasiotarren buruak zemaiak jaso zituen hileta egin ez zezan. Baina, amore eman barik, abade multzo batek egin zuen elizkizuna. San Felicisimo, polizia nabarmen ibili bazen ere, leporaino bete zen.
Jon Juaristiren iritziz, Iharraren hilketak ondorio politikoak ekarri zituen: “Zentzu batean, haren heriotzak Etxebarrietarenaren antzeko eragina izan zuen, katalizatzaile gisa, abertzaletasunaren sektore zabal batek ETAren terrorismoa berriro onar zezan (VI. Batzarreko marxismo-leninismoarekin konprometitutako etakide ohi batzuek ETA-Vri eman zioten atxikimendua Aranguren hil ondoren: besteak beste, Mario Onaindiak, Teo Uriartek eta Jose Luis Zalbidek)”.
Bestalde, ETAk mezua jaso zuen. “Diktadurak ez du “Burgosko auzi” gehiago nahi eta ETAko arduradunak bizirik harrapatu eta auzipetu baino, nahiago du banan bana garbitzea. Mikelon, Iharra eta Txikia zaurituta zeudela akabatu zituzten, ziur gaude”, esan zuen erakundearen bozeramaile batek hilabete batzuk geroago.
Honainokoa da, laburbilduta, Iharraren heriotzaren gainean argitaratuta dagoena. Gehiago jakingo dugu, agian, Egiaren Batzordea osatzen den egunean... inoiz osatuko balitz. Bitartean, Iharra, Txiki, Otaegi, Txikia eta gainerakoen oroitzapena debekatu, kriminalizatu eta lohitu nahi dutenean, egokia da 1972ko urrian, Mikelon, Xenki eta Iharra hil eta gero, plazaratu ziren lerro sentitu hauek hizpidera ekartzea: “Ogei egun barru, iru gazte akatu dizkigute. Bi gertakizun oietan ageri-agerian dago abertzale gazte oiek eskarmentu utsez, gogorkeriz, illak izan direla. Au da Frankismoak 36 urte luze oietan, su eta gar, erakutsi duen legea; euren naiera makurtzen ez den guzia ixildu arazi, katez lotu, eta besterik ezin duenean tiroz il. Askatasun bide guziak gogorrak izaten dira, eta gurea ere alaxe da”. Martin Ugaldek idatzi zituen, EAJren Alderdi buletinean.
Historiazaleon lana egia argitara ateratzea da, zernahi dela ere. Batez ere botere ezbidezko eta ankerrek ezkutatu gura dutena. 2025ean Iharra eta bere kideak terroristatzat edo hiltzailetzat jotzen dituenak ez du ekarpenik txikiena ere egiten 1972an gertatutakoa ezagutzera emateko eta ulertzeko, baina asko esaten du bere buruaz.