PREST!

Osasungintzako murrizketak salatzeko kontzentrazioa Deustuko anbulatorioan

Erabiltzailearen aurpegia Prest! aldizkaria 2025eko azaroaren 27a

Gaur izango da, arratsaldeko 19:00etan, anbulatorioaren parean

Gaur, 19:00etan, kontzentrazioa egingo da Deustuko Anbulatorioaren aurrean, osasungintza publikoaren defentsan. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta Gora Deustu! eragileen ekimenez antolatu da deialdia, eta helburua da azken hilabeteetan osasun zerbitzuetan gertatzen ari diren murrizketek eta antolaketa aldaketek sortutako kezka partekatua plazaratzea.

Antolatzaileen arabera, mobilizazioaren bidez eskatu nahi da arreta presentziala lehenbailehen berreskuratzea eta osasun zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoa bermatzea. Halaber, itxaron-zerrenden murrizketa eta etxez etxeko arretaren mantentzea aldarrikatuko dira, eta pribatizazio prozesuen aurkako jarrera argia adieraziko da. Deialdian, baita ere, PAC zerbitzua berriz irekitzeko eta prebentzio-programetan egindako murrizketak gelditzeko eskaera egingo da.

Ekimenaren antolatzaileek dei egin diete herritarrei mobilizazioan parte hartzera eta auzoaren ahotsa entzunaraztera, “bizitza duinen alde” lelopean.